Hemingway euskal herritarra

Idazleak Euskal Herriarekin izan zuen harremana du ardatz Gernikako 'Hemingway & Euskal Herria' erakusketak. Martha Gellhorn kazetariaren ipuin bat ere euskaratu dute

Edorta Jimenez komisarioa, Lorea Bilbao foru diputatua eta Felicitas Lorenzo museoko zuzendaria, Uzelairen koadroaren aldamenean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Gernika-Lumo
2021eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
«Ernest Hemingway frankismoaren beste biktimetako bat izan da». Edorta Jimenez idazlearen ustez, kazetari eta idazle estatubatuarraren inguruko irudi jakin bat ematen tematu zen Francoren erregimena: hain justu, edalontzia eskuan zuela edo zezenketetan irudikatzen zuten argazkiak famatu zituen frankismoak, idazlearen liburuak debekatu eta zentsuratzen zituen bitartean. Alabaina, Hemingwayren «hainbat irudi» daude festazalearenaz aparte, azpimarratu duenez, eta bazterrean geratutako bat azaleratzen du Jimenezek komisariatu duen Hemingway & Euskal Herria erakusketak. Gernika-Lumoko (Bizkaia) Euskal Herria museoan bisitatu ahal izango da 2022ko urtarrilaren 30era bitarte, eta, funtsean, idazleak Euskal Herriarekin izandako 40 urteko harremana islatzen du bildumak.

Museoko bigarren solairuan bildu dituzte erakusketa osatzen duten ikus-entzunezkoak, liburu sortak eta bestelako piezak. Aretoan sartu aurretik, eskailburuan Hemingwayren bizitzaren denbora lerroa ageri da, eta, behin aretoan, zertzelada horiek xehatu egiten dira hormak goitik behera betetzen dituzten testu eta irudiekin. Informazio horrez gain, idazlearen pare bat idazmakina ikusteko aukera ere ematen du erakusketak, baita olio pintura handi bat ere, Bilboko Arte Ederren Museoak maileguan utzitakoa: Jose Maria Uzelairen Conversation piece, just leisure artelana da, hain zuzen, non idazlea Juan Duñabeita lagun minarekin batera agertzen den.

Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatuak jakinarazi du Hemingway eta Euskal Herriaren arteko harremanari buruz egindako «lehen erakusketa» dela, eta, haren ustez, idazleak Euskal Herriarekiko izan zuen «adiskidetza eta maitasuna» islatzen ditu. Euskal Herria museoaren 30. urteurrena ospatzeko «aproposa» iruditu zaio bilduma, eta beste horrenbeste begitandu zaio Jimenezi ere, ez baitago Gernika-Lumo baino «leku hoberik» idazleari «begiratzeko», bere iritziz: «Gernikako bonbardaketaren inguruan amaginarrebari idatzitako gutunetan antzeman daiteke harentzat izan zuen zentzu sakona».

Lankidetzaren emaitza

Idazlearen atzera begirakoan parte hartu duten banako eta instituzio andanez hitz egiteko, Hemingwayren For Whom the Bells Tolls (Norengatik jotzen dute kanpaiek) eleberriko epigrafeaz baliatu da Jimenez. Idazle estatubatuarrak John Donne poeta metafisiko ingelesaren hitz batzuk paratu zituen istorioaren atarian: «Ezein gizaki ez da irla bat». Era berean, komisarioak adierazi du berak ere ez duela modu isolatuan lan egin, eta Javier Muñoz aipatu du, besteak beste, erakusketaren bultzatzaile nabarmenetariko gisa.

Muñozekin batera sortu zuen Jimenezek Hemingway bidaide proiektua, 2016an, Iruñean, eta hiru urtez aritu ziren «desagerrarazitako» idazlea agertzeko saiakeran. Oraingo honetan ere haren laguntza izan du egitasmoa aurrera eramateko. Gainera, 2015ean Kuban antolatutako Euskal Ikasketen Kongresuan, Jimenezek Euskal Herriko museoko zuzendari Felicitas Lorenzorekin egin zuen topo, eta Hemingwayk Habanan izandako etxeari eginiko bisitan deliberatu zuten idazleak Euskal Herriarekin izandako erlazioaren inguruko erakusketa bat antolatzea.

Halaber, egitasmoak zenbait instituzioren laguntza ere izan du. Hauek aritu dira proiektuan, Lorenzok aletu duenez: Gernikako Bonbardaketako Dokumentazio Zentroa, Euskaltzaindiaren Azkue Biblioteka eta Artxiboa, Bilboko Arte Ederren Museoa, Itsasmuseum eta Hemingway Society. «Eta Euskal Herria museoan lan egiten duen taldea», gogorarazi du zuzendariak.

Martha Gellhorn, euskarara

Jimenezek azaldu duenez, Hemingway ez ezik, haren inguruko emakumeak ere «ezabatu» zituen frankismoak, eta idazleari «andrezale» sona ezartzeaz arduratu zen orobat erregimena. «Aldiz, behin baino ez zen etorri bakarrik Hemingway Euskal Herrira: 1960an. Gainontzekoetan, garaian garaiko emaztearekin etorri zen». Hori hala izanda, erakusketak helburu du, idazlearen figura ez ezik, haren emazteena ere berreskuratzea, batez ere Martha Gellhornena, komisarioak zehaztu duenez.

Gogoan hartzeko kazetaria izan zen Gellhorn, Lorenzoren adierazpenari erreparatuta, bederen: «XX. mendeko berriemailerik onena izan zen». Gerra berriemailea izan zen, eta munduko hamaika gatazkatan jazotakoak helarazi zituen bere kroniken bitartez. Besteak beste, 1936ko gerraz idatzi zuen, eta Normandiako lehorreratzean egon zen, gizonezko soldaduz mozorrotu baitzen hara joan ahal izateko. AEBetako Depresio Handiaren ondorioak ere agertu zituen bere testuetan, eta, hala, Eleanor Roosevelt ezagutu, eta harreman estua izan zuen harekin. Lorenzok dioenez, Gellhornek Euskal Herriaz idatzi zion bidali zizkion gutunetako batzuetan.

Hemingwayrekin izan zuen harremanaren bitartez ezagutu zituen Euskal Herria eta euskal herritarrak, eta horiengan oinarrituta ondu zuen kazetariak Pazko bezperako gaua ipuina. Lana euskaraz irakur daiteke orain, erakusketarekin batera aurkeztu baitute. «Habanako pilotarien giroa kontatzen du. Hemingwayren kuadrilla islatzen du kontakizunak», Lorenzoren hitzetan.

Erakusketaz gain, gaiaren inguruko hainbat egitasmo aurreikusi dituzte: hitzaldiak eta ipuin kontaketak, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.