Donostiako 53. Jazzaldia

Negarrak, irriak eta aieneak

Mikel Laboa hil zela hamar urte betetzear diren honetan, haren kantuetan oinarritutako kontzertu bat eman du Iñaki Salvadorrek zuzendutako seikote batek Viktoria Eugenian.
Iñaki Salvador, Ainara Ortega, Javier Mayor de la Iglesia eta Maria Berasarte, atzoko kontzertuan.
Iñaki Salvador, Ainara Ortega, Javier Mayor de la Iglesia eta Maria Berasarte, atzoko kontzertuan. ANDONI CANELLADA / FOKU

Mikel Lizarralde -

2018ko uztailak 27
Kiko Venenoren kantu batek zioen bezala, bizitza negarrez eta barrez, malkoz eta irribarrez betea egon ohi da. Asko izan dira urteetan Mikel Laboaren (1934-2008) kantuekin negar egin dutenak, hunkitu direnak; baina izan dira harekin barre egin dutenak ere, Laboak irribarrea eragiten baitzuen, nahiz eta berak, batzuetan, ez asmatu zergatik. Laboarekin negar egin zuen, eta negar egiten du Iñaki Salvadorrek, baina, «hori bezain inportantea», barre ere egin zuen. «Mikelek irribarrea ateratzen zigun, nahita eta nahi gabe».

Abenduan, hamar urte beteko dira kantaria hil zela, eta haren omenez atzo eguerdian Donostiako Viktoria Eugenia antzokian antolatutako kontzertu jendetsua ere irri eta barre egiteko espazioa izan zen. Hunkidurak ere bietatik baitu. Iñaki Salvadorrek 25 urtez egin zuen lan Laboarekin, eta ondo ezagutu zituen hala kantaria nola haren kantuen hezurdurak eta erraiak. Ezagutza horretatik abiatuta, eta aparteko talde batek lagunduta —Ainara Ortega (ahotsa), Maria Berasarte (ahotsa), Angel Unzu (gitarra), Hasier Oleaga (bateria) eta Javier Mayor de la Iglesia (kontrabaxua)—, Laboaren kantuak berrinterpretatu zituen Salvadorrek. Harekiko errespetuz eta miresmenez, baina kantariak beti erakutsi zuen askatasuna ere beretzat hartuta.

Esana zuen Salvadorrek jazzaren galbahetik igaroko zituela Laboak abestu zituen kantuak, eta horrek giro, ehundura eta umore guztiz ezberdinekin jokatzeko bidea eman zion. Kantuz-ekin hasi zuten emanaldia, Salvadorren piano hutsarekin eta Ortegaren ahotsarekin, baina gitarra, kontrabaxua eta bateria gehitzen joan ziren neurrian, in crescendo joan zen pieza, Berasarteren aieneek giro bihurri bezain berezia sortzen zuten bitartean.

Oso bestelakoa izan zen, berriz, Hegazti errariak-en interpretazioa; bizia eta jostarina, jatorrizko dramatismoa eta tempo lasaia albo batera utzita. Eta ildo berean kokatu zen Laboaren kantuen artean kantatuenetakoa dena: Izarren hautsa. Ortegaren eta Berasarteren ahotsek gorde zuten bozaren melodia, baina Salvadorren konponketa, jazzera lerrotuagoa, dramatismo existentzial guztia kenduta iritsi zen. Oso bestelako pieza eman zuen, nahiz eta Xabier Leteren kezka existentzialek hor iraun.

Bi ahots, bi estilo

Ortegak eta Berasartek ahots molde ezberdinak dituzte. Swingaren jabe da lehenengoa, eta jazz eremuetan eroso mugitzen da; bigarrenak fadoaren adierazkortasuna eta dramatismoa gordetzen ditu bere barrenean. Horregatik, Berasarte Salvadorrekin eta Unzurekin gelditu zen Joseba Sarrionandiak idatzi eta Laboak kantu bilakatutako Nao es tu faculdade de sentir sentitu eta eder bat interpretatzeko. Gorantz zihoan kontzertu baten lehen une gorena izan zen.

Ez zen azkenekoa izan, ordea. Mikel Laboa omentzeko «festa» zen atzokoa, «opari bat», Salvadorrek adierazi zuen bezala. Eta baita aitorpen bat ere. «Zure falta sentitzen dugu, eta gaurko kontzertua zuretzat da», adierazi zuen Salvadorrek. Eta Laboa bera falta bazen ere, haren espiritua Ortegaren ahotsaz jabetu zen Haize hegoa-ren joko bihurrietan. Lan zaila erraz bihurtu zuen abeslariak; edo hala eman zuen behintzat. Kantu laburra da berez Haize hegoa, minutu eskasekoa, baina Salvadorrek eta lagunek asko luzatu zuten, jazz banda baten eran, taldekideei aukera emanez solo txiki bana egiteko. Oi Pello Pello-k ere jazz kutsu erabatekoa hartu zuen, eta Berasarteren ahotsaren protagonismo handiak jatorrizkotik urrun eraman zuen Antzinako bihotz. Jazzaren, musika garaikidearen eta esperimentazioaren arteko leku ezezagun eta zeharo aske batera.

Oso bestelakoa izan zen, ordea, Lizardi-ren interpretazioa. Soila, jatorrizko tango egiturara atxikia, Ortegaren ahotsak maila gorenera altxatu zuena. Abeslariak berak adierazi zuen bereziki maite zuela abestia: «Atxagaren testua surrealista delako; edo bestela ni neu naizelako surrealista». Beste une magiko bat.

Ezinbesteko Txoria txori etorri zen ondoren, eta, Salvadorrek «programa ofizial» gisa definitu zuena amaitzeko, Baga Biga Higa apoteosiko bat. Musikariek oinarri jazzistikoa jartzen zuten bitartean, Laboak Lekeitio-etan islatu zuen hizkuntzaren berrinterpretazio pertsonala egin zuten Ortegak eta Berasartek, sustraidun musikak eta abangoardiak bat bilakatuz.

Amaitua zen kontzertua, baina Salvadorrek aurretik iragarria zuen bazutela propinatxoren bat, eta oholtzatik alde egin eta berehala itzuli ziren, Negu hurbilak-ekin agur esateko. Hunkituta denak ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna