XVIII. mendeko Bilboren eitea

Luis Pareten obrak bildu dituzte 'Luis Paret Bilbon. Arte sakratua eta profanoa' erakusketan. Bilboko Arte Ederren Museoan eta Eleiz Museoan ikusi ahalko dira, irailaren 5era bitarte

Luis Paretek Micaela Fourdinier emazteari egindako erretratua, eta bere autorretratua, Bilboko Arte Ederren Museoan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Hirigintzari dagokionez, mende bakoitzeko azken hamarkadetan jazo izan dira Bilboren itxuraldaketarik nabarmenenak, bertako Arte Ederren Museoko Ikerketa eta Kontserbazioko koordinatzaile Javier Novok azaldu duenez: hiriak paisaia industriala galdu zuen XX. mendetik XXI.erako jauzian; 100 urte lehenago, Modernitateak ere eragin zuen Bilboren eta inguruaren arkitekturan eta kulturan, XIX. eta XX. mendeetan eraiki baitziren hala nola Arriaga antzokia eta Arte Ederren Museoa bera; eta «XVIII. eta XIX. mendeen artean, berriz, Ilustrazioen ideiek transformatu zuten hiria».

Azken eraldaketa horren lekukoetako bat izan zen Luis Paret pintore espainiarra: 1779. eta 1787. urteen artean bizi izan zen Bizkaiko hiriburuan, eta garai hartan egindako lanetako batzuk bildu dituzte orain Luis Paret Bilbon. Arte sakratua eta profanoa erakusketan, irailaren 5era bitarte. BBK-ren laguntza izan du, eta bi egoitzatan banatu dute bilduma: artelan sakratuak Eleiz Museoan jarri dituzte, eta profanoak, berriz, Arte Ederren Museoan —bi zentroek urtarrilean sinatutako hitzarmenaren lehen emaitzada—. Guztira, 50 bat pieza bildu dituzte, Paretek egindakoak gehienak, baina baita bere garai hartako beste hainbat artistak ondutako gutxi batzuk ere, testuinguru gisa. Askotarikoak dira formatuak: pintura, eskultura, paper gaineko lanak, altzariak, dekorazio arteak eta dokumentuak.

Piezek duten balio estetikoa ez ezik, haien «garrantzi historiografikoa» ere azpimarratu du Jose Luis Merino Arte Ederren Museoko Antzinako Artearen kontserbatzaileak: «Bilboren inguruko dokumentu historiko oso baliotsuak dira artelan hauek». Horrez gain, ibilbide batekin biribildu dute erakusketa: Bilboko Alde Zaharreko toki batzuk proposatu dituzte, Pareten lan batzuetan agertutakoak eta hark egindako pare bat iturriren kokalekuak, besteak beste. Halaber, arte aplikatuen, soziologiaren eta arkitekturaren ikuspegitik aztertuko dituzte Pareten obrak uztailaren 14tik 16ra antolatu dituzten ikastaroetan.

XVIII. mendeko margolaritzako «figura handia» izan arren, margolariarekiko interesa berriki piztu dela esan du Novok. Arte Ederren Museoa 1990eko hamarkadan hasi zen hura ikertzen, eta urte horietan erakusketa bat eskaini zion. Dena den, Novok dio dokumentu gutxi daudela Bilbon egin zuen egonaldiaz. Bilboko Udalari esker lortu ahal izan dituzte batzuk: hala nola bere alaba gaztearen bataio ziurtagiriaren eskuizkribua.

Arte profanoa

Merinoren ustez, Paretek «Modernitatea ekarri zuen, dotoreziaz eta gustuz inguratuta». Margolariaren estiloari dagokionez, «ia miniaturista» zen, adierazi duenez: «Detaileetan antzeman daiteke: hornidurazko bodegoi txikiak txertatzen zituen margolanetan. Trebetasun teknikoa zuen, eta erraztasuna zuen naturaren nondik norakoak harrapatzeko».

Arte Ederren Museoak hartzen dituen artelanetan agerikoak dira ezaugarri horiek. Adibidez, Paret beraren bi autorretratu eta haren emazte Micaela Fourdinierren erretratu bat daude museoan, eta hiru obrak xehetasunez lepo daude: 1780. urteko autorretratuan, itsasoa paratu zuen hondoan, eta, han, itsasontzi bat, «agian naufragio bat», Merinoren arabera; emazteari eginiko koadroan, arropa eta orrazkera dotoreak daramatza emakumeak.

Ñabardura andana dituzte, orobat, Bizkaiko zenbait bazterren bistak irudikatzen dituzten koadroek. Hainbeste, ezen panoramiketako asko identifikagarriak baitira egun; gainera, jada desagertuta dauden eraikin batzuk xehe-xehe ezagut daitezke. Mihisean erreproduzitu zituen, beste hainbat guneren artean, Bermeoko portua, Santurtziko Peñota hondartza eta Bilboko Areatzako eremua, egun Arriaga antzokia dagoen tokitik margotu zuena. Detaile handiarekin pintatu zituen, halaber, garai hartako biztanleak, burgesak gehienbat: «Hirian bizi ziren pertsonaiak islatu zituen: idealizatu egiten zituen, baina jantziek garai hartan erabiltzen zirenen antza zuten».

Artista barrokoa zen Paret, baina, poliki-poliki, neoklasizismoaren eragina hartuz joan zen, Juan Manuel Gonzalez Eleiz Museoko zuzendari teknikoak adierazi duenez. Irizpide aldaketa hori ere islatzen dute erakusketako piezek. Gonzalezen arabera, arkitekturan igartzen da lehenik eta behin estilo berrien eragina, eta, Pareten kasuan ere, haren diseinu arkitektonikoetan oso agerikoa da irizpide estetikoaren moldaketa: «Erdibidean daude bozetoetako diseinu asko: rokoko oparoa mantentzen dute, baina, aldi berean, neoklasizismoa nabari zaie».

Arte sakratua

Madrilen bizi bitartean, gorteko gaiak jorratu zituen nagusiki Paretek; Puerto Ricon egon zen erbesteratua gero, hiru urtez, eta Bilbora joan zen hurrena. Gonzalezek dio Bilbon beste enkargu mota batzuk egin zizkiotela margolariari, nagusiki gai erlijiosoak hizpide zituztenak: «Eliteek etxeak hornitu nahi zituzten, baita, kasu batzuetan, etxe barruetan kokatutako kaperak ere, eta obra erlijiosoak oso modan zeuden garai hartan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.