Gai eta doinu ugariren printza

Ibilbidean egin dituzten bi diskoak biltzen dituen 'San Danetio' disko bikoitza plazaratu du Unidad Alavesa musika taldeak. Gaur Donostian joko dute, Ttan Ttakun irratiaren festan

Unidad Alavesa taldeko bost kideak. TERNARIO AJA.
Nagore Arin.
2020ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Orain dela ia lau urte sortu zuten Unidad Alavesa musika taldea, 1989. eta 2005. urteen bitartean euskal politikan zeresana eman zuen alderdia gogoan —EAEtik aparte, Arabak erkidego forala osatu behar zuela aldarrikatzen zuen—, baina taldeko kide guztien artean sakonki eztabaidatutako erabakia izateaz urrun, ezustean eta bat-batean hartu beharreko erabakia izan zen. Hala kontatu du Haritz Artola taldeko abeslari eta gitarra jotzaileak: «Jazpana festibala antolatzen du Beasainen [Gipuzkoa] lagun batek. Azken momentuan talde batek huts egin zuen, eta niri deitu zidan esanez bazekiela proiektu berri batean genbiltzala eta ea joko genuen. Baina arratsalde horretan bertan erantzun behar genuen, kartela ja atera behar zutelako. Izenik ez genuen, eta nik bakarrik asmatu behar izan nuen». Bost minutuan asmatu zuen, «argitasun une» baten ondotik, eta abeslariaren hitzetan: «Izan duen oihartzuna kontuan hartuta, esango nukeasmatu nuela izenarekin».

Ordutik, bi lan kaleratu dituzte: Unidad Alavesa 2017. urtean, eta Martin Martin 2019. urtean. Orain gutxi plazaratu dute bi lan horiek biltzen dituen diskoa, Gor diskoetxearen bitartez. Taldeak autoekoizpen bidez kaleratutako kantu guztiak jasotzen dituen disko bikoitza da. San Danetio du izena, Artolaren esanetan, «bi diskoen bilduma bat delako eta denetarik biltzen duelako». Hala ere, badu beste esanahi bat ere: «Gazteak ginenean erabiltzen genuen espresio bat da. Gaur egun, zaharrago garela, nostalgia puntu batekin gogoratzen dugu, eta berreskuratu egin dugu». Gaur Donostian joko dute, Ttan Ttakun irratiaren jaian. Unidad Alavesa taldearekin batera, beste lau taldek joko dute Gazteszena aretoan: Señor No, Dogo, Bullet Proof Lovers eta Koban. Gogotsu azaldu da abeslaria: «Aspaldiko lagunak dira batzuk, eta mundu berdintsutik gatoz. Desiratzen gaude joan, lagun zaharrekin egon, eta jotzeko».

Sortzaile izatea, handietsita

Ez da taldearen izena bitxia den bakana; izan ere, ezizenez deitzen diote elkarri. Cantaro Garrafa du izena, esaterako, Haritz Artola abeslariak: «Eboluzioa nondik nora doan ikusita, Valtonycen antzera ez amaitzeko egin dugu ezizenen hautua. Autozentsura da guztiok nahiko barneratuta dugun zentsura erarik gogorrena. Orain dagoena orain dela 25 urte ez zegoen, baina orain bai, eta gero eta gehiago». Talde gaztea den arren, musikaren munduan ibilbide luzea egin dute gehienek: «Guztiok gatoz ia-ia trogloditen urteetatik. Denbora daramagu musika jotzen. Ternario Aja [Iker Artza] eta ni, Cantaro Garrafa, 1996. urtetik; 25 urte daramagu elkarrekin. Gainera, Ternario Aja eta San Pete [Eneko Dorronsoro], lehengusuak dira. Bartolo Pichi [Gurutz Bikuña] ere ataundarra da, eta Nabosin Origen [Unai Munduate] ere bai... Oso erraza izan da. Hain da txikia Ataungo herria, ia-ia esfortzurik egin gabe elkartu gara». Talde askotan jo dute elkarrekin. Artola, adibidez, Brigada Criminal, Los Rockinson, Fist Fucking, Bizardunak eta Fiachras taldeetan aritu da. Artza, aldiz, Brigada Criminal, Stanislaw eta Los Rockinson taldeetan egon da. Dorronsorok Los Zopilotes Txirriaos, Errebal eta Deack Hicks taldeetan jo du. Bikuña, bestalde, Ancha es Castillarekin aritu da, eta Benito Lertxundirekin batera dabil egun. Eta Munduate, kiderik gazteena, Kuntu taldeko partaide izan zen.

Artolari zaila egiten zaio taldea genero musikal batean kokatzea: «Gure generoa da ia gaur egun genero identitateekin dagoen arazoa bezala; hainbeste musika entzun dugu bizi guztian zehar,hainbesteko fase bizi izan ditugu,bakoitza hain toki diferenteetatik dator...». Hortaz, haien diskoetan denetarik aurkitu daitekeela esan du abeslariak: «Elkarren osagarri izan gara, eta abesti oso diferente asko daude. Folka dago, rocka, punka... Nahasketa bat da». Bi diskoen berezitasunei so, lehena «leunagoa» dela aitortu du, eta bigarrena, aldiz, «rockeroagoa», Nabosin Origen bateria jotzailea batu zelako. Disko bat sortzeko prozesua ardatz, «sortzaile izatea handietsita» dagoela adierazi du abeslariak, «arlo musikalean behintzat». Abeslariaren aburuz, «nahiko arin» egiten dute sortzeprozesua, eta ez dute «aparteko inspiraziorik» behar. Orain, kontzertuak ematea da taldearen helburua: hilabetean bi. Biraren ondoren, hirugarren disko bat sortu nahi dute, betiere, zuzenekoetatik aldenduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.