Albistea entzun

Kukairen azkena, oholtzarik gabeko ikuskizuna

Kukai Dantza konpainiaren eta Euskadiko Gazte Orkestraren <em>Eta orain zer?</em> emanaldiaren aurkezpena, atzo, Donostiako Kursaalean.
Kukai Dantza konpainiaren eta Euskadiko Gazte Orkestraren Eta orain zer? emanaldiaren aurkezpena, atzo, Donostiako Kursaalean. MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Leire Perlines Apalategi -

2022ko abuztuak 19 - Donostia

Kukai Dantzak 20. urteurrena du aurten, eta Jon Maia buru duen konpainiak ikuskizun berri eta ezohiko bat sortu du horretarako: Eta orain zer?. «Izen horrek motibo asko ditu: Kukaik aurten 20 urte betetzen ditu, eta horrelako ibilbide baten ondoren askotan galdetzen dugu hori [eta orain zer?], bai egunerokotasunean eta baita aurrera begira ere. Bestalde, pandemia batetik gatozela, eta itzulera bera ere nolakoa izango zen eta publikoarekin nolako harremana izango genuen ere galdetzen genion geure buruari». Donostiako 83. Musika Hamabostaldiaren barruan erakutsiko dute lan berria, oholtzarik gabeko agertoki batean. Musika Aitzaki zikloan izango da, eta ez da Donostian izango, beraz, Errenteriako (Gipuzkoa) Lekuona Fabrikan baizik. Abuztuaren 27an izango da, 20:00etan.

Pascal Gaigne konpositoreak ordubeteko musika sortu du emanaldirako, eta horren interpretazioa Euskal Herriko Gazte Orkestraren esku egongo da, Ruben Gimenoren gidaritzapean. Gimeno: «Hamabostaldian parte hartzea eremu ezezagun batean sartzea da. Agertokia guztiz ezberdina da; gainera, elementu bizi baten gisan hartuko dugu parte, eta ez dugu normalean hori egiten. Baina uste dut EGO gisa gure egitekoa dela gehiago zabaltzea eta diziplina pluralagoetan aritzea».

Emanaldia hamazazpi musikarik eta hamar dantzarik bideratuko dute, eta, Maiaren arabera, artistikoki diferenteak direnek elkar ulertzea posible dela erakutsi nahi dute. Kukairen kasuan, ohiko lantaldeaz gain, Etiopiako eta Suediako dantzari bana ere izango dira, baita dantza urbanotik eta dantza tradizionaletik datorren jendea ere: «Denek ezberdin hitz egin baina elkarrekin hitz egiteko gai den lan talde bat sortzen saiatu gara».

Sokadantzatik abiatuta

Hasiak dira jada entseguak egiten Lekuona Fabrikan, 150 ikusle ingururekin, eta, Maiak aitortu duenez, jendaurreko entsegu horiek asko lagundu diete bidea zuzentzen eta erabaki egokiak hartzen. Entsegu gelan, gainera, hainbat esaldi izan dituzte presente dantzariek, eta esanguratsuenetako bat Joseba Sarrionandiaren «bihar, etzi, atzoa» izan da, Maiak eta bere taldeak asko egin baitute lan kontzeptu horiekin.

Koreografiari dagokionez, Maiak azaldu du sokadantzan oinarritu dutela, «munduko antzinako kultura askotan presente dagoena, eta, jakina, baita Euskal Herrian ere, bereziki Gipuzkoan». Adierazi du sokadantzak pisu handia duela kultura tradizionalean; haren ustez, gizartearen batasuna, ezberdinen arteko elkar ulertzea, kultura aniztasuna eta kultura transmisioa sinbolizatzen ditu. Koreografiaren jatorrian beste ideia nagusi bat ere izan dute: «Musika klasiko unibertsal gisa ulertzen dugun doinuetako bat hartu eta gurera ekartzea».

Gaigne konpositoreak, bestalde, kontatu du urte askoan konposatzeko orduan muga batzuk edukitzeak arazoak sortu izan dizkiola, baina orain baliatu egiten dituela. Gaigne: «Ikuskizun hau mugen eta arazoen master bat da, elementu asko sinkronizatu behar direlako aldi berean. Ikuskizun honetan asko interesatzen zaidan gauzetako bat sustraien nahasketa da; musika ia amaituta dago, baina une oro aldatzen da, eta hemendik aste batera izugarri alda litezke gauzak; prozesuak sorpresa bat dira, oso interesgarriak».

Ildo beretik, Gimenok ere erantsi du proiektu hau erronka bat dela: «Publikoa zailtasunaz jabetzen ez bada, gure helburua bete dugula esan nahiko du, baina, jakina, guretzat konfort eremutik irtetea da. Niretzat, idazle batek orri zuri bat aurrean izatea bezala izan da gutxi gorabehera, eta gaurtik 27ra bitartean esperimentazio asko egongo da; ez dugu mugarik jarriko, egunerokotasunak markatuko du ibilbidea».

Ekitaldiaren kokapena ere gauza berria da denentzat: toki huts bati egingo diete aurre bai ikusleek eta bai parte hartzaileek. Maia: «Murgil egiteko esperientzia baten gisan definitzea gustatzen zaigu. Norbaitek sarrera erosten badu, ez dezala begiratu zein eserleku tokatu zaion, toki libre eta huts bati egingo baitiote aurre ikusleek. Jendeak okupatu dezala espazioa eta aske sentitu dadila mugitzeko eta erabakiak hartzeko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Annie Ernaux. / ©Nobel Sariak, @NobelPrize

Annie Ernauxek irabazi du Literaturako Nobel saria

Iñigo Astiz

Stokholmen eman du sarituaren berri Suediako Akademiak, eta literatura fikzioaz harago zabaltzeko egindako lana laudatu dio idazleari. Iaz Abdulrazak Gurnah eleberrigileak irabazi zuen saria.

'Denboraz', Txakur Gorria proiektuaren azken lana

Unean uneko argazkiei beste arnasaldi bat

Ainhoa Sarasola

Denboraz, galde-erantzunen bilduma liburua eman du Txakur Gorriak. BERRIAn idatzitako zutabeen txatalak testu eta ilustrazio berriekin josiz, denboraren joanaz gogoeta egin dute. Txakur Gorriaren webgunean, BERRIAren online dendan eta Durangoko 57.  Azokan egongo da eskuragarri.

Aingeru Epaltza, 'Erretzaile damutuen konpainia' liburua eskuan duela, gaur goizean, Donostian. ©Maialen Andres / Foku

Aingeru Epaltzaren 'Erretzaile damutuen konpainia': kolore askotako nobela beltza

Andoni Imaz

Aingeru Epaltzak Edu Saragueta pertsonaia «berpiztu» du 'Erretzaile damutuen konpainia' nobelan, 'Rock'n'roll' idatzi eta 22 urtera. Haren bidez begiratu dio «Iruñea multietnikoari».

Nafarroako Orkestra Sinfonikoak Luis de Pabloren —argazkian, erdian— eta beste hainbat konpositoreren lanak interpretatuko ditu gaur. ©BERRIA

1972ko Iruñea harritu zuten doinuak akordura

Uxue Rey Gorraiz

Gaur hasiko dira 72-22 Topaketak Iruñean. Urriaren 18ra bitarte, eta orain dela 50 urtekoak gogoan, askotariko jarduerek eta emanaldiek artez jantziko dute hiria. Musika berebizikoa da gaur: Teresa Catalanen eta Tomas Marcoren solasaldi bat aurrena, eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren kontzertua ondotik.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...