Harramazka egin du

Landak 19 segundo kendu dizkio Roglici, eta podiuma 47ra du orain. Petersek nagusitasunez irabazi du Giroko 17. etapa, ihesean

Harramazka egin du.
enaut agirrebengoa
2019ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Txirrindularitzan, segundo bakoitzak urrea balio du. Lezio hori ondo ikasi zuen Mikel Landak (Movistar) 2017ko Frantziako Tourrean: segundo bakarrarengatik gelditu zen podiumetik kanpo. Horregatik, orain, Italiako Giroan, aukera guztiak zukutzeko asmoz dago. Atzo, esaterako, helmugarako hiru kilometro falta zirela mugitu zen Anterselva mendatean, eta hemeretzi segundo kendu zizkion Primoz Roglici (Jumbo Visma), orain sailkapenean hirugarren denari. Hala, 47 segundora gerturatu zaio. Ahalegin betean jarraitu beharko du gelditzen diren mendiko etapetan, igandeko erlojupekoan galera izango baitu ziurrenik.

Podiumean sartzeko lehia talde lanarekin uztartu beharko du Landak. Izan ere, Richard Carapazen maglia arrosari eustea da Movistarren lehentasuna. Ekuadortarra gero eta lider sendoagoa da. Atzo, beste urrats txiki bat egin zuen, Roglici eta Vincenzo Nibaliri (Bahrain) zazpi segundo aterata. Anterselvako maldetan Nibalik oldarkor jokatzea espero zen, baina sarri indarrak baldintzatzen du ausardia, eta, atzo, italiarrak ez zuen bezperako pedal kolperik aurkitu. Hala, Carapaz berak egin zuen aurrera, Miguel Angel Lopezek (Astana) egindako erritmo aldaketari ihardetsita. Ez zen hozkada handia izan; nahikoa, ordea, lasterketako ziklistarik indartsuena dela berresteko. Nibali 1.54ra du jada, eta Roglic, 2.16ra.

Nolanahi, eguneko pozik handiena Nans Petersek (AG2R) hartu zuen. Frantziarrak aurreneko garaipena lortu zuen profesional gisa. Eta ez edonola, gainera: helmugatik hamabost kilometrora iheskideak atzean utzi, eta bakarrik iritsi zen helmugara, sekulako igoera egin ostean. Izen handiko jendea sartu zen eguneko ihesaldian; bertan ziren, esaterako, Davide Formolo (Bora), Bob Jungels (Deceuninck-Quick Step), Thomas De Gendt (Lotto Soudal), Fausto Masnada (Androni), Valerio Conti (UAE) eta Esteban Chaves (Mitchelton), besteak beste. Baita Victor de la Parte ere (CCC). Haien alboan, oharkabean pasatu zen Peters, baina denak ezustean harrapatu zituen etapako zatirik erabakigarrienean. Minutuko aldea atera zien berehala, eta azken igoeran handitu egin zuen aldea.

Atzetik Chaves eta Formolo helmugaratu ziren. Zazpigarren etapan bezala, kale egin zuen italiarrak, ihesaldiko ziklistarik indartsuena izanagatik. Dena den, zapore dezentez gozoagoarekin bukatu zuen atzo, ahaleginak sailkapen nagusiko hamargarren postura igotzeko balio izan baitzion. Tarte batean, lehen bosten artean sartzeko ametsa ere piztu zitzaion, zazpi minututik gorako aldea izan baitzuen. Alabaina, azken 50 kilometroetan tropeleko erritmoa gogortu zuten Astanak eta Ineosek, Formoloren saiakerak Lopezi eta Pavel Sivakov taldeburuei kalterik ez egiteko. Horrenbestez, kontrol lana besteren eskutan utzita, ia atseden eguna izan zen Movistarrentzat.

Taldeko liderrek, ordea, ez zuten jai hartu, erasokor jokatu baitzuten. Landa eta Carapazen mugimenduek hautsi egin zuten onenen multzoa, eta egon zen helmugan espero baino denbora gehiago utzi zuenik. Esaterako, Rafal Majkak (Bora) minututik gora galdu zuen aurkari gehienen aldean; ondorioz, sailkapeneko seigarren postua galdu, Lopezen mesedetan.

Gaur 222 kilometroko etapa luze eta laua egingo du tropelak. Distira egiteko azken aukera izango da esprinterrentzat. Lehia estua izango dute Arnaud Demarek (Groupama) eta Pascal Ackermannek (Bora), bai etapari eta bai puntuen sailkapenari begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.