Gizakia eta animalia larru beraren pean: 'Animadunak'

Laure Gomez artistak hamabortz marrazkiko seriea ikusgai ezarri du Atharratzeko Kakotxa artista etxean. Naturara hurbildu beharrez, «bere mitologia» sortu du

Naturak eta gizakiak bat egiten dute erakusketako hamabortz izakietan; kasurako lamina izan daitekeena du esku artean Laure Gomez artistak. BOB EDME.
Ainize Madariaga
Atharratze-Sorholüze
2022ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Animadunak erakusketa plantan ezarri du Laure Gomez artistak, Atharratze-Sorholüzeko Kakotxa artista etxean (Zuberoa), apirilaren 1a arte. Hamabortz izaki mistikoen tropa bildu du bertan, bakoitza bere koadroan, eta norberak bere ezaugarriak baditu ere, erakusketak badu osotasunik: denak baitira animadunak. Animalia eta arimaren arteko hitz-jokotik sortu du Gomezek Animadunak seriea: «Animalia arimadunak» baitira. Marrazkilaria erakusketan egotekoa da egun, 15:00etatik 18:00etara. Sarrera urririk da.

Hor dago artista, bere lanari so, paretan txilintxau dagoenaren eta bere artean elkarrekintzak balira bezala; hura deskribatzean plazer hartzen baitu, irri egiten, eta une hori laket du bisitariarekin partekatzea. Josteta bat balitz bezala, erakusten ditu izakiek dituzten detaile guziak, berdin, lehen soan, herabe agertu izan balira bezala, marrazkiak bizirik balira bezala. «Erdi animalia, erdi gizaki hauek marraztu ditut, animaliekin etxekotzen den tribua balitz bezala. Zentzua dute enetako. Ene mitologia bezalakoa da azken batean».

Gabezia batetik du ukan irudi hauek marrazteko tirria. Izan ere, badu hiru urte Euskal Herritik urrundu dela, Tolosarat (Okzitania), hain xuxen ere. Giro urbanoak ezin ase diona bilatu du, nonbait, irudien bidez. «Zuberoaren faltan nintzen, banuen gogoa natura berriz atzemateko, berdetasuna». Hiriko mundrunaren beltzak eta biztanleria metaketak paisaia bukolikoetako izakiak kreatzera akuilatu dute Gomez.

Berez, lehen serie bat landu zuen duela urte pare bat, Animadunak seriea aitzin, «totem batzuekin», zuri-beltzez eta kolore bakarra, paper zurian. Horrekin erakusketa muntatu zuen Tolosan. Hortik landa, alta, kolore gehiagoren sartzeko «gogoa» ukan zuen: «Kolorea berriz lantzeko gogoa nuen, harmonia eta osagarritasuna bilatzeko. Bakoitzak ez ditu lau kolore baino haboro».

Hala, lau bat marrazki bazituen eginik, Kakotxako kideek erakusketa baten antolatzea proposatu ziotelarik, Mauleko merkatuan. Atharratzekoak, beraz, Gomezek erakusketarako «espresuki»eginak dira. Gizon-sirena, hontz-emaztea, emazte-armiarma, otso-emaztea... Oro Gomezek asmatutako pertsonaiak dira. Detailez mukuru dauden piezak dira, banaka denbora hartuz behatzekoak, haietaz ohartzeko gisan.

Eta haiek, bisitariaz; bai baitirudi begira daudela haiek ere. «Zuri begira daude, haien bidean gelditu izan balira bezala; begiradaz elkar topo egiten dugun une hori da. Batzuk mesfidatiak dira. Makinak fabrikatzen hasi aitzineko natura litzateke, beharbada idealizatua», xehatu du marrazkilariak. «Aski basa» gelditu den oihanean bizi dira, iluntasunean.

Haien so serioak duintasuna isla dezake. Erakusketaren antolatzaileak deskribatu duenez,izakiak ez dira erasokorrak, baina beren burua errespetarazten dute, badute naturaren indarra, animalia eta begetalaren arteko nahasketa dira, eta gizakia osotasun horren parte da.

Gerlariak balira bezala, bakoitzak badu bere makila edo arma izan daitekeena, baina ez du erabiltzeko imintziorik egiten.

Orain arteko artistaren estiloaren berri izan badaiteke ere, Gomezek aitortu du teknikan baduela berritasunik: «Tatuajearen arteak interesatzen nauenez, gogoa banuen lantzeko puntua, lerroa, puntua eta lerroen bidezko itzala, marrazki simetrikoak, liliak, ornamentala... Eta paper grisaren gainean marraztu ditut, nahi bainuen zerbait ezohikoa».

Justuki, fondo ilun horrek sortzen du giro mistikoa: ezin jakin eguna den, edo gaua.

Estilo solas, uste du ez dela geldirik, baizik eta baduela bilakaera bat, ez baitu «zerikusirik» oraingo estiloak duela hamabortz urtekoarekin. Alta, argitu du ez dela honetan geldituko: «Hil arte beti badelako progresioa: posturetan, begien forman, sudurrean... tai gabeko bilaketa bat da».

Bakoitza bakar, orok bat

Aldi honetarako, koadro bakoitzaren lanketak urrats franko izan ditu, baina pertsonaia guziak teknika berak sortu ditu, kasik mekanikoki: lehenik arkatzez aritu da, boligrafo beltzez inguruak egin ditu gero, arkatza ezabatu, kolorezko arkatzez gehitu ditu zuria argirako eta beltza itzalentzat, kolorea gehitu die ondotik, eta, bukaeran, detaileak erantsi dizkie: puntuak kolore eta beltzaren gainean. Marrazkiak akitu, eta inguruez arduratu da: hosto, lili eta lainoak erantsiz.

Mitologiaren mugak mugagabeak direnez, Gomezek sorpresez koloreztatu du bere mundu idiliko berria: argiaren arabera aldatzen baita koadro bakoitza; margo berezi batzuez detaile fluoreszenteak erantsi baitizkie. Hala, argi ultramoreei esker, oraino bertze paisaia bat agertzen da; istorio berri bat.

Are, irekiera egunean, irudimenak akuilaturik, gomiten begitarteak makillatu zituen artistak. Harik eta, argi guziak hil, eta ultramoreak piztu zituen arte. Uneaz oroitzean begiak ñir-ñir ezarri zaizkio Gomezi; irriz kontatu du: «Jendearen gaineko makillajeak zinez ontsa ateratzen ziren; performantzia bat izan zen, sorpresa. Bertze dimentsio bat zen, eta erakusketak zentzu guzia bildu zuen. Irrigarria zen, desfile bat bezalakoa».

Apirilaren 1ean ere besta giroan kenduko du erakusketa, 19:00etatik 22:00etara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.