Partekatzeko hilabetea

Getxophoto argazkilaritza jaialdian 30 jarduera baino gehiago egingo dituzte bihartik irailaren 26ra arte. Partekatzea ardatz, erakusketak eta topaketak egongo dira

Getxophotok 26 erakusketa izango ditu guztira. Irudian, Marina Caneveren Bridges are Beautiful proiektuko zenbait irudi. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
amaia igartua aristondo
Getxo
2021eko irailaren 1a
00:00
Entzun
Partekatzea. Hortik abiatuta mamitu du Begihandi taldeak Getxophoto argazkilaritza jaialdiaren 15. aldia. 26 erakusketa ikusi ahal izango dira bihartik irailaren 26ra, eta, orotara, 30 jarduera baino gehiago egingo dituzte; besteak beste, topaketak eta bisita gidatuak ere eskainiko baitituzte. Aurten, Getxoko (Bizkaia) beste auzo bat gehituko da egoitza gisa, Itzubaltzeta, eta Bilbora eta Donostiara ere eramango dituzte pare bat erakusketa. Iazko jaialdian bezala, eremu digitalak indarra izango du oraingoan ere, eta ekoizpen propiorako tokia egongo da, orobat: lau proiektu estreinatuko dituzte, zehazki.

Erakusketa ohikoak zein «bereziagoak» egongo dira, Jon Uriarte jaialdiko zuzendari artistikoak iragarri duenez, eta nazioarteko artisten lanak ere erakutsiko dituzte festibaleko hamabost egoitzetan, gehienak aire zabalean. Esaterako, Hoda Afsharren Agonistes argazki bilduma ikusi ahal izango da Zabala ikastetxean. Australiako gobernuko langile ohien salaketetatik abiatuta, erakusketak agerian uzten ditu administrazio publikoaren abusuak immigrazioari, gazteen atxiloketei eta dibertsitate funtzionalari dagokienez.

Azokan, berriz, Zahara Gomezen Recetario para la memoria proiektua kokatuko dute, narkotrafikoarekin eta krimen antolatuarekin lotutako milaka desagertzeei buruzkoa. Indarkeriaz mintzo da, halaber, Etinosa Yvonne artista Itzubaltzetako kultur etxean erakutsiko duten It's all in my Head lanean; Nigeriako terrorismoak eragindako bortxa ageri du, hain zuzen. Aitzitik, haragiaren industriak ingurumenean duen eragina agertzen du Mishka Hennerren Feedlots-ek, Ereaga hondartzan.

Erakusketez gain, beste hiru zutabe izango ditu programazioak, Jokin Aspuru jaialdiko zuzendariaren arabera: eremu digitala, hezteko funtzioa eta topaketak. «Ikusizko kultura sarean ere» badagoela dio, eta, horrenbestez,eduki soilik digitalak ere bilduko ditu festibaleko programazioak. Janariarekin egiten den bezala, artea ere etxez etxe eramateko proiektu bat garatu dute Sebastian Schmiegek eta MawatreSek: Gallery Dellivery. Banatzaile batek erakusketa bat helaraziko dio bezeroari, hogei eurogatik; hark ordubetez ikusteko aukera izango du, eta, nahi izatekotan, baita piezaren bat erostekoa ere. Aldiz, «eutanasia digitala» eskainiko dute Roc Hermesek eta Daniel Moreno Roldanek Instadeath tailerrean. «Instagramekin harreman gatazkatsua duten erabiltzaileentzat da», Aspuruk zehaztu duenez.

Hezkuntza artistikoari dagokionez, jaialdiaren eta publikoaren bitartekaritza eskaintzen du Getxophotok. Hala nola Alaia Martin eta Imanol Uria bertsolariak, eta Yogurinha Borova eta Belakoko Cris Lizarraga musikariak ariko dira zeregin horretan, bisita gidatuak eginez edota haien proposamenak ezagutaraziz. Bestalde, argazkilari egonkortuekin zein hasiberriekin topaketak antolatu ditu jaialdiak.

Kanpoan ondutako proiektuak ez ezik, lan propioak ere erakustea du xede Getxophotok. Aurten, jaialdirako propio egindako lau ekoizpen izango dira, eta haietako bat da Gallery Dellivery. Dina Kelbermanen Your Hail Photos da beste bat: udalerriko Gizarte Zerbitzuetako eraikineko fatxadan, txingor bola mardulak eusten dituzten eskuen argazkiak kokatu ditu. Blanca Munten Alerta Vecino, berriz, Whatsapp aplikazioan garatutako herritarren zaintza sare bat da. Azkenik, Begoña Salazarren argazki albumak digitalizatuko dituzte: bizilagunek emandako Getxoren irudi andana bat biltzen dituzte albumok.

Getxotik harago, Junoren Las dos hebras erakusketa Bilboko eta Donostiako Fnac dendetan ere erakutsiko dute, eta Lebohang Kganyeren Ke Lefa Laka hartuko du Gipuzkoako hiriburuko Tabakalerak.

Askotariko partekatzeak

Mundua «geroz eta elkarren menpekoagoa» dela dio Uriartek, eta, ondorioz, partekatzea kontzeptu «oinarrizkoa» iruditzen zaio. Zehazki, haren esanahietako bost izan dituzte aintzat programazioa ontzerakoan, xehatu duenez. Getxo bera partekatzea izan dute helburu, lehenik eta behin. Horretarako, udalerriaren urteetako eraldaketa agertzen duten bi proiektuz arduratu dira: batetik, Salazarren argazkiak digitalizatuko dituzte, eta, bestetik, Getxoweb atala babestuko dute, zeinak duela 25 urteko Getxoren ehunka argazki biltzen baititu.

Identitate kulturalak ere partekatzeko elementuak iruditzen zaizkio zuzendari artistikoari. «Geroz eta mistoagoak eta heterogeneoagoak dira». Horien «nukleotzat» jo du familia, eta hura dute hizpide, hain zuzen, jaialdiko erakusketetako askok: besteak beste, Junoren Las dos hebras-ek, Kganyeren Ke Lefa Laka-k, Eleonora Agostiniren A Blurry Aftertaste-k eta Leonard Suryajayaren False Idol-ek. «Familiak baldintzatzen du nola erlazionatzen garen. Gorputza ere partekatzen dugu senideekin».

Getxophotoko beste lan batzuetan «esperientzia traumatikoak gainditzeko» partekatzen dira irudiak, Uriarteren hitzetan, eta askotan esparru intimoa da partekatzen dena, konturatu eta nahi gabe, batik bat teknologia erabiltzean, zuzendari artistikoaren arabera. Eta, funtsean, planeta bat partekatzen da: horren inguruko hausnarketa ere egiten dujaialdiak, begirada «ez-antropozentrikoz», betiere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.