Arrauna

Txapela nork jantziko

Euskadiko Traineru Txapelketa jokatuko da gaur, Lekeition, eta gizonezkoetan hautagai asko dago. Emakumezkoetan, Arraun Lagunak eta Orio dira faborito. Itsaso lasaia dago iragarrita

Arraun Lagunak eta Orio, Getxoko estropadan, Euskotren ligako seigarren jardunaldian. AITOR ARRIZABALAGA / EUSKO LABEL LIGA.
Mikel O. Iribar.
2021eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Asteburuek markatzen dute arraun ligaren erritmoa, baina lehiaketa horretatik kanpo badira arraun munduan prestigioa duten beste zenbait estropada ere; besteak beste, Euskadiko Traineru Txapelketa. Usadioari jarraiki, hainbat urtetan, San Inazio egunez jokatu izan da lurraldeko txapelketa. Bada, aurten, aurreratu egin du Euskadiko Arraun Federazioak, ligako egutegia ez oztopatze aldera. Gaur jokatuko da (17:55, ETB 1), Lekeition (Bizkaia). Aurtengo denboraldi zirraragarria izaten ari da emakumezkoetan zein gizonezkoetan, eta, beraz, ziurra da aurretik ikusi dena gaur ere uretan islatuko dela.

Gaur-gaurkoz, Santurtzi da Eusko Label ligako liderra; hots, talderik indartsuena eta erregularrena. Hiru alditan astindu du bandera; bi ligan eta bat Bizkaiko Txapelketan. Iker Zabalak gaztetasunarekin eta eskarmentuarekin josi du taldea, azken denboraldietan oilarrenetan oilarrena izateraino. Baina Euskadiko Txapelketatik trapurik gabe itzuli da etxera Sotera ontzia; are, Santurtzik bere historian ez du inoiz urrea golkoratu. 1985ean txapelketa ofizialtzat hartu zenetik lau alditan izan da hirugarren.

Datuak datu, taldeak txapeldun izateko gaitasuna baduela uste du Gorka Arostegi (Muskiz, Bizkaia, 1994) Santurtziko arraunlariak. «Konfiantza handiarekin eta oso motibatuta gaude. Irabaztera goaz, presiorik eta konplexurik gabe». Guztiz barneratuta dauka dakiten moduan arraun egiten badute, «ontzia ibili» egingo dela. Alta, Arostegik ondo asko daki «estu» joango dela gaurko estropada. Ohorezko txandan izango dituzten traineruak alderatu ditu: «Hondarribia kilate handiko taldea da, eta beti dago banderaren lehian. Zierbenarekin ere argi; irabazteko grina DNAn baitauka. Donostiarra behetik gora datorren taldea da, eta kontuan hartu beharko dugu».

Lehen txandan, baina, beste bi oilar arituko dira nor baino nor gehiago: Orio eta Urdaibai. Talde horietaz ere mintzatu da muskiztarra. «Talde irabazleak dira biak. Oriok azken asteburuan emaitza oso onak lortu ditu. Urdaibaik, berriz, Coruñako bigarren jardunaldia irabazi zuen». Ondarroa ere ez du baztertu. «Ligako bandera bat irabazi du. Beraz, argi».

Arraun, irabazteko gosez

Santurtzik bezala, Arraun Lagunak-ek ere lehendabizikoz irabazi nahi du Euskadiko Txapelketa, eta emakumezkoen garaipen zerrendara batu. «Orain arte lortu ditugun emaitzak ikusita, gogo handiarekin gaude», esan du Nagore Claramunt (Donostia, 1986) Lugañene ontziko arraunlariak. Sentipen horrekin egoteko arrazoiak badituzte behintzat. «Iaz baino heldutasun puntu handiagoa dugu, fisikoki zein mentalki». Juan Mari Etxabe taldeko prestatzaileari ere azpimarra berezia egin dio: «Oso argi esaten digu zer eta nola egin behar dugun buruan ditugun helburuak betetzeko».

Hain zuzen, lan horren saria jasotzen ari dira Donostiarrak; Gipuzkoako Txapelketan nagusitzeaz gain, Euskotren ligako liderrak dira, hiru garaipen lortuta, Oriok bezalaxe. Claramunt eta haren taldekideak jakitun daude Euskadiko txapeldunen txapela janzteko inoiz baino aukera gehiago dituztela aurten. «Arraun Lagunak elkarte txikiarentzat handia izango litzateke hori lortzea». Apurka-apurka, taldearen izena ozenago entzuten da Donostian, «nahiz eta oraindik jendea egon pentsatzen duena Donostian traineru bakarra dagoela, gurea ez dena».

Arraun Lagunak arraunlariak badaki Oriorekin «lehia handia» izango dutela, «edozeinek irabaz dezakeen arren». Lehen txandan, Hondarribia eta Tolosaldearekin batera Donostiarrak eta Zumaiak egingo dute arraun, Lutxana eta Isuntzaren ordez; azken bi talde horiek uko egin diote jokatzeari, COVID-19an positibo kasuak izan dituztela eta. Claramuntek Hondarribian jarri du arreta berezia. «Azken jardunaldietan estropada oso onak egin ditu, eta ezustea eman dezake».

Arraun Lagunak-eko arraunlariak argi du bandera irabazteko zer egin behar duten: «Zentratuta eta gogotsu aterako gara. Ikurrina nahi dugu». Itsaso lasaia aurkituko dute arraun taldeek; metro erdiko olatuak daude iragarrita, eta haizeak ipar-ekialdetik orduko hamabi kilometro inguruko abiaduran joko du. «Aitzakiarik gabekoa», donostiarraren arabera. «Hortzak estutu eta eman».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.