Itsasoratu egin dira, barnekoa kontatzeko

Leioa Kantika Koralak 'Galerna' opera sortu du, Bermeoko 1912ko enbatan oinarrituta, eta bihar izango da aurrestreinaldia, Leioan. Loraldiak martxoan emango du, Arriagan

Kantika Korala, Galerna operaren entsegu batean. LEIOA KANTIKA KORALA.
Naroa Torralba Rodriguez.
2023ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Ehunka arrantzale hil ziren Bermeon (Bizkaia) 1912ko enbataren kari. Itsasoak irentsi zituen, eta, eskifaiak egindako azken bidaia hura omentzeko, itsasoaren argi-ilunak opera bihurtu ditu orain Leioa Kantika Koralak, Galerna izenpean. Loraldia jaialdiaren barruan, martxoaren 19an Bilboko Arriaga antzokian aurkeztuko dute, baina bihar egingo dute aurrestreinaldia, abesbatzaren sorterrian, Leioan (Bizkaia).

Duela 23 urte sortu zuen Basilio Astulez zuzendariak Leioa Kantika Korala. Udal musika eskolako ikasleak elkartu zituen, bi helbururekin: gazteak koru musikaren oholtzara erakartzea, eta haien prestakuntza hobetzea. Bi hamarkada igarota, lehen promozio horren katearen segida dira egun 9 urterekin sartu diren gazteak.

Erronkak gogoko ditu Astulezek, eta hala hartu zuen Loraldiaren proposamena: «Lau urte dira Loraldia jaialdiak kolaborazioa eskaini zigula. Kontzertu arrunta eskaini beharrean, buelta pare bat ematea pentsatu genuen, eta, azkenerako, ondorioztatu genuen aukera ona zela opera edo kantata antzeztu bat egitea». Hala sortu zen Galerna. Astulez bera aritu da zuzendaritza musikalean, Lucia Astigarraga arduratu da gidaritza eszenikoaz, eta David Azurza konpositoreak musikatu ditu Juan Kruz Igerabideren hitzak.

«Kontzertu tradizionaletik at dauden proiektu guztiekin oso jarrera zabala daukagu beti», zehaztu du Astulezek, eta sorkuntzarako talde lana goraipatu du: «Davidengan [Azurza] jarri genuen begia, eta baiezkoa eman zigun. Hark Juan Kruzi [Igerabide] hots egin zion, eta domino luze horren emaitza izango da domekan egingo duguna».

Abiapuntu izan dute enbata «historiko» hori, baina Azurzak zehaztu du «gaiak askorako» ematen zuela: «Argumentu txiki bat zehaztu genuen, itsasoari lotutakoa, eta Juan Kruz Igerabidek horri guztiari lotura eman zion, testuak sortuz».

Itsasoa da emanaldiko hari nagusia, eta dokumentazio lana egin dutela adierazi du Azurzak: «Euskal Herritik begiratu diogu itsasoari, euskal kulturan zeuden istorioak bilatu ditugu; dantza eta doinuen bila aritu gara. Ez zerbait folklorikoa egiteko, baizik eta zerbait sakona. Erraietatik ateratakoa». Astulezek gehitu du gizakiaren eta itsasoaren arteko harremanaz jardungo direla: «Migrazioaz, heriotzaz, eta itsasoak duen indarra eta izaera onartzeaz. Askotan jana eta gozamena ematen dizkigun bezala, badu ifrentzua ere gizakion kontra».

Proiektu iraultzailea izan da zuzendariarentzat: «Iluna eta sakona da, non beltza eta kolore ilunak garrantzitsuak diren [Kantikak duen zeinu adierazgarriena kolorea da, arropetan bereziki], eta errepertorioa oso lirikoa da. Aspalditik zuzentzen ditu haur eta gazte abesbatzak Azurzak, eta ondo ezagutzen ditu haien ahotsak: «Esperientziak irakasten dizu zer punturaino eska dezakezun, zailtasunak neurtzen dituzu, eta, halako batean, gai zara ordubeteko ikuskizun bat osatzeko». Korua da operaren protagonista nagusia, Astulezek nabarmendu duenez: «48 kantari egongo dira agertokian ordubetez».

Sei musikarik joko dute —tronpa, flauta, klarinetea, perkusioa, pianoa eta akordeoia—, eta lau bakarlarik abestu: Aitor Garitano tenoreak marinel gazte baten pertsonaia egingo du, eta Haizea Lorenzo, Ninbe Solana eta Enola Arruebarrena sopranoak laminak izango dira. Aktore bat ere izango da tartean: Jon Ander Urresti.

Nazioarteko bilgunea

Lucia Astigarragaren gidaritza nabarmendu du Astulezek: «Korukideei askatasuna eman die inprobisaziorako. Formaz eta izaeraz aldatu egingo direnez, Luciak haien modura, naturalki egin dezaten xaxatu ditu. Dudarik gabe, bizitza osorako geldituko zaie opera honen esperientzia».

Kantikaren Galerna emankizunak eten bat izango du apirilean, Istanbulera joango baita korala, musika koralaren nazioarteko sinposioan parte hartzera: «Eskaera egin duten 92 koraletatik, hamar abesbatza joango gara. Mundu koraleko ekitaldirik inportanteena da hau, eta harro hartu dugu gonbidapena, ilusioz. Apirilaren 25etik 30era bi kontzertu emango ditugu, Euskal Herrian egiten den musika garaikideari omenaldi bat egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.