Murrua abstrakziotik landu

'Nola sortu zen abstrakzioa Jorge Oteizaren muraletan' erakusketa aurkeztu du Nafarroako Unibertsitateko Museoak. Sortzailearen bi horma irudi dira bildumako pieza nagusiak
<em>Nola sortu zen abstrakzioa Jorge Oteizaren muraletan</em> erakusketako pieza nagusia da <em>Bachi omenaldia</em> izeneko horma irudia.
Nola sortu zen abstrakzioa Jorge Oteizaren muraletan erakusketako pieza nagusia da Bachi omenaldia izeneko horma irudia. IÑIGO URIZ / FOKU

Ane Eslava -

2019ko urtarrilak 9
Jorge Oteizak Huarte familia ezagutu izana mugarri izan zen hura arte sorkuntzan bete-betean sartu ahal izateko. Izan ere, Juan Huarte izan zen eskultoreari artelan bat aurreneko aldiz erosi zion pertsona, 1954an, eta orduan hasi zen adiskidetasun eta mezenasgo harreman luze bat. Haien arteko lehenbiziko topaketen ostean, Huartek lan egiteko espazio bat eskaini zion Oteizari, Madrilen, sormena garatu eta piezak egin ahal izateko. Han zegoela, Maria Josefa Huartek, Oteizaren Bachi omenaldia obraren zirriborro bat ikusi, eta hari eskatu zion erliebe hori eraiki zezala bere etxeko horma batean. Oteizak hala egin zuen, eta, horrekin batera, Elias bere suzko gurdian horma irudia ere egin zuen, etxeko sutondoan. Bi piezak sortzeko, Oteizak murruaren espazioa aztertu zuen, hainbat teknika erabilita.

2008an, Huarte familiak Nafarroako Unibertsitate Museoari eman zizkion bi obra horiek, bere bildumako beste hainbat lanekin batera, eta, orain, museoak ikusgai jarri ditu, Nola sortu zen abstrakzioa Jorge Oteizaren muraletan erakusketan. Bi pieza nagusi horiekin batera, beste hainbat ere jarri dituzte ikusgai: eskulturak, collageak, dokumentuak... Jorge Oteiza fundazioarekin elkarlanean antolatu dute erakusketa, eta haren nondik norakoak azaldu dituzte Gregorio Diaz Ereño Oteiza museoko zuzendariak, Elena Martin museo horretako kontserbazio arduradunak, Javier Arana Nafarroako Unibertsitateko Museoko zuzendariordeak eta Ignacio Migueliz komisarioak. Erakusketa otsailaren 10era arte egongo da zabalik.

Oteizaren muralak konprenitzeko, ezinbestekoa da ulertzea hark espazioaren eta argiaren inguruan zuen ikuspegia. Elena Martinek azaldu duenez, Oteizak murruaren ideia transformatu nahi zuen: murrua espazio bihurtu nahi zuen, osagaiak eta espazio hutsa aktibatzeko. «Murruaren aurreko espazioa oso garrantzitsua zen harentzat, ikuslea obraren barruan sartu nahi zuelako», adierazi du adituak. «Ulertzen zuen murruaren espazioak eduki behar zuela espazio bat aurrean, eta beste bat atzean. Hala, elementu formalak ez ziren geratuko hormaren planoaren gainazalean, baizik eta espazioan, flotatzen». Bestalde, argiztapena ere garrantzitsua da Oteizaren horma irudietan, formak definitzen baitira argiaren, masaren eta bolumenaren arabera, museoko kontserbatzaileak adierazi duenez.

Horma irudiak sortzeko, Oteizak hormaren espazioaren portaera ikertu zuen. Hasteko, aztertu zituen Kazimir Malevich artistaren margolanetako espazio hutsa, abstrakzioa eta geometria, eta lortutako ideiak hiru lanen bitartez hezurmamitu zituen: beirazko maketak sortu zituen murruaren espazialtasuna zalantzan jartzeko; ondoren, maketen bitartez lortutakoa garatzeko, collage serieak sortu zituen; eta, azkenik, eskultura batean ezarri zituen prozesutik ateratako ondorioak. Pieza horietako batzuk ere erakusketan daude.

Bachi omenaldia da erakusketako artelan nagusia. Martinek azaldu duenez, mural hori egiteko, Oteizak hainbat musikariren obrak aztertu zituen. Horietan oinarrituz, erritmoen eta sekuentzien serie bat sortu, eta muralean irudikatu zuen, horma pentagrama bat balitz bezala. «Muralak bost marra ditu, eta Oteizak elementu formalak sartu zituen horien gainean: erritmoak, tentsio puntuak, espazioak...». Hala, artistak lortu nahi zuen ikusleak obraren aurrean gelditzeko beharra sentitzea. «Gogoetarako espazio espiritual bat sortu zuen».

Ale xeheko kareharria zizelkatuz sortu zuen lana. Maria Josefa Huartek museoko arduradunei kontatu zienez, Oteizak obra ontzen zuen bitartean, bera haren ondoan egon ohi zen, prozesua jarraitzen, eta «zoragarria» zen eskultorea harria lantzen ikustea.

Bachi omenaldia eta Elias bere suzko gurdian Huarte familiaren etxeko egituraren parte ziren; etxeko horman sartuak zeuden. Hori dela eta, piezak Madrildik Iruñera garraiatzea «kontu handiz» egin beharreko lana izan zela azpimarratu du Ignacio Miguelizek. Erakusketan birsortu egin dute Bachi omenaldia zegoen gelako argia, efektu bera sortzeko: leiho baten ondoan zegoenez, foku bat jarri diote parean.

Abstrakziorako bidea

Jorge Oteiza fundazioak Nafarroako Unibertsitateko Museoari eman dizkion hainbat piezak ahalbidetzen dute bi artelan nagusiak testuinguruan kokatzea. Lan horiek erakusten dute Oteizak murruaren, espazioaren eta argiaren inguruan egin zuen lana, bai eta abstrakziora heltzeko egin zuen bidea ere.

Arantzazuko basilikan egin zuen horma irudiaren inguruko dokumentazioa garrantzitsua da bilakaera hori ulertzeko. 1951n, Oteizari eskatu zioten irudikapen erlijioso bat egin zezala. Hark, gaia islatzeko, erliebe obalatuak egin zituen, murru osoan zehar. Baina urte batzuk geroago, 1969an, lana berriz hartu zuen, eta guztiz aldatu zuen: erliebe guztiak kendu zituen, eta horma hutsik utzi zuen. «Hain zuzen, espazio huts horretan sortzen da topagunea hartzailearekin», adierazi du Martinek.

Horretaz gain, pieza nagusiak sortzeko egin zituen zirriborroak ere ikus daitezke. Azkenik, Altzuzako Oteiza museoan ere hainbat lan jarri dituzte ikusgai, erakusketa osatzeko. Erakusketa zabalik dagoen bitartean, bi museoak sarrera berarekin bisitatu ahal izango dira. Javier Aranak eta Gregorio Diaz Ereñok nabarmendu dute bi museoen arteko elkarlanak ahalbidetu duela artistaren lana gizarteratzea: «Museoen arteko sare lanak onura egiten dio gizarteari».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna