Etxeko sotoan gordetako artea

Imanol Bengoetxea Barasoainen bizi zen andoaindarrak 700 artelan sortu zituen, baina inoiz ez zituen etxetik atera. Azterlan baten ondoren, horietako 220 ikusgai jarri dituzte Iruñean

Ziudadelako Mistoen Pabiloiko bigarren solairuan jarri dituzte Imanol Bengoetxearen obrak, espazioak antzekotasunak dituelako haren etxearekin. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2020ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Artea bizi zuen, eta artea zuen errealitatearen ilunetatik ihes egiteko bidea. Azkarra eta indartsua zen; sentikorra eta barnerakoia; eta hori dena artelanetan islatzen zuen. Soilik berarentzat sortzen zuen, ordea; etxe barruko intimitatean. Haren heriotzatik 26 urte igaro ondoren, itzalpetik atera dute Imanol Bengoetxearen izena eta haren lana. Izan ere, balio handiko obra artistikoa sortu zuen arren, etxeko sotoan gordea izan zuen beti. Ezkutuan. Orain, haren sendiak, ikerketa, inbentario eta katalogazio lan sakona egin ondoren, Iruñeko Ziudadelan jarri ditu ikusgai haren 210 artelan. Mistoen Pabiloiko bigarren solairuan egongo dira hilaren 19ra arte.

Bengoetxea sei seme-alabatan zaharrena zen. Andoainen (Gipuzkoa) jaio zen, 1962an, eta han igaro zituen bizitzako lehen urteak; ekonomia arazoen ondorioz, baina, haren gurasoek familiaren enpresa itxi behar izan zuten, eta Barasoainera (Nafarroa) aldatu. Bengoetxeak 13 urte zituen orduan, eta haren bizimoduak erabateko aldaketa jasan zuen. Bere desira handienetako bati uko egin behar izan zion: artea ikasteari. Horrek asko eragin zion, haren arreba Mari Carmen Bengoetxeak adierazi duen moduan: «Ikasi ezin izatea gogorra izan zen Imanolentzat; berak sortu egin nahi zuen, eta horretan zentratu zen: berdin zitzaion non; sortzea zen kontua».

Bengoetxearen prestakuntza autodidakta izan zen, beraz: behaketan, irakurketan, intuizioan eta etengabeko praktikan oinarritua. Haren gauzen artean teknika artistikoen inguruko liburu andana aurkitu dituzte, bai eta artearen historiari eta teoriari buruzko lanak ere. Horiek izan ziren artista gisa trebatzeko eskura izan zituen baliabide bakarrak.

Haren bizimoduaren ezaugarri nagusia bakardadea izan zen. Ez zuen lagunik, eta apenas zuen harremanik familiaz kanpoko inorekin. Anai-arrebentzat pertsona «azkarra, geldigaitza eta sentikorra» zen, baina baita «izaera menderaezin eta zailekoa» ere. Artistak berak bere oharretan idatzia utzi zuen berarentzat baino ez zuela sortzen: «Neure obra neroni zuzendua da. Naizenaren bilaketa bat da, nire pentsamenduena, besteek pentsatzen dutenarena, nire ustez pentsatzen dutenarena, ulertzen ez denarena; saiatzen naiz gauzak ulertzen, pozbidea aurkitzen, neure burua asetzen». Arteari emana bizi izan zen, baina gazte zendu zen, 31 urterekin, 700 lan baino gehiagoko ondarea utzita.

Haren heriotzaren ondoren, artistaren senideentzat ez zen erraza izan haren obrarekin zer egin erabakitzea. «Etxea eraberritzea erabaki genuenean, kosta egiten zitzaigun obra guztiak ateratzea, eta artista den bizilagun bati deitu genion, ikus zitzan», azaldu du arrebak. «Hasieratik esan zigun balio handia zutela».

Duela hiru urte erabaki zuten anaia nagusiaren obra ikertzea, uste baitzuten artearen zale baten lana izatetik harago zihoala. Artearen historian doktorea den Silvia Sadabaren laguntza izan zuten horretarako, eta erakusketaren komisario lana ere hark egin du. Ikerketa gauzatzeko zailtasunak izan zituztela azaldu du: «Dokumentazio falta handia zegoen, eta inbentario eta katalogazio lana egin behar izan genuen. Ia guztia datarik eta sinadurarik gabe zegoen; beraz, gaien arabera antolatu genuen». Ikerketarekin ondorioztatu dute Bengoetxeak artearen historia ezagutzen zuela, eta haren garaiko iturrietatik edaten zuela, baina «hizkuntza propioa» garatu zuela.

Ikusgai jarri dituzten lanen artean, batik bat margolanak daude, baina baita marrazkiak, eskulturak eta bestelako objektu batzuk ere. Lan figuratibo eta sinbolikoak dira, oso pertsonalak, eta giza irudia dute ardatz. Bengoetxearen izaera islatuta dago horietan. «Erraietako obrak dira; haren barrua islatzen dute, pertsona indartsua zelako, azkarra, baina gatazkak zituena», Sadabaren hitzetan. Artistak ez zuen errealismoa bilatzen, kontrakoa baizik: proportziorik eza erabiltzen zuen ikuslearen begirada nahi zuen tokira eramateko. Koadroen artean Pedro Manterolaren eta Jorge Oteizaren erretratuak daude, baina ezin izan dute argitu haiekin loturarik izan ote zuen.

Kolorea, keinua eta materia dira artelanetako protagonistak. Urdinak, okreak eta gorriak osatzen zuten Bengoetxearen paleta, eta modu pertsonal eta sinbolikoan erabiltzen zituen, espresionismora gerturatuz. Hala ere, lanak aztertzen hasi zirenean ez zen bereizten koloreen berezitasuna, narriadurarengatik, eta berriztatze lanekin atera zen argitara.

«Polita eta gogorra»

Artelanak sortzeko, egileak inguruan zuena aprobetxatzen zuen: eraikuntzan lan egiten zuen, eta hark egiten zituen euskarriak, laneko materialarekin. «Hala, indusketa lanetatik lortutako harearekin eskulturak egiten zituen, eta pintura potoak mihise gisa erabiltzen zituen».

Obrak erakusteko, Mistoen Pabiloiko lehen solairua aukeratu dute, espazioak antzekotasunak dituelako artistaren etxearekin. «Espazio guztiak aprobetxatzen zituen: etxean zegoen edozein horma lau margotzen zuen, eta mihise bakoitza bi aldeetatik erabiltzen zuen», kontatu du artistaren arrebak. «Sotoa gotorleku eta babesleku bihurtu zuen: hor egoten zen beti».

Mari Carmen Bengoetxea hunkituta agertu da nebaren lana erakusteagatik, hari eta haren obrari omenaldia egin ahal izango diotelako: «Prozesu polita izan da, eta aldi berean gogorra: zirraragarria». Nebaren lanarekin «oso harro» daudela nabarmendu du. Orain, nahi duen orok ezagutu ahal izango du Barasoaingo soto batean urte luzez gordetako artea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.