Azken uda dantza (VIII)

Metal doinuei gailendu zitzaiena

Latzen taldearen heavy metal doinuek berehalako oihartzuna izan zuten 1990eko hamarkadan. Irratiak ireki zien ospearen bidea, eta, bereziki, behin eta berriz errepikatu zuten baladak: 'Laztana'.

Uriarte, Martinez de Zuazo, Lazkano eta Azpitarte, 1996an, lehen diskoa kaleratu berritan. EUSKALDUNON EGUNKARIA.
aitor biain
2021eko abuztuaren 17a
00:00
Entzun

Azken esaldiak ematen dio neurria kantuari. Amorruzko oihu bat da, maitasun erregu bat, aitorpen sentimental bat: «Maite zaitut, laztana». Heavy metal doinuez osatutako disko batean kaleratu zuen Latzen taldeak Laztana kantua. Balada erromantikoak milaka belarri eta bihotz hunkitu zituen 1990eko hamarraldiaren bigarren erdian, eta oraindik ere taldearen ikurretako bat da. 1993 eta 1999 arteko bidea egin zuen Oñatiko (Gipuzkoa) heavy taldeak; sei urteko bide horretan gertatu zen dena: hasiera xumea, berehalako arrakasta eta ustekabeko desegitea. Bi disko eta maketa bat argitaratu zituzten tarte horretan, baina nahikoa izan ziren Euskal Herriko musikaren eszenan lorratza uzteko.

1990eko hamarkada hastearekin batera etorri zen aniztasuna euskal musikaren eszenara. Euskal Rock Erradikalaren garaia itzaltzen hasi zen apurka, eta proposamen eta doinu berriak azaleratu ziren. Heavy metala izan zen horietako bat; indar handia hartu zuen urte haietan bereziki —sortu berria zen Su ta Gar, besteak beste—, eta loraldi horretan hasi zuen bere bidea Latzen taldeak, hain zuzen ere.

Artean 16 urte baino ez zituzten Aitor Uriartek (ahotsa eta gitarra), Joxe Mari Azpitartek (baxua), Gorka Lazkanok (bateria) eta Iker Martinez de Zuazok (gitarra) taldea eratzea erabaki zutenean. Entsegu lokalean sartu eta bi urtera grabatu zuten haien aurreneko lana, Carlos Creator soinu teknikariarekin batera: Heriotzari deika. Sei kantuz osatutako maketa hura nahikoa izan zen milaka entzulerengana iristeko. Berehala zabaldu baitzen Euskal Herri guztian. Denbora gutxian 2.000 ale inguru saldu zituzten, Inaxio Esnaolak Badok.eus atariko biografian jasotzen duenez.

[youtube]https://youtu.be/WNmUqMR_hkE[/youtube]

Irratiak ireki zien bidea, ordea, eta uhinek hedatu zuten haien oihartzuna. Euskadi Gaztea maketa lehiaketaren aurreneko entzuleen saria jaso zuten, eta Egin Txotx! lehiaketa ere irabazi zuten. Lorpen horiei esker kasik kolpean etorri zitzaien ospea eta arrakasta, konturatu ere egin gabe ia. Aparraren gisan egin zuten gora, eta lehen diskoa kaleratzerako bazituzten zaleak han-hemen. «Jendeak berak eraman gaitu gorantz, eta horrekin oso denbora gutxian oso ezagun egin gara», adierazi zioten taldekideek Euskaldunon Egunkaria-ri 1996ko otsailean, elkarrizketa batean.

Urte bereko abenduan argitaratu zuten Oihuka diskoetxearekin Kontzientzia ala infernua estreinako diskoa. Metal kutsuko diskoa izan zen erabat: erritmo azkarreko kantuak, doinu gogor eta boteretsuak, gitarra indartsuak eta ahots melodiatsuak, hitz zainduak eta protesta kutsukoak: Bat gehiago, Hiesa ihes, Torturaren artea, Indarra, Metal erasoa, Ze ingo xu?... Eta hamaikako zerrenda horretan, pausa eta arnasaldi bat iradokiz, balada erromantiko bat: Laztana.

Singleari gailendu zitzaiona

Bateriaren hiru kolpe, eta gitarraren melodia distortsionatua baxuak, bateriak eta gitarrak ondutako oinarriaren gainean. Eten txiki bat, eta gitarraren melodia berriz oinarririk gabe. Eta bateriaren kolpeak ostera, Uriarteren ahotsari sarrera emateko: «Eztarriko korapil sendo hau/ nahi nuke askatzea/ kantu hau bukatzean...». 25 urte igaro dira jada ordutik, baina Uriartek berak egin du memoria ariketa, kantuaren nondik norakoak gogora ekartzeko. «Argi genuen balada bat behar zuela diskoak. Heavy disko batek ezinbestean behar zuen gure iritziz. Nik neuk, gainera, gogo berezi bat nuen betetzen duen balada horietako bat egiteko», esan dio Uriartek BERRIAri.

Taldekideek elkarrekin sortzen zituzten kantuak, abeslariak azaldu duenez; musika lehenik eta hitzak gero. Hala egin zuten Laztana-rekin ere. «Denon artean egiten genuen dena, baina egia da Laztana-ren kasuan ardura handia izan nuela nik; hitzen zati handi batekin identifikatuta sentitzen naiz». Han-hemen hartutako bizipenetatik jositako maitasun istorio bat da; hasieran mozkorraldietako sexua eta jolasa besterik ez zena, benetako amodioa bihurtzen den bikote harreman batena, alegia. «Buelta asko eman genien hitzei; azken unera arte aritu ginen aldatzen».

[youtube]https://youtu.be/K_P_exHFhAw[/youtube]

Kantuak sekulako arrakasta izan zuen, eta irratietan ere behin eta berriz jarri zuten. «Ez genuen halakorik espero, ezta inondik ere. Baina sortu genuenean jabetu ginen berezia zela». Ez zen inoiz single bat izan, ordea, nahiz eta askok «presio» egin zieten horretarako. «Asko gustatu zitzaiela entzuleei eta baliatzeko esaten ziguten. Eta, bai, guk ere gustuko genuen abestia, balada zaleak ginen, baina gure musika ez zen hori, eta ez genuen nahi gure lehenengo diskoarekin benetakoa ez zen irudi hori ematea». Hori bera jasota geratu zen 1998ko Egunkaria-n ere. Joseina Etxeberria Euskadi Gazteako esatariak azaldu zuen taldekideek egin zieten eskaera: «Taldekideek eskatu ziguten kanta hori ez sartzeko gure zerrendetan, beren estiloaren adierazle [ez] zelako. Hala ere, entzuleek behin eta berriz eskatzen ziguten jartzeko».

Eta lortu zuten, ez zen inoiz single bat izan, Uriartek gogorarazi duenez. «Baina, hala ere, kantuak bere bidea egin zuen, eta singleak baino sona handiagoa izatera iritsi zen». Eta oraindik ere jende askoren memorian iltzatuta dagoen abestietako bat da. «Garai hartan gutun pila bat jasotzen genituen, eta ez bakarrik amodio kontuei buruzkoak, gaixotasun eta heriotz kontuak hizpide zituztenak ere asko ziren. Horrek erakusten du kantua noraino iritsi zen».

1998an Ardi larruz bigarren diskoa kaleratuta, hirugarren lana grabatzear zirela desegin zen taldea, ezustean; 1999a zen, eta arrakastaren gailurrean ziren. «Dena elkartu zen: oso gazteak ginen, eta gero bakoitzak bere kontu pertsonalak zituen. Baina tira, taldea toki politean utzi genuela uste dugu». 2007an taldeari merezitako agurra emateko elkartu zen laukotea, eta Hellmuga zuzeneko diskoa eta DVDa argitaratu zituzten, Latzen behin betiko lozorroan uzteko.

[youtube]https://youtu.be/UXVOs3X5V-M[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.