Albistea entzun

Elorrietaren 'Fantasia', hamar kantako maitasuna

Eñaut Elorrieta musikaria, atzo, Bilboko Arriaga antzokian, <em>Fantasia</em> diskoa aurkezten.
Eñaut Elorrieta musikaria, atzo, Bilboko Arriaga antzokian, Fantasia diskoa aurkezten. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Olatz Silva Rodrigo -

2022ko urriak 29 - Bilbo

«Fantasia sorkuntzarako sortu dugun gune bat da, konfiantzazko gune bat, guk geure buruari ahalik eta askeen izateko eman diogun koartada bat». Horrela deskribatu du Eñaut Elorrietak bere bakarkako lan berria: Fantasia. Amaia Lasa olerkariaren Fantasia bat poema «gogoangarriak» jarri dio izena diskoari, baita abesti bati ere. Elorrietak «poz ikaragarria» adierazi du Bilboko Arriaga antzokian egindako aurkezpenean. Lehenengo kontzertua Zumarragako Zelai Arizti Aretoan eskainiko du (Gipuzkoa), azaroaren 25ean.

Bi urteko jarduna biltzen du diskoak, eta hamar kantu berrik osatzen dute. «Nire lokalean hasi nuen lana, Getarian (Gipuzkoa) bakarka egin nuen sorkuntza prozesu batean, batez ere ahotsean eta gitarran oinarrituta», azaldu du. Edonola ere, diskoaren atzean dagoen talde lana azpimarratu du: «Inoiz baino gehiago, lan kolektiboa dela sentitzen dut, nahiz eta diskoa nik sinatu».

Aitor Etxebarria izan da diskoaren ekoizlea. Andres Kamio Jitu Elkarreko kidearen hitzetan, Etxebarriak «biluztu» egin du Elorrieta, bakarrik ahotsa eta gitarrarekin utziz. «Hortik aurrera, pianoa, soka instrumentuak eta gainerakoak erabiliz, Eñaut berri bat itzuli digu, traje berri batekin».

Hitzek garrantzi berezia dute beti Elorrietarentzat. Hala izan da aurreko diskoetan, eta oraingoan ere hala izan dela esan du. Maitasuna hari duten kantu «bareak» dira, haren hitzetan. Eta lagun batek egindako deskribapena ekarri du gogora hori azaltzeko: «Esan zidan diskoak apurtu osteko olatu baten edertasuna zuela».

Hark idatzi ditu diskoko bi kantaren hitzak, eta beste idazle batzuenak dira beste abestienak. Haietako batzuk aurretik idatzitako olerkiak dira, hala nola Jose Luis Otamendiren Zutaz letrak idazteko eta Itziar Ugarteren Maitatzeak. Olerki horiek musikatu ditu Elorrietak, baina bestelako sorkuntza prozesuak ere izan dira diskoan: «Nik melodia bat proposatu, haiek hitzak idatzi eta melodia eta hitza elkarrengana doitzen joan dira, kantua burutu arte». Horrela sortu du Iñigo Astizekin Esna kanta. Uxue Alberdirekin ere beste lau abesti sortu ditu. Alberdi, gainera, edizio literarioaz ere arduratu da.

Kanta guztien itzulpenak ere badakartza diskoak: gaztelerazko itzulpena Miren Agur Meabek egin du; frantsesezkoa, berriz, Itxaro Bordak.

«Bidelagunak baino gehiago, benetako konplizeak izan ditu Eñautek», azaldu du Elkarreko kideak. Besteak beste, Felix Buff, Amorante, Fernando Neira eta Xabi Zeberio musikariek hartu dute parte diskoaren grabazioan. Eider Corral izan da arte eta irudi zuzendaria. Eta Arriguri ikus-entzunezko ekoiztetxeak bi pieza sortu ditu: gaur estreinatu duten bideoklipa, Esna kanta lanaren sorkuntza prozesuan oinarritua, eta 2023an argitaratuko duten dokumental laburra.

Zumarragako kontzertuaren ostean, Andoainen (Gipuzkoa) eta Bastidan (Nafarroa Beherea) izango du hitzordua urtarrilean. Otsailetik aurrera, besteak beste, Urruñan (Lapurdi), Bilbon, Iruñean eta Lazkaon (Gipuzkoa) egongo da. Gaur jarri dituzte haietako batzuetako sarrerak salgai.

Gutxirekin asko

Elorrietaren «obsesioa» kantuaren esentzia bera da: «Hasierako enbrioi hori bukaerako emaitza horretan ahalik eta gehien mantentzen saiatzen naiz». Senari kasu eginez sortu ditu abestiak, eta Etxebarriarekin batera kantuentzako giroak bilatu ditu, «gauza desberdinak probatzen». Elorrietak aitortu du Etxebarriak «leku erosoetatik» atera duela eta hori izan dela emaitzaren «klabeetako bat».

Kantuaren esentzia mantentzeko, grabaketa «ezohikoa» egin dute, Elorrietak azaldu duenez. Lehenengo basea grabatu beharrean, ahotsa eta gitarra grabatu dituzte: «Hori izan da beste guztiarentzako oinarria, eta horren gainean joan gara kantak eraikitzen». Soinu naturala lortu dute horrela, artifiziotik urruti. «Kentzen eta kentzen eraikitako diskoa bat da», adierazi du Elorrietak. Haren iritziz, Etxebarriaren begirada «berebizikoa» izan da, «ahalik eta elementu gutxienekin ahalik eta gehien esateko borondate eta pasio hori duelako». Izan ere, musikariaren hitzetan, elementu gutxirekin asko esaten denean ñabardurek hartzen dute garrantzia: «Ñabarduraz betetako diskoa da hau».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©Mailo Oiarzabal

Pasio baten fruituak

Mailo Oiarzabal - Gipuzkoako Hitza

Urteetan jasotako eta gordetako bertso grabazioak transkribatzea erabaki zuen Xabier Unanuek duela ia hogei urte. 42.000 bertso baino gehiagoko bilduma osatu, eta Zestoako liburutegiari utzi dio.

Soledad Sevilla erakusketaren aurkezpenean, atzo, <em>Gatza</em> oihalaren aurrean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Trazu txikiko katedrala

Naroa Torralba Rodriguez

Soledad Sevilla artistaren 'Nire paisaia propioa' ikusgai dago Kubo Kutxan. Ibilbide baten proposamena da. Berak aukeratu ditu obrak eta kokapena
<em>Ketariatik mundura</em> pastoralaren bost partaideak. ©BERRIA

Elkanoren bidaia, pastoral «ttipi» batean

Uxue Rey Gorraiz

'Ketariatik mundura' «nanopastorala» eginen dute bihar iluntzean Iruñean. Hiru aktore eta bi musikari ariko dira, ordu eta erdiz. Mixel Etxekoparrek idatzi du obra
Denis Martinez eta Olaia Valle dantzariak, Barakaldo antzokian, <em>Esna</em> obraren entsegu batean. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Pertsona bat, mila aurpegi

Olatz Enzunza Mallona

Dantza eta antzerkia uztartuko dituen ikuskizun bat ondu dute elkarlanean Marie de Jongh eta Doos konpainiek: 'Esna'. Joko esperimentu gisa definitu dute. Bihar izango da estreinaldia.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.