1 Formulako gidarien pare

Eneko Bilbao Urdaibaiko patroiak bide zuzenetik eraman zuen igandean 'Bou Bizkaia' trainerua, Bilboko erlojupekoan, aurrez zehatz egindako lanaren laguntzaz.

Eneko Bilbao, bandera astintzen, herenegun, Bilbon, Eusko Label ligako lehen estropada irabazi berritan. EUSKO LABEL LIGA.
Aitor Manterola Garate.
2018ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Buruz ikasiak izaten dituzte 1 Formulako gidariek zirkuituak, eta bihurgune bakoitza nolakoa den eta non dagoen, esate baterako, buruan ondo iltzatuta eramaten dute. Antzeko zerbait egin behar izan zuen aurreko astean Eneko Bilbaok (Bermeo, Bizkaia, 1995), baina ez ziztu bizian joaten diren auto horietako baten gidaria delako, baizik Urdaibaiko patroia delako. Eta herenegungo estropada Bilbon zelako, batez ere, ibaian eta erlojuaren aurka. «Metro bat gehiago ababorrera edo istriborrera joan, estropada galtzeko arrisku galanta egoten da», esan du Bilbaok.

Ondo asko gidatu zuen Bou Bizkaia trainerua patroi gazteak, aurtengo Eusko Label ligako lehen bandera Bermeora eramateko. Etxeko lanak aurretik ondo egitearen ondorioa izan zen lan ona: «Bi bider ibili ginen entrenatzen aurreko astean Bilboko eremuan, eta, horrez gain, Josebak [Joseba Fernandez entrenatzailea] ondo zehaztu zizkidan estropadan hartu beharreko norabideak eta ibilbideak. Bideo batzuk ikusteko ere esan zidan». Jakina zen denbora alde txikiak izango zirela, eta, halakoetan, komeni kontu txikienak ere ondo landuta edukitzea.

Zegozkion lanak ondo eginda eramateaz gain, beste egoera hau ere aldeko izan zuen Urdaibaik: azkena atera zen estropadan, ligako iazko sailkapena hartzen baita kontuan hurrengoaren hasierako jardunaldian. «Aurkari guztien erreferentziak geneuzkan, eta Josebak ondo kudeatu zizkidan denbora horiek. Gainera, gure txandakoen ibilbideak ikusteko aukera izan nuen, eta nondik joan edo ez joan erabakitzeko modua ere bai». Baina, jakina, gauza bat da azkena ateratzeko aukera izatea, eta bestea, ezinbestekoa, aukera horri etekina ateratzen jakitea. Eta Urdaibaik atera zion, bai.

«Liderraren postuan amaitu genuen iazko liga, txapeldun, eta aurtengoari ere lehen lekuan eman diogu hasiera. Bigarren estropadan, herenegun bezala, liderraren maillotarekin aterako gara», esan du Bilbaok. Garaipen orok duen berezko balioaz gain, beste hau ere eman dio igandean irabazi izanari: «Aurkariei esan diegu Urdaibai hemen dela aurten ere, eta, bestalde, sekulako konfiantza emango digu datorren asteburuko estropadak prestatzeko, larunbatean Portugaleten, eta igandean Zierbenan».

Bilbaok badaki hasi baino ez dela egin liga, eta jakitun dago goiz dela ondorioak ateratzeko. Hala ere, ikusi du uda guztian gerta daitekeenaren berri ematen dion egoera: «Iaz, hiru talde ibili ginen ia beti aurreneko hiru postuetan: Urdaibai, Hondarribia eta Orio. Aurten, talde gehiago ibiliko dira lehen postuetan, eta egun txarra daukanak arrisku galanta izango du goitik urrun bukatzeko». Orioren adibidea jarri du, igandekoa bertakoa: «Bederatzi segundo baino ez zituen galdu gurekiko, baina seigarren egin zuen».

Gertuago izan zuten Santurtzi, 2.34 segundora, eta harritu egin zuen Bilbao Sotera-k egindako lanak: «Estreinakoa izateko liga nagusian, hirugarren egin zuen, eta oso hurbil izan zuen bandera. Pentsa, Hondarribiaren aurretik ere egin zuen ia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.