Albistea entzun

Ana Laura Alaezen 30 urteko lana bildu dute Bilboko Azkuna zentroan

Artistaren ibilbideko 47 pieza erakutsiko dituzte ‘Kontzertu guztiak, gau guztiak, dena hutsik’ erakusketan, haietako batzuk berrinterpretazioak. Irailaren 26ra arte bisitatu ahalko da
<em>Kontzertu guztiak, gau guztiak, dena hutsik</em> instalazioa, erakusketari izena ematen dion artelana.
Kontzertu guztiak, gau guztiak, dena hutsik instalazioa, erakusketari izena ematen dion artelana. MONICA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2021eko maiatzak 21 - Bilbo

Ez da erakusketako piezarik deigarriena; arreta bereganatzeko ahalmen handiagoa du esekitako praka eta gonen segizioak, zutik dagoen obalo zulatu mardulak eta aretoko ataritik lehen kolpean ikusten den aluminiozko piezak. Baina, bere txikian, Ana Laura Alaez artista bilbotarraren lan ildoak eta moduak biltzen ditu Piel de naranja lanak: crochet-ez egindako laranja azalak dira, kiribilduta, fruituaren osotasuna iradoki baina barneko hutsunea ere agerian uzten dutenak. «Nire lan egiteko modua islatzen du: umiletik, txikitik, inperfektutik, azaletik. Paul Valeryk zioen bezala: 'azala da sakona'». Irizpide horiek zeharkatzen dute, halaber, Kontzertu guztiak, gau guztiak, dena hutsik erakusketa. Artistaren 30 urteko lanak bildu dituzte Bilboko Azkuna zentroko erakusketa aretoan, eta irailaren 26ra bitarte ikusi ahal izango dira.

Azkuna zentroak Madrilgo Centro de Arte Dos de Mayo espazioarekin batera antolatutako erakusketa da, eta Espainiako hiriburuan ikusgai egon zen 2019an. Izenburua eta oinarria berberak diren arren, ordea, itxura ez da bere horretan mantendu; batetik, areto bakoitzaren ezaugarri eta desberdintasunek piezen kokapena baldintzatu dutelako; eta, bestetik, Bilbon erakutsiko diren 47 piezetatik hamalau berriak direlako, Alaezen aurretiko lan batzuen berrinterpretazioak, Azkunarako propio onduak. Piel de naranja da pieza horietako bat: 1995ean sortu zuen jatorrizkoa, eta 2021ean, berriz, erakusketa aretoan kokatua dagoena.

Bilduma «eskultura manifestu» bat dela azpimarratu du Bea Espejo komisarioak. Alaezen eskulturak tradiziotik urruntzen dira, artistak piezen biguntasuna eta malgutasuna bilatzen duelako, eta ez zurruntasuna. «Mudakorrarekiko etengabeko negoziazioa» da Alaezen lana, komisarioak azaldu duenez. «Errepikapenean oinarritutako elkarrizketa porotsu batean daude piezak. Egituren amaigabetasuna eta erresonantzien boterea azpimarratzen ditu erakusketak». Ildo horretatik, «ondorio itxirik gabeko» lana aldarrikatzen du artistak, inoiz biribiltzen ez diren piezak: «30 urtetako materialarekin aritzeak ahalbidetzen du malguagoa izatea, eskultorikoagoa».

Kronologiatik aldentzea

Bildumak 30 urteko lanak biltzen ditu, baina pieza guztiak elkarrekin nahasi, eta elkarri eragiten diote: hori izan da artistaren xedea. Espejok dioenez, ez du izan kronologia bat eratzeko asmorik, «elkarrizketa berri bat» egitekoa baizik «zalantza» eragiten zioten piezen artean. Hala, 1990eko hamarkadan ondutako bi eskultura, Pantalón preservativo eta Culito, hiesaren pandemiari erreferentzia egiten diotenak, egungo koronabirusaren pandemiara ere aplika daitezke, komisarioaren iritziz. Lehena, latexarekin egindako praka bat da, eta bigarrena, harrizko ipurdi bat, zuloan kortxo bat sartua duena. «Tapatzea, birusa sartu ez dadin»: hala interpretatzen ditu Espejok piezok.

Halaber, gai atenporala da emakumearena, eta hura hizpide duten hainbat lan ere batu dituzte Azkunako bilduman. Aretoko ataritik lehen begi kolpean ikus daitekeen obrak, Trayectoria piezak, andreez dihardu, besteak beste. Estruktura horizontal bat da, zintzilik dauden aluminiozko zati plegatuez osatutakoa. «Gorpuzdun elementuak dira, baina gorputz absente bat da. Inplizituki du genitalitate femeninoaren ideia: ikusezina, plegua, ezkutukoa», dio Alaezek. Halaber, ispiluak eta gillotina izan daitezkeela dio artistak.

Bestalde, kontrako indarrak islatzen dituzte Cortina eta El conflicto es otro eskulturek. Alaezen artea blaitu duten ideietako beste bat da kontrakotasunarena, artistak dioenez: zaurgarritasuna eta indarra, handia eta txikia... «pultsu batean» dauden elementuak direla dio. Cortina 1990eko hamarkadan ondutako pieza bat da, eta El conflicto es otro, 2018an; biak elkarrekin daude zintzilik, mardul, bata bestearen ifrentzua balitz bezala. «Gainjarritako bi pieza dira, denboran ere bai. Errepikapenaz hitz egiten dute, baita perforazioaz ere; denbora tunela da», dio Alaezek.

Gaua, lehengai

Erakusketaren titulua piezetako baten izenburutik hartu du artistak. Todos los conciertos, todas las noches, todo vacío instalazioak aluminiozko habe batzuk ditu erdialdean, eta, horien inguruan, kamiseta beltz sorta bat, lurrean zabalduta. Izenak pluraltasuna iradokitzen du aurrena, Espejoren arabera, «guztiak» horren aipamenarekin. Kontzertuei dagokienez, horiek bukatutakoan geratzen denari erreparatu dio komisarioak: «Zalapartaren ideia: zer gertatzen da musika hori guztia bukatzen denean?». Eta, azkenik, gaua. «Gaueko munduak festa gogorarazten du», dio Alaezek: «Baina, niretzat, gaua material bat da, beste mota batekoa: bizipenaren inpaktua eskultura batean formalizatua». Artistaren sorkuntza prozesura orokortu du azalpena Espejok: «Emozioetan, gauza immaterialetan bilatzen du lan egiteko materiala».

Dokumentazio gune batekin biribildu dute erakusketa. Aretoaren sarrerako espazioan kokatu dute, eta Alaezen irudimenaren osagaiak erakusten ditu: erakusketa batzuen maketak eta eskultura batzuen bozetoak eta moldeak bildu dituzte, besteak beste. Era berean, argazkiak eta ezezagunagoak diren pieza txikiago batzuk ere jarri dituzte ikusgai espazio horretan, artistaren erreferenteen erakusgarri, hein batean. «Alaezen unibertsoa oso erreferentziala da. Modaz, musikaz eta kultura popularraz kutsatuta dago», dio komisarioak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Laura Mora, <em>Los reyes del mundo</em> filmeko zuzendaria (eskuinean), filmeko lantaldeko kideekin, atzo, Kursaaleko amaiera galan. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

'Los reyes del mundo'-k irabazi du Urrezko Maskorra

Ainhoa Sarasola-Mikel Lizarralde

Laura Mora zuzendari kolonbiarrak bere herrialdeko bost gazteren istorioarekin eskuratu du jaialdiko sari nagusia. Genki Kawamura japoniarrarentzat izan da Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra

Neil Jordan zinemagilea, Diane Kruger eta Liam Neeson aktoreekin, <em>Marlowe</em> filma aurkezteko agerraldian, atzo, Donostiako Zinemaldian. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Detektibearen itzal luzea

Ainhoa Sarasola

Neil Jordanen 'Marlowe' filmaren lehiaz kanpoko emanaldiak itxi du Zinemaldia. Liam Neesonek egin du Philiph Marlowe detektibearena, eta Diane Krugerrek Clare Cavendish haren bezeroarena

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...