Albistea entzun

Artearen lekuak. Eunateko eliza

Denen aterpea, eta inorena ez

XII. mendean eraiki zuten Eunateko eliza, Nafarroako arkitektura erromanikoaren harribitxietako bat dena. Donejakue bideko pelegrinek ongi ezagutzen dute tenplua.
Eunateko Andre Mariaren eliza inguratzen duen arku galeria. 33 arku ditu guztira, eta horietako askok kapitel apainduak dituzte.
Eunateko Andre Mariaren eliza inguratzen duen arku galeria. 33 arku ditu guztira, eta horietako askok kapitel apainduak dituzte. IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Yasmine Khris -

2022ko abuztuak 9 - Muruzabal

Ilunabarraren itzalak edo egunsentiaren lehen argi-txintak agertzean. Horra zein den abagunerik onena Eunateko Andre Mariaren eliza ikusteko, isiltasuna nagusitzen denean. Egia erran, isiltasuna ia beti dago presente tenplu horretan, maiz protagonista izateraino. Donejakue bidean, Jakatik (Aragoi, Espainia) eta Donibane Garazitik heltzen diren bi bideen artean eraiki zuten eliza, XII. mendean, 1170. urtearen inguruan, Santiagoko (Galizia) helmugari begira. Nafarroaren erdi-erdian altxatu zuten, Muruzabal udalerrian, eta Nafarroako arkitektura erromanikoaren altxorretako bat den hori oraindik ere iparrorratz dute pelegrinek.

Haizea dabil udako arratsaldeetan eliza inguruan; pinuak dantzan ari dira. Bi gazte eseri dira eliza babesten duen harrizko paretan, kalakan aritzera, eta txorien kantuek baino ez dituzte laguntzen. Eliza oktogono galdu bat da naturaren erdian. Bertatik ingurura begiratuta, bi plano bereizten dira. Lehenean, landaredia da nagusi, eta ugari; artaburuak, pinuak, zuhaixkak, lore mota askotarikoak. Plano urrunagoan, aldiz, pentze berdeek bertze kolore bat hartu dute, ikatzarena; mendiko zuhaitzak errauts bihurtu dira, Nafarroa astindu duten azken suteen ondorioz.

Eta paisaia horren erdian, oin oktogonal inperfektuko tenplu zaharra, zutik. Izan ere, elizaren zortzi aldeetako bat abside txiki batek osatzen du, kanpoaldetik forma pentagonala eta barrualdetik zirkulu erdiarena dituena. Bere hormetatik lau bat metrora, kalostrape modura, arku galeria eder batek inguratzen du eraikina. Guztira, 33 arku dira, horietako asko kapitel apainduak dituztenak. Kanpoaldeko hormetan, atariaren arkibolta eta zutabeak nabarmentzen dira.

Eta gora begiratuz gero, kupularen gainean kanpai horma eta aldamenean dorre txiki bat altxatzen direla ikusiko du bisitariak.

Argien eta itzalen jolasak

Behin lehen pausoak barrualdera eman, eta afixa batek egiten du ohartarazpena: Isiltasuna errespetatu, mesedez. Beharrik ere ez kasik, lasai dago dena. Argi-ilunen jolasa hartzen dute hormek: bi kandela pizturik dira Ama Birjinaren irudiaren alboan, eta leiho txiki eta opakoek hormak zulatu arren, ez da kasik argitasunik sartzen haietatik. Ate nagusitik aurkitu dute sarbidea eguzki izpiek, pelegrin batek bezalaxe.

Sartu da bisitaria, eta kandela bat piztu du. Aditzen duen soinu bakarra txoriena da, kupularen barruko arkuen artean ezkutaturik daudenak. Eseri da, eta egurrezko bankuetako batean utzi du motxila; atsedena hartzeko lekua aurkitu du azkenean. So egin die aldarean diren loreei, eta aldamenean duten objektu sortari: iruditxoak, kandelak, aulki bat, beste lore sorta bat, estatua txikiak... Ziurrenik, geldialdia egin zuten beste pelegrin batzuek osatu zuten bilduma.

Elizaren barrualdeko dekorazioa zutabeen kapiteletara mugatzen da. Horietan, landareen irudiak dira nagusi gehienetan, baina badira bestelakoak ere, tartean dantzari bat eta bi musikari, edo bi aingeru, bat tronpeta jotzen.

Faunak ere aurkitu du aterpea elizaren barruan. Txolarre familia batek habia egin du harri artean, eta txorietako bat jatekoa ekartzeko joan-etorriak egiten dabil, ate nagusitik igaroz, txori kumeak txioka ari diren bitartean.

Ez da erraza eraikinaren jatorria zehaztea. Aipatu izan diren teorien artean dago Tenpluko Ordenak —zaldun tenplarioek— altxatu zuela. Baina halakorik baieztatzeko daturik aurkitu ez, eta ideia hori baztertua dute adituek. Herri kondairaren arabera, andere boteretsu edo erregina batek eraikiarazi zuen. Eta San Joan ordenaren ospitale bat nahiz Donejakue bideari lotutako hilerri bat izan zela ere uste izan da.

Izenak ere ezkutatzen du argi-ilunik. Eunate ehun eta ate hitzetatik etor zitekeela esan izan da. Arkuen kopurua litzateke hipotesi horren oinarria; izan ere, elizari hiru itzuli eman eta gero bertara sartzean, 33 arku (hiru bider) eta ate bat igaroko lituzke bisitariak, ehun guztira. Baina hipotesi hori ere baztertua dute ikerlariek, Eunate izena uste baino berriagoa baita.

Azken argi izpiak

Misterioak misterio, ordu atsegina da arratsaldeko azkena. Haizeak goxo ferekatzen ditu arbolak, eta eguzkiaren azken izpiek elizaren paretak distirarazten dituzte, ia gorritu arte. Bi erromes elkarren artean hizketan ari dira; kirol oinetakoak kendu, eta txinalak jantzi dituzte. Elizaren hormetako batek atentzioa eman die; izan ere, tenpluaren kanpoaldeko harrietan marka ugari daude; harginek egin seinaleak dira, landutako harri kopuruaren araberako lansaria kobratuko dutenak. Klik. Egin dute argazkia.

Eunateko eliza aski ongi kontserbatua bada ere, kezka ere sortu izan du bere egoerak azken urteotan. Alde horretatik, izan da agintarien utzikeria salatu duenik. Eta, datu zehatzik ez badute ere, bisitarien kopurua pixkanaka behera doala sumatu dute bertako langileek. Ate zabalik, eta barruan ia inor ez duen aterpea izateraino.

EUNATEKO ELIZA
Urtea. 1170. urte ingurukoa.
Lekua. Muruzabal, Izarbeibar eskualdea, Nafarroa.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©Joanes Etxebarria

Jean-Louis Davant: «Anitz egin da hitz berrien asmatzeko, baina zahar anitz galdu ditugu»

Joanes Etxebarria - Ipar Euskal Herriko Hitza

Liburu edo pastoraletan, historia landu du bereziki, olerkiekin batean. Idazlan luzeak gehiago ez egitea deliberatu du. Uste du aitzinatu dela euskararen alorrean, baina lan asko dela egiteko.

Aitor Mendiluze eta Amets Arzallus, atzo, elkarrekin kantuan, hamarreko txikiko ariketan. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Ez da ate ondoan geratu

Miren Mujika Telleria

Amets Arzallusek Bilbon irabazi ondoren, erabakita gelditu da finala. Harekin batera ariko dira Illarregi, Ibarzabal, Gaztelumendi, Colina, Mendiluze, Martin eta Lujanbio
<em>Titanic Rising</em> diskoan abiatutako bidean segitzen du Weyes Blood-ek disko berrian. ©BERRIA

Dirdira iluntasunean

Mikel Lizarralde

Folkaren eta pop barrokoaren artean mugitzen diren kantuen bitartez, Weyes Bloodek gaur egungo ajeetan arakatu du 'And In The Darkness, Hearts Aglow' diskoan.

Soinu txikia XIX. mendearen amaieran hedatu zen Euskal Herrian. ©BERRIA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...