Lehen ezustea, Joko Alaik

Zeanuriko taldeak Hernani kanporatu du, ustekabean, Berria Pilota Txapelketan. Tolosak nagusitasunez irabazi dio Ultzamari

jon eskudero
2018ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Orain arte inolako ustekaberik gabe zihoan XV. Berria Pilota Txapelketa, baina joan den asteburuan izan zen lehenengo ezustekoa, eta ez txikia. Lehen bi partidetan erakustaldia egin, eta Zeanuriko Joko Alai elkarteak irabazi egin zion Hernani multzoburuari. Txapelketa honetan lehen aldiz parte hartzen ari den arren, bikain ari da Bizkaiko taldea, eta ondo merezita izango da final-laurdenetan. Hain zuzen, Tolosaren aurka neurtu beharko ditu indarrak, gipuzkoarrek nagusitasun osoz gainditu baitzuten Ultzamako taldea asteburuan.

HERNANIN

Hernani 1 - Joko Alai 2

Igande goizez izan zen ezustea Hernaniko Udal Pilotalekuan, etxeko taldeak amore eman behar izan baitzion Zeanuriko Joko Alairi. Lehen kanporaketan egin bezala, maila bikaina erakutsi zuten bizkaitarrek, eta bistan utzi etorkizunean zeresana emango duten pilotariak dituztela. Haietako bat, Erkiaga II.a, kadete aurrelaria. Emaldi bikote hartuta, erritmo bizian ibili zuen pilota ezker eskuin, eta alde handiegia egon zen bi bikoteen artean. Uitzi eta Oiartzabal hernaniarrak ahalegindu ziren aurre egiten, baina alferrik: 22-8 galdu zuten. Erkiaga II.a kontuan hartzeko izena izango da etorkizunean.

Gogorra eta orekatua izan zen gazteen arteko neurketa, bukaerara arte, behintzat. Erkiaga I.a indartsu hasi zen atzeko koadroetan, eta, Urigoitiaren sendotasunak lagunduta, 15-4 aurreratu ziren bizkaitarrak. Pilotakada askokoak izan ziren tanto guztiak, baina Hernanik ez zuen zorte oso handirik izan. Partida ia amaituta zegoela zirudienean, ordea, buelta hartu zuen lehiak. Salaberria gehiago sartu zen jokoan, eta Intxausti ere bere onera etorri zen. Horri gehituz gero bizkaitarrek opari batzuk egin zituztela, 16-14 jarri zen norgehiagoka. Gipuzkoarrek puntua beharrezkoa zuten bizirik irauteko, baina ezin izan zioten presioari aurre egin. Amaieran hobeto jokatuta, 22-14 irabazi zuen Joko Alaik.

Hala, deus jokoan ez zutela jokatu zuten azken partida Ojuel eta Azpitarte hernaniarrek eta Mendia eta Beobide bizkaitarrek. Erdira arte orekatua izan zen lehia (11-9), baina, handik aurrera, Ojuelek beste abiadura batean jokatu zuen, eta ohorezko puntua eskuratu zuten etxekoek (22-11).

TOLOSAN

Tolosa 3 - Ultzama 0

Bezperan, berriz, Tolosan bertan hartu zuen etxeko taldeak Ultzamaren bisita, eta kanporaketak ez zuen kolorerik izan, aise nagusitu baitziren gipuzkoarrak. Kadeteen arteko partidako lehen tantoak soilik izan ziren orekatuak. Altuna eta Ugartemendia gipuzkoarrak lasai kantxaratu ziren, eta hori baliatu zuten Lopez de Zubiria eta Elizondok pultsuari bere horretan eusteko. Dena den, saskitik pilota biziago bat ateratzean, min handia egin zuen Altunak sakearekin, eta 22-8 nagusitu zen Tolosako taldea.

Are errazago irabazi zuen bigarren partida etxeko taldeak. Goikoetxea eta Etxeberriak oso serio jokatu zuten hasi eta buka, eta ez zieten ezertarako aukerarik eman Diez de Ultzurrun eta Arceri (22-3). Etxeberriaren joak zeresana piztu zuen pilotazaleen artean. Gauzak hala, dena erabakita zegoen nagusien partida hasterako, eta tentsio falta nabaritu zitzaien lau pilotariei. Hori bai, jaialdiko partida politena haiek egin zuten. Labaka eta Telletxea gipuzkoarrak distiratsuago aritu ziren, eta 22-13 menderatu zituzten Iriarte eta Sarasa. Azken hori ohiko mailatik urrun aritu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.