Albistea entzun

Etxera itzultzea, norbere bila

Elio Vittorini idazlearen 'Solasaldia Sizilian' eleberria plazaratu du Igelak, Pello Lizarraldek itzulita. Italia trenez zeharkatuko du protagonistak, sorterrira ama ikustera joateko
Pello Lizarraldek itzuli du Elio Vittoriniren nobela, eta idazle italiarraren euskarazko lehen liburua da.
Pello Lizarraldek itzuli du Elio Vittoriniren nobela, eta idazle italiarraren euskarazko lehen liburua da. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2021eko ekainak 12

Aitaren gutuna jaso du Silvestro Ferrautok, eta hura irakurri orduko hartu du trena, ama ikustera joateko. Bolognatik abiatu, Italia osoa zeharkatu, eta Siziliara itzuli da, aspaldi utzi zuen sorterrira. Eta, bueltakoa ez ezik, nortasunaren bilaketarakoa ere bihurtuko zaio bidaia, bidean zein helmugan topatuko dituen pertsonaiekin izandako elkarrizketen bitartez. Elio Vittorini idazlearen kontakizunak zentsura saihestea lortu zuen, eta, hala, Mussoliniren Italian argia ikustea lortu zuen eleberri antifaxista bakarra izan zen Solasaldia Sizilian. Euskarara ekarri du orain Pello Lizarralde idazle eta itzultzaileak, eta Igela argitaletxeak plazaratu du.

Liburuaren mamiaz eta formaz hainbat gako eman ditu itzultzaileak. Haren hitzetan, ia pentsatu gabe ekin dio bidaiari protagonistak, erabakia zergatik hartu duen ez dakiela, eta «erabat abailduta dago, zaurituta, minduta, munduari begira soraio»; edo, Vittorinik dioen bezala, «baretasunean ezaxola» dabil. Lizarralde: «Itxuraz, hiru gau eta hiru egun irauten dituen bidaia bat kontatzen du. Itzulera bat dago, eta nik esango nuke bilaketa bat ere badagoela».

Eleberriak bost atal izan arren, funtsean, hiru bereizi behar direla uste du itzultzaileak. Lehena, trenez zein itsasontziz, protagonistak Bolognatik Siziliarainoko bidea egiten duen tartea da. Ibilbidean, hura bezala aspaldi sorlekutik aldentzera behartuak izan diren lagun batzuk topatuko ditu. «Itxura batean, eman dezake gizon hauek, berarekin jardunean aritzen direnak, gogoz kontra egiten dutela bidaia; beren hitzetatik ematen du gorrotagarria zaiela sorleku hori, herra aspaldiko bat dutela gordeta, baina nahikoa da batzuetan fruta bat edo janari baten zaporea aipatzea, zirrikitu bat irekitzeko herra horretan, eta bat- batean ikusten da lurrarekiko sekulako atxikimendua dutela, eta haien benetako gogoa litzatekeela herri horretara itzultzea, baina ez dute sekula aitortuko».

Bigarrenean dago, itzultzailearen ustez, liburuaren muina, protagonistak amarekin dituen solasaldietan, hain zuzen ere. «Bilaketa bat da, hark bilatu nahi du benetan zer dagoen gogoan geratu zaion hartan; aspaldi utzi zuen herria, eta ikusi nahi du zer dagoen egiaz utzi zuen hartan, gogoan duen hori zer neurritan betetzen den». Amak laguntzen dio horretan, «solasaldi izateari utzi gabe, askotan galdeketa» bihurtzen diren elkarrizketen bitartez. Tarteka latza, tarteka dibertigarria da solasa, baina berdinetik berdinerakoa beti, «egiaz egina alde batetik eta bestetik». Eta horri esker jakingo du protagonistak zer utzi zuen bertan eta zer dagoen orain. Amak hori guztia kontatuko dio «batere itxurakeriarik gabe, ezer leundu gabe», Lizarraldek azaldu duenez, andre «oso gogorra, zaildua» baita, eta jardun hori da lanaren berezitasunetako bat; «ez dago hitz leunik, ez dago txorakeriarik, eta beti egia osoa esaten ez bada ere, azkenean, galderen bidez lortzen da jakitea zer dagoen bakoitzaren baitan». Itzultzailearen ustez, hain zuzen, «liburuak erakusten du dena ezin dela berreskuratu, baina neurri batean hor egongo zarela nahi ala ez; jaio zinen horretan geratuko zarela betiko, eta hori gainean eramango duzula nahi eta nahi ez».

Hirugarren atalean, protagonistak sorterriko karriketan topatuko dituen hiru eskulangilerekin —zorrotzailea, larrukigilea eta oihal saltzailea— dituen jardunak agertzen dira. Itzultzaileak azaldu du berak erabilitako edizioan Vittorinik azaltzen duela zer ordezkatzen duen bakoitzak, baina ez dituela ohar horiek sartu, liburua «gehiegi» esplikatzen dutelakoan. Anaituta ageri dira «mundu mindua» deritzotenaren aurrean, hari soluzioak bilatu nahian, solasetan errebeldia, utopia eta oinazea tartekatuz. «Eta batez ere eta gauza guztien gainetik, oso garbi dago faxismoak Sizilia gainean ezarri duen itzal zabal hori, eta nola bizi diren han abailduta, beren baitan bilduta askotan». Elkarrizketetako gakoetako bat errepikapenak direla zehaztu du, eta hari bat ezartzen dutela.

Nekea eta existentzialismoa

Euskaratutako Vittoriniren lehen lana da Solasaldia Sizilian, Lander Majuelo editoreak gogorarazi duenez. Sirakusan (Sizilia) sortu zen, 1908an. Trenbideetako langilea zuen aita sozialista; hori dela eta, tren bidaiak doan zituela probesturik, nerabea zela etxetik ihes egiten zuen. Geroago, irlako pobreziagatik, eta beste askok egin bezala, Italia iparraldera jo zuen; Venezia ingurura lehenik, eta Milanera ondoren. Majuelo: «Faxista izan zen, faxista iraultzaile bat, antiburgesa, oso antiklerikala, hasierako unekoa. Mugimenduaren egunkari eta aldizkarietan argitaratu zuen, eta faxismoaren ezker hegal horren parte izan zen». Erregimenarekin talka etorri zitzaion gero, ordea; 1936ko gerrarekin, Mussolinik Franco laguntzen zuela ikusita. «Pentsatzen zuen joan behar zela eliza eta pribilegioen aurka, errepublikaren alde jarri behar zela italiarren indar eta laguntza militarra». Bestelako testuak argitaratzen hasi zen orduan, baita lehen arazoak izaten ere. «Hala ere, lortu zuen 1938an egunkarietan Solasaldia Sizilian atalka argitaratzea, eta 1941ean ateratzea». Pasarte txiki bat moztu zion zentsurak, baina onartua izan zen nobela, beraz.

Liburuari, baina, «ajea irakurleen partetik» iritsi zitzaion, editorearen hitzetan: «Partisano taldeak hasi ziren irakurtzen, Italiako garaiko literaturan ordura arte agertzen ez ziren gauzak agertzen direlako: gerrari kritika bat, tristezia bat, inolako loriarik ez aurkezten den Italiaren irudian, pobrezia... Eta, hain justu, partisano taldeek irakurtzeak ekarri zuen Vittorini bera kartzelan sartzea, 1943an». Behin espetxetik irtenda, komunista egin eta Einaudi argitaletxean hasi zen lanean. Hil artean aritu zen editore, eta hainbat literatur aldizkaritako zuzendari. Milanen hil zen, 1966an.

Hurrengo idazle italiar belaunaldiak garrantzi handikotzat jo zuen nobela, aurrekoek utzitako «menturazko lan literario bakarra» zela esateraino, Majueloren hitzetan. Agertzen duen bidaian, haren ustez, ongi ikusten dira gerra betean zen herrialdearen garaiko nekea eta eztabaidak. «Izugarri nabari da existentzialismoa, eta nahiz eta autore aleman edo frantses batek emango liokeen erantzuna askoz ere transzendentalagoa litzatekeen, hemen modu oso italiarrean aldarrikatzen da, mundua pikutara baldin badoa joan behar zarela amaren etxera bazkaltzera, hor dagoela benetakotasunaren funtsa». Bat dator editorea itzultzailearekin: «Azkenean, etxera itzulera bat da, identitate bilaketa bat, eta identitate bilaketa hori osatzen da hizketaldiz hizketaldi».

Edizio lana berezia eta atsegina egin zaio Majuelori. Halakoetan, egile eskubideak eta beste agenteen bitartez negoziatu ohi badira ere, zuzenean idazlearen semearekin harremana egin zutela azaldu du, hark hala eskatuta, eta pozarren zegoela nobela euskaratuko zelako. Hitzaurrea osatzeko, berriz, aditu batengana jo zuten, Guido Bonsaver Italiako literaturaren eta kulturaren historiako Oxfordeko irakaslearengana, autoreari buruzko bere liburuetako bat eskatzeko. «Liluratuta, esaten zuen ezin zuela sinetsi euskaraz argitaratuko genuenik». Sarrera idazteko bere burua eskaini zuen irakasleak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Hizketa arruntaren bitartez gauza asko adierazi litezke»

Andoni Imaz

Mutil gazte batek, neska gazte batek eta gizon heldu batek iazko «bizi etenaren» ondoren izandako elkarrizketak kontatu ditu Segurolak 'Koiterezia' eleberrian, kontatzailerik erabili gabe.
Bi erakundeetako ordezkariak, atzo, Donostian. ©BERRIA

Tabakalera eta Tekniker, bat eginda arte sormena eta zientzia uztartzeko

Aitor Biain

Bi erakundeek lankidetza hitzarmen bat egin dute sortzaileen lana beste esparru batzuetara zabaltzeko. Lehen proiektu bat garatzen hasiak dira

Bisitari bi Guggenheim museoan, Alex Katz artistaren <em>Irribarreak</em> obra sortari begira. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Esperimentaziorako espazioa

Olatz Enzunza Mallona

Ezohiko materialak eta teknikak erabiltzen dituzten artistak bildu ditu Bilboko Guggenheim museoak 'Asmamenaren ildoa' erakusketan. Otsailaren 6ra arte egongo da ikusgai

Galder Perez eta Ane Zabala, obraren une batean. ©GILKITXARO

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.