Albistea entzun

Metrokoadrokaren 'sitcom' poetiko bat familiaz

Metrokoadrokak 'Zeozertan dabil baina ez dakit zertan' antzezlana aurkeztuko du bihar Bilbon. Familia ereduei buruz gogoetatu dute, deskonexio sozialetik eta umoretik abiatuta
Javier Barandiaran, Edurne Azkarate eta Maite Aizpurua, sofan hankaz gora, <em>Zeozertan dabil baina ez dakit zertan</em> antzezlanean.
Javier Barandiaran, Edurne Azkarate eta Maite Aizpurua, sofan hankaz gora, Zeozertan dabil baina ez dakit zertan antzezlanean. MENDI URRUZUNO Tamaina handiagoan ikusi

Andoni Imaz -

2022ko urriak 12

Metrokoadroka konpainiako kideek mezu bitxi bat jaso zuten 2016an. Programatzaile batek idatzi zien: «Informazio eske natorkizue: Zeozertan dabil baina ez dakit zertan emanaldia eskaintzen zabiltzate? Baiezkoa bada erantzuna, informazioa bidali ahal zenidake, mesedez (aurkezpen testua, beharrizanak, prezioak...)?». Oier Guillanek barrez gogoratu du erreakzioa: «Hasieran, ez genuen ezer ulertzen, eta, azkenean, algaraka bukatu genuen. Imajinatu genuen programatzaile batek besteari galdetu ziola: 'Zertan dabil Metrokoadroka?'; eta besteak erantzun: 'Zeozertan dabil baina ez dakit zertan'». Eta umorez erantzun zioten mezuari: «Zin egiten dizugu noizbait obra hori egingo dugula». Bihar aurkeztuko dute lana jendaurrean, Bilboko BAD antzerki jaialdian.

Guillan eta Marina Suarez Ortiz de Zarate aritu dira zuzendari, eta Maite Aizpurua, Edurne Azkarate eta Javier Barandiaran aktore.

Izenburua bazuten, baina obrarik ez. Hala ere, izenburua ez ezik, garaiari buruz gogoeta egiteko abiapuntua ere eman zien mezuak berak. «Sintomatikoa eta adierazgarria da nola bizi garen: lanean gabiltza etengabe, eta, askotan, programatzaileek, eragileek, ikusleek eta guk geuk ez dakigu zertan gabiltzan. Bagabiltza, baina zaila da denari jarraitzea, dena kontrastatzea eta barneratzea», azaldu du Guillanek.

Metrokoadrokako kideak prozesu luze batean sartzeko gogoz ziren orduan, eta izenburuaren bulkada baliatu zuten obra bati ekiteko. «Miss Karaoke-n landu genituen kode batzuetara bueltatu nahi genuen, haietan sakontzeko». Horrela hasi ziren lanean, izenburuak iradokitako hariak lotzen: «Lotu genuen pandemia garaian bizi izandako guztiarekin, batez ere itxialdiarekin, zeren hor bizilagunak, lagunak... denok genbiltzan zerbaitetan, baina inork ez zekien zehazki zertan. Mezuaren deskonexio sentsazio horrek dimentsio sozialago eta gordinago bat hartu zuen».

Hala ere, deskonexio hori lantzen zutenean, beti azaleratzen zitzaien umorea: «Argi genuen komedia bat izan behar zuela; gure modura egina, baina komedia bat». Komedia eta itxialdia nahastean iritsi ziren sitcom-aren kodeetara, bere agertoki identifikagarriarekin eta barre grabatuekin. «Askotan, etxe baten barruan gertatzen dira, egongela batean; tarteka ate bat zabaltzen da, eta beti sartzen da haustura bat eragiten duen pertsonaia bat. Kodea barneratua dugu».

Deskonexio soziala eta sitcom-a osagai hartuta, lantaldeak egonaldiz egonaldi sortu du antzezlana. Bi zuzendariak eta hiru aktoreak aritu dira prozesuaren zatirik handienean.

Barandiaran Metrokoadrokako kidea da, Miss Karaoke zuzentzen aritu zen, eta aktore ibiltzeko gogoa zuen oraingoan; Aizpuruak kolaboratu izan du konpainiarekin, eta Azkaratek lehenengo lana du haiekin, nahiz eta gertukoa zuten lehenagotik: «Horman Poster eta Formol ontzi berean doazen beste konpainia batzuk dira». Guillanentzat, garrantzitsua da «gertuko sare bat» izatea konpainiaren inguruan.

«Gurpil zoro bat»

Ohi duten moduan, inprobisazio saioekin hasi ziren antzezlana lantzen. «Zuzendaritzatik probokazioak bidaltzen genizkien, estimuluak, eta aktoreek jolas egiten zuten, eta sortu, kezkatu gabe nora zihoan obra. Materiala sortu ahala —irudi poetiko-fisikoak, testuak...—, hitz batek hartu zuen indarra: familia». Eta galdera asko sortu ziren: «Zer da familia bat? Zerk egiten du familia? Zer dira familia eredu berriak? Zein dira gure kontraesanak, beldurrak, itxaropenak?». Horrek osatu zuen gaia: «Azkenean, familia ereduei buruzko sitcom poetiko eta ero bat atera zaigu».

Antzezlana «gurpil zoro bat» da, narrazioa bueltaka dabil, hiru pertsonaiak egongelan harrapatuta daude, baina sartu-irtenean dabiltza, eta aldiro sartzen dira atetik espero gabeko pertsonaiak; errepikatzen dituzte elkarrizketak, bihurritzen dituzte elementu guztiak, eta hizkuntza bat sortzen dute sitcom-aren egituraren eta pasarte poetikoagoen artean.

«Sitcom-a da collagearen pegamentua. Poesiatik abiatzen gara, irudietatik, eta pixkanaka uzten diogu hitzari azaltzen. Nahiz eta egoerak absurdora eraman, sitcom-era bueltatzeak lur bat ematen du, gero esploratzeko eremu poetikoago batzuk», Guillanen esanetan.

Guillanek eta Suarez Ortiz de Zaratek lehen aldiz zuzendu dute lan bat elkarrekin, nahiz eta batera lan egin izan duten Metrokoadrokaren ekoizpenetan, besteak beste. «Zuzendaritza eta dramaturgia lana izan da. Inoiz baino gutxiago idatzi dut, ia ezer ez. Gehiago izan da materialaren gaineko begirada idaztea, konposizioa lantzea. Hiru aktoreak idazle oso onak dira; hirurek idatzi izan dituzte beren testuak, hirurek zuzendu izan dute».

Biharko emanaldiaren ondoren, beste batzuk ere egingo dituzte: hilaren 22an, jendaurreko beste entsegu bat egingo dute Pasaian (Gipuzkoa), eta azaroaren 19an Usurbilen (Gipuzkoa); azaroaren 20an egingo dute estreinaldia, Azpeitian (Gipuzkoa), antzerki topaketetan. Abenduaren 17rako ere antolatu dute saio bat, Lesakan (Nafarroa).

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joxean Fernandez, Maria Pilar Rodriguez, Isabel Herguera, Izaskun Arandia eta Bingen Zupiria, liburuaren aurkezpenean. ©Jagoba Manterola / Foku

'Euskal emakume zinemagileak' liburua plazaratu dute

Andoni Imaz

Euskal Herriko zinemagintzan «funtsezkoak» izan diren emakumezko zuzendariak ditu ardatz, eta Euskadiko Filmategiak eman du argitara. Maria Pilar Rodriguez ikertzaileak koordinatu du artikulu sorta.

Larunbatean hasiko da <em>Bizirik</em> lanaren aurkezpen bira, Donostiako Dabadaba aretoan. ©BENGO

Nork bere burua barkatu artean

Uxue Rey Gorraiz

Aitor Bengoetxea 'Bengo' musikariak lehenengo lan luzea eman du: 'Bizirik'. Zortzi kantu bildu ditu; hiru kolaborazio tartean. Larunbatean hasiko du kontzertu bira, Donostian.

Inauteri giroan murgilduko du herria festibalak. ©GUILLAUME FAUVEAU

Inauterietako dantzak eta musika batuko ditu Hartzaro festibalak

Berria

Otsailaren 10etik 21era egingo dute Uztaritzeko jaialdia, udaberriari ongietorria emateko asmoz

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.