Film anitz, pantailak murritz

Egun irekiko dituzte berriz ere zinema aretoak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Zazpi hilabetez atera gabeko filmak metatu dira, eta programatzaileak kezkatuak dira.

Zazpi hilabetez egona da zerraturik Baionako Atalante zinema independentea. Hala ere, lotura hertsia izan du bere publikoarekin. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
2021eko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Egun zabalduko dituzte berriz ere zinemak Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin, COVID-19ak zazpi hilabetez hetsarazi ondoren. Tarte horretan guztian, alta, filmen ekoizpenak segitu du, eta atera ez diren filmen metaketak arranguratzen ditu zinema programatzaileak. Izan ere, batzuk ez baitira sekula iritsiko geletara.

Hiru probintzietako hamabi zinemek egun berean zabalduko dituzte, beraz, bortak: Lapurdin, Donibane Lohizune, Angelu, Hendaia, Hazparne, Urruña, Kanbo, Miarritze eta Baionakoek; Nafarroa Beherean, Donapaleukoak eta Donibane Garazikoak; eta, Zuberoan, Maulekoak.

Irekitzearen irudikatzeko metafora bat asmatu beharko balitz, izan zitekeen jendalde handia ate hertsi batetik denak batera ilki nahian elkarri pusaka, edo ardi tropa bat barrukitik atera nahian, edo onil batetik sobera olio isuri nahian gainezka egiten... Metatu baita beharra: filmen ikustekoa, baina, batez ere, ekoitzitako filmen pantailaratzekoa; ez baita zinemarik aski denen erakusteko.

Urte erdia baino gehiago hetsirik egon direnez, zinemako ekoizpen katea arrunt katramilatu da; labetik ateratzeko beha diren filmak erabat metatu dira: 450 bat badira. Maule, Donapaleu, Donibane Garazi, Hazparne, Kanbo, Donibane Lohizune eta Hendaiako zinemen programatzaile Jerome Alkhat kezkatua da: «Usaian, hamar-hamabost film berri ateratzen dira asteazkenero. Aste honetatik goiti, ordea, 30-40 jalgiko dira! Film banatzaileen artean gerla izanen da. Horrek gaitu beldurtzen: handiek ttipiak jateak. Alta, ttipiek aniztasuna ekartzen dute; ez baditugu hartzen, desager litezke, eta hori ez da on. Haien filmek existitu behar baitute».

Sylvie Larroque Baionako Atalante zinema independenteko zuzendari eta programatzaileak dio film galkadurei aterabideak bilatzen aritu zirela banatzaileekin: «Proposatu zen hetsi zen uneko karteldegia mantendu eta segitzea. Baina konplikatuegia da, konkurrentzia baita, eta, banatzaile nagusiek ez dutenez onartu biltzea, ez da adostasunik egon. Beraz, bakoitza ahal bezala ibilki da. Pentsa, egun berean 38 film atera dira. Guk erabaki dugu banatzaileekin genuen konpromisoari eustea: Adieu les cons, ADN, Druk... bezalako arrakastatsuak berriz zabaltzea, baina baita hain ezagunak ez direnekin segitzea ere: Michel-Ange, eta Jon Garaño, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregiren Une vie secrete [Lubaki amaigabea]». Erantsi du bertze euskal filmak manera «konfidentzialago» batez aterako direla, Gastibeltza eta Gabarra banatzaileekin elkarlanean ari baitira. Hala, ekainean areto gehienetan zabalduko dute, adibidez, Caminho longe Josu Martinezen dokumentala. Atalantek antolatzen duen Rencontres sur les docs dokumentalen festibalean euskal zinemaren egun «berezia» pentsatua dute, eta Akelarre ere agorrilaren hondarrean izanen da han. Azaldu du ere oraingoz banatzaileak «ongi portatzen» ari direla, ez baitizkie garai arruntetako baldintzak galdatzen: filma eguneko saio guzietan ematea, adibidez.

Alkhatek aitortu du duda asko izan dituztela, eta 30 jours max filmaren adibidea eman: zinemak hetsi baino doi bat lehenago atera zen, eta arrakasta bildu zuen. Alta, gazte publikoak kontsumitzen jarraitu du, plataformetara zabaldu baitute. Kasu horretan, beraz, ez dute zinemarat berriz ekarriko. Kontrara, Poly filmari gauza bertsua gertatu bazaio ere, erabaki dute berriz zabaltzea.

Irekitzeko irrikatzen

Dena den, usaiako oreka bilatzen entseatuko dira hemendik goiti ere: «Astero saiatzen gara oreka mantentzen publiko guziak asetzeko gisan: haurrendako animazio film bat hautatuz, publiko zabalarentzako Intouchables bezalako pare bat, eta independente bat edo bi, zeinak orokorrean adin bateko zinema zaleek begiratzen baitituzte. Herriko zinemak baitira gureak, ez dugu sala ugari horietarik; beraz, gustu guziei erantzun behar diegu».

Hala, ireki bai, baina ez da betiko gisan izanen, handia baita oraino pandemiaren itzala: salen tokien herena bakarrik ahalko dute erabiltzen, eta, etxeratze agindua 21:00etan mugatua denez, saioak ere araberan egokitu dituzte.

Atalante zinema, konparazione, 10:00etatik hasiko da filmak zabaltzen, eta gomendatzen dute sarrerak Internet bidez aitzinetik erostea, galdea handia baita. Larroque izugarri pozik da, arrangurak gorde ez baditu ere: «Ezinegon handiak hartuak gara, aski berandu ukan baitugu zabaltzearen berri. Ongi da, fite hasi baikara lanean; oso kontent gara, eta publikoa ongi ari da erantzuten. Saioak 20:30ean beharko ditugu bukatu, eta gelen herena bakarrik ahalko dugu baliatu. Beraz, hobe lehenagotik lekuak erostea, etorri eta lekurik gabe ez gelditzeko».

Alkhat ere «biziki motibatua» da zinemen irekierarekin. Alta, ez da segur zinema kontsumitzaileak pandemia aitzin bezainbat jinen ote diren, etxean berean hasi baitira filmak kontsumitzen. Are, arranguratzen du fenomeno berriak; zinematik iragan gabe zuzenean plataformetara igortzen dituzte filmak: «Askok diote gogotsu direla zinemarat itzultzeko, baina franko Netflix, Amazon edo Disney Plus bezalako plataformetara harpidetu dira; beraz, film kontsumoa haietan egiten dute. Egoera normalean ez da beti aisa jendearen ekarraraztea; beraz, ez dakigu berdin jinen diren...».

Larroquek ez du hain eszena iluna ikusten. Ohartua da banatzaile independente batzuk erabaki dutela filmak plataformetan zuzenean ezartzea, baina «aski guti» gertatu dela dio: «Errealizatzaile batentzat garrantzia sinbolikoa baitu zineman ateratzeak». Zaila egin zaio hautua; proposamenetatik zein duen gogokoen, Adieu les cons, filmak Cesar asko bildu baititu, eta Druk, atzerriko film onena izendatu baitute Frantzian. Azkenean, Mandibules komediak bildu du Larroquen oniritzi gehien: «Komedia absurdoa da, eta uste dut eskertuko dugula elkarrekin gelan irri egitea. Gainera, plazer egiten dit irekieran komedia bat aurkezteak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.