Albistea entzun

Euskadiko Orkestrak 2021-2022ko denboraldia aurkeztu du, «inoizko garrantzitsuena»

Programazio «optimista» bat ondu dute: Brahmsekin hasiko dira, irailean, eta Wagner, Bartok eta Elgar batzen dituen proposamenarekin bukatuko dute, ekainean. Abendutik aurrera murrizketak arindu ahal izatea espero dute
Euskadiko Orkestrako 2021-2022ko denboraldia aurkeztu zuten Treviño zuzendari titularrak, Zupiria presidenteak eta Roch zuzendari nagusiak.
Euskadiko Orkestrako 2021-2022ko denboraldia aurkeztu zuten Treviño zuzendari titularrak, Zupiria presidenteak eta Roch zuzendari nagusiak. J. MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2021eko ekainak 18

«Itzulerarako deia» izateko helburuarekin, «inoizko programaziorik garrantzitsuena» egin du Euskadiko Orkestrak 2021-2022ko denboraldirako, Robert Treviño zuzendari titularraren hitzetan. Irailaren 27an hasiko da, Iruñeko Baluarte auditoriumean, Brahmsen konposizioekin, eta ekainaren 8an bukatuko da, Bilboko Euskalduna jauregian, Elgar, Bartok eta Wagner batzen dituen ikuskizunarekin. Guztira, 11 programa antolatu dituzte denboraldi berrirako, eta Oriol Roch zuzendari nagusiak nabarmendu du oro har «optimismoa» islatzen dutela:«Berreraikitzeko eta berpizteko denboraldia da; baita entzuleak eta haien konfiantza berreskuratzekoa ere».

Bada, era berean, aurreko bi denboraldietako oztopoak ahaztu ezinda taxututako egitarau bat ere. 2020ko udaberrian itzuli ziren lanera orkestrako kideak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu eta Euskadiko Orkestrako presidenteak azaldu duenez, eta harrezkero etenik gabe aritu dira, neurri andanarekin, eta, batzuetan, emanaldiak bertan behera utziz: «Ahalegin berezia egin dute: musikari gutxiago aritu dira lanean; elkarrengandik urrunago egon behar izan dute ikuskizunetan, eta, ondorioz, beste modu batera jo behar izan dute musika. Emaitza bikaina izan da». Halaber, Rochek esan du edukiera murrizketen ondorioz emanaldiak «ia bikoiztu» egin behar izan dituztela: 50 inguru programatu ohi dituzte denboraldi bakoitzean, eta 98 egin dituzte bukatu berri denean.

Hurrengo denboraldia ere modu berean hasiko dute, zuzendari nagusiak azaldu duenez: lehen bi abonu programetan —Brahms Fest eta Txaikovskirenean—, ikuskizunak bikoiztu egingo dituzte, eta 600 laguneko edukiera izango du emanaldi bakoitzak; abendutik aurrera, ordea, neurri gutxiago izatea espero du Rochek. Horiek horrela, denboraldi «progresiboa» ondu dute: pandemiak arintzera joko duela aurreikusten dute, eta, neurriak aldatu ahala, emanaldiekin ere beste horrenbeste egin ahal izango dute: batez ere, ikusle eta musikari kopuruak handituko dituzte, eta saio bakarra programatuko dute, bi egin beharrean.

«Ezohiko musika»

Entzuleek «ikas» dezaten ere badute xede, Treviñoren hitzetan: «Ezohikoa den musika aurkeztu nahi dugu». Ildo horretatik, sortzaile berriei ere tokia eskainiko diete. Alabaina, konpositorerik «maitatuenetariko eta sendoenetariko» bat nabarmentzen da denboraldian: Johannes Brahms. Kurtsoa harekin hasiko dute: irailaren 27tik urriaren 13ra egingo dituzten hamar saioetan, Brahmsen sinfonia guztiak joko dituzte, baita Biolinarentzako eta biolontxeloarentzako kontzertua eta Pianoarentzako 1. eta 2. kontzertuak ere.

Rochen arabera, Brahms «erronka bat» da Euskadiko Orkestra osatzen dutenentzat: «Robert Treviñorentzat, talde tekniko eta administratiboarentzat...». Eta, hala ere, bi programa eskainiko dizkiote. Martxoaren 23tik apirilaren 1era bitarte, Requiem joko dute, Ainhoa Arteta sopranoaren, Michael Nagy baritonoaren eta Iruñeko Orfeoiaren laguntzarekin eta Georg Marken zuzendaritzapean. Pandemiak zapuztu zizkien saioak iaz, eta 2021-2022ko denboraldirako berreskuratu dituzte.

Bertan behera utzi behar izan zuten, halaber, Gustave Mahlerren 2. Sinfonia, Berpizkundea izenekoa. 2019-2020ko denboraldia ixteko programatu zuten, eta, azkenean, 2021eko apirilaren 29tik 6ra bitarte egingo dute, denbora tarte nahikorekin, maskararik gabe kantatu ahal izango dutela bermatzeko. Treviñok zuzenduko ditu saioak, eta Sarah Fox sopranoa, Justina Gringyte mezzosopranoa eta Donostiako Orfeoia arituko dira.

Musikagile garaikideak

Konpositore klasikoen obrak sortzaile berrienekin nahastuko dituzte zenbait saiotan. Hala, Txaikovskiren programan —urriaren 28tik azaroaren 4ra—, musikagile errusiarraren 1. eta 3. Sinfoniak ez ezik, Pascal Gaigne konpositore garaikideak ondutako bi pieza ere joko dituzte: Urrutiko arimak eta Urruneko azalak. Gaignek bitan zatitu du lana: rochek azaldu du partiturek «nahasitako puzzle» bat sortzen dutela, «etorkizunean biak batera interpretatu ahal izango direlakoan».

Abenduaren 3tik 10era, Xostakovitxen 10. Sinfonia joko dute, eta, horrez gain, harparako zenbait pieza ere interpretatuko ditu Xavier de Maistrek, «munduko harpa jotzailerik onena», Rochen iritziz. Gero, Beethoven, Bartok eta Merah bilduko dituzte otsailaren 5etik 10era bitarteko programan; Mei-Ann Chenek zuzenduko du orkestra, eta Varvara arituko da pianoan.

Bernsteinen West Side Story interpretatuko dute otsailaren 21etik 25era, eta, harekin batera, Tian Zhou konpositorearen Orkestrarako kontzertua. Rochek azaldu duenez, «bere garaiko Bernsteintzat» jo dute Zhou AEBetan, non «oso hedatua dagoen» haren musika. Martxoaren 10etik 15era, Beethovenen 8. Sinfonia eta Berliozen Sinfonia fantastikoa joko dituzte, Pinchas Steinbergen zuzendaritzapean. Dvoraken programak, berriz, egun bakarra izango du: apirilaren 9an Mundu berria sinfonia interpretatuko dute, Smetanaren Saldutako neska laguna eta beste hiru dantzarekin batera, Pietari Inkinen zuzendari dutela.

Treviñok zuzenduko ditu denboraldiko azken bi programak: Dutilleux, Elgar eta Catalan uztartuko dituzte azken aurrekoan, maiatzaren 13tik 20ra bitartean, eta Asier Polo biolontxelo jotzaileak hartuko du parte; Elgar Bartokekin eta Wagnerrekin batuko dute azkenengoan, ekainaren 2tik 8ra, eta Pinchas Zukermanek joko du biola. «Helburua da ikuskizunetatik irten ondoren jendeak esan dezan: 'Nolatan ez dut hau lehenago entzun?'», adierazi du zuzendari nagusiak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Margoak, gaitzen aurka

Margoak, gaitzen aurka

Peru Azpillaga Diez - Bizkaiko Hitza

Ibarrangeluko kultur etxean (Bizkaia), Mari Carmen Zubietaren margolanen enkante-erakusketa solidario bat antolatu dute. Egitasmoaren bidez, Zubietak egindako artelana aitortzeaz gain, minbiziaren aurkako ikerketan lagundu nahi du haren familiak. Dirua lortzetik harago, “kontzientziazioa”; ere bultzatu nahi dute.

Mitsuko Uchida pianista japoniarra. ©HYOU VIELZ

Sarrera gehienak salduta

Gorka Arrese

Donostiako 82. Musika Hamabostaldia gaur abiatuko da. Abuztuaren 27a bitartean 75 kontzertu izango dira, 35 agertokitan. 1,8 milioi euroko aurrekontua dauka jaialdiak

Miren Amuriza, bertsolaria eta idazlea. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Sei bertso saio Gasteizen

Berria

Santa Maria plazan bertso saioak izango dira egunero, asteartetik igandera. Haurrentzat 'Urpekariak' antzerkia egingo dute hilaren 4an

Urtzi Urkixo, Mikel Erkiaga, Izaskun Araluzea eta Jenni Alvarado sarituak, Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuarekin. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Barriek, goi mailakoen pare

Nerea Lauzirika

Bizkaiko bost artistaren obrak ikusgai egongo dira Rekalde aretoan. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen duen Barriek programaren 10. aldian saritutako proiektuak dira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna