Ilundu egin da zeru urdina

Kale edo bale egin behar du Manchester Cityk Txapeldunen Ligan, UEFAk datozen bi aldietatik at utzi baitu, finantza arauak haustea egotzita. Bernabeun ariko da gaur.

Manchester Cityko jokalariak, klubeko instalazioetan entrenatzen, atzo, Real Madrilen aurka jokatu bezperan. PETER POWELL / EFE.
enaut agirrebengoa
2020ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Urdin zegoen zerua Manchester aldean (Ingalaterra). Sky blues-ak —horrela deitzen diete Manchester Cityko kideei— beren historiako arorik loriatsuenaz ari ziren gozatzen, Pep Guardiolaren aginduetara. Denboraldi honetan, Liverpoolek itzalpean utzi ditu Ingalaterrako Ligan, baina zeruak oskarbi zirauen. Harik eta UEFAk aurrekaririk gabeko zigorra ezarri dion arte. Europako Futbol Federazioaren arabera, Manchester Cityk «arau hauste larriak» egin ditu finantza arloan, eta, ondorioz, 30 milioi euroko isuna ordaindu beharko du. Eta are okerragoa dena: ezingo da Txapeldunen Ligan lehiatu datozen bi denboraldietan. Kolpe oso gogorra da txapelketa hori obsesiotzat duen klubarentzat. Hori horrela, lainopean jokatuko du gaur Real Madrilen aurka, final-zortzirenetako joanekoan.

Cityk 2012tik 2016ra bitarte egindako ustezko azpijokoak zigortu ditu UEFAk. Erakunde horren arabera, klubak neurrigabe puztu zituen babesleei zegozkien diru sarrerak; eta modu horretan, urratu egin zuen finantzen joko garbia deritzona. Dopin ekonomikoa borrokatzea da arau horren helburua, kirol lehia gehiago desorekatu ez dadin. Hala, kluben gastua diru sarreren araberakoa izan behar da. Bada, UEFAk uste du Cityk amarruak egin dituela ahalik eta inbertsio handiena egiteko. PSG ere jopuntuan egon da azken urteetan, babesleekin sinatutako kontratuen balioa puzteagatik, eta zigorrak ere jaso ditu; ez, ordea, Cityri berriki ezarri diona bezain gogorra.

Kasuak 2018an egin zuen eztanda, Football Leaks webguneak eginiko filtrazio baten karietara. Klubaren barneko mezu elektronikoek frogatutzat ematen zuten Ingalaterrako taldeak neurriz kanpoko irabaziak izan zituela Etihad aire konpainiaren babesari esker. Harekin lotura estua dauka klubaren jabeak, Mansour bin Zayed Al-Nahyan xekeak. Enpresaren izena taldearen elastikoan eta estadioaren izenean ageri da, eta horren truke, 67,5 milioi libera —ia 81 milioi euro— irabazi zituen Cityk 2015-2016ko denboraldian. Alabaina, 2018an argitaratu ziren dokumentuen arabera, soilik zortzi milioi libera (9,5 milioi euro) zegozkion zuzenean Etihadekin sinatutako kontratuari. Gainontzeko kopuruak zerikusia izango luke Abu Dhabiko estatuarekin loturiko zenbait erakunderekin. Bertako errege familiako kide da Mansour bin Zayed xekea.

UEFAk berehala abiatu zuen ikerketa, eta bi urteren buruan hartu du kluba gogor zigortzeko erabakia. CFCB Kluben Finantza Kontrolerako Batzordearen arabera, Cityk babesletza kontratu artifizialen bidez orekatu zituen kontuak, eta, gero, «muzin» egin zion ikerketan laguntzeari. Hori ere arau hauste gisa jo du UEFAk.Kluba «nahigabetuta» agertu da, «baina ez harrituta». Prozesuaren independentziarik eza salatu du: «UEFAk hasi, prozesatu eta epaitutako kasua izan da». Ferran Soriano zuzendari nagusiaren ustez, auzi «politikoa» da, judiziala baino gehiago. «Jabeak ez du argitu gabeko dirurik jarri. Akusazioak faltsuak direla argi erakusten duten dokumentuak aurkeztu ditugu. Ordea, lapurtutako eta testuingurutik kanpo dauden mezuetan oinarritu da CFCB».

Hori horrela, Kirola Arbitratzeko Epaitegira (TAS) joko du Manchesterko taldeak. Hiru epailek aztertuko dute kasua: bat klubak berak proposatuko du; bestea, UEFAk, eta hirugarrena presidente gisa ariko den TASek berak izendatuko du. Epaiketa Lausanan (Suitza) egingo da, eta sententzia datorren sasoiko Txapeldunen Ligako zozketaren aurretik jakin liteke. Hori litzateke aukerarik onena, baina ez da ziurra. Gerta liteke TASek txapelketa abiatu ostean ematea erabakiaren berri. Epaia Cityren aldekoa balitz, kalte-ordaina eskatzeko eskubidea izango luke, baina txapelketatik at jarraituko luke. Zigorra behin-behinean bertan behera gera dadila ere eska dezake klubak, eta hala, datorren sasoian Europako lehiaketa nagusian parte hartzeko aukera izango luke. Haatik, ez dirudi TASek aukera hori emango dionik.

Ez da City arau ekonomikoak urratzeagatik zigortzen duten lehen aldia: 2014an 60 milioi euroko isuna ordaindu behar izan zuen, PSGren gisara. Frantziako taldea onik atera zen iaz Cityk orain bizi duenaren antzeko ataka batetik. Atzetik zuen UEFA bi aldiz zabaldu zion espedientea, baina TASek haren alde egin zuen, UEFA epez kanpo aritu zela argudiatuta.

Daukanari eutsi nahian

Orain, ikusteko dago Manchester Cityri ezarritako zigorrak zer eragin izango duen kirol esparruan. Txapeldunen Ligan aritu ezean, zail izango dute citizens-ek punta-puntako jokalariak limurtzea. Ordea, egun dituzten izarrak urrezko kaiola batean daude sartuta. Soldata itzelak dituzte, eta gainera, Premier Leaguen ez dago etete klausularik. 2025era arte dute kontratua Edersonek, Laportek eta Bernardo Silvak, 2024 arte Rodrik eta Phil Fodenek, 2023ra Kevin De Bruynek, Raheem Sterlingek eta Gabriel Jesusek, eta datorren urtera arte Sergio Aguerok, Fernandinhok eta Leroy Sanek. Egoera, oraingoz, kontrolpean dauka Cityk.

Gainera, Guardiolak bertan jarraitzeko asmoa duela baieztatu du, eta horrek ere erraztuko du jokalari onenei eutsi ahal izatea. Kataluniarrak 2021era arteko hitzarmena du klubarekin, eta bete egin nahi du kontratua: «Ez banaute botatzen, hemen geratuko naiz %100ean». Entrenatzaile kataluniarrarekin, Cityk goia jo du Ingalaterran; iaz, esaterako, etxeko lau tituluak irabazi zituen. Alabaina, ez du esperotako aurrerapausoa eman Europan. Bada, oraingoan, azken ostartea izan daitekeena baliatu nahi dute sky blues-ek. Bernabeun jokatuko dute gaur. Guardiolak ondo ezagutzen duen plaza da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.