Batelikuan itsasoa zeharkatuz

Teink Trofeoan hemeretzi bateliku aritu dira lehian, Castro Urdialesetik Donibane Lohizunerako ibilbidean. Arraun Laguna batelikua izan da garaile, lehen aldiz

Azken-aurreneko etapan, Oriotik Pasaiara joan ziren. Irudian, batelikuak Pasaiako portuan kairatuta. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Pasaia
2018ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
«Zinez, lasterketa bikaina da itsasoa, batelikua eta Euskal Herria maite dituztenentzat». Horrela deskribatu du Jon Frahierrek Teink Trofeoa. Lapurtarra da, Senperekoa, eta aurten bigarren aldiz parte hartu du; argi dauka urtez urte jarraituko duela.

Teink Trofeoa Hego eta Ipar Euskal Herriko kostak batzen dituen txapelketa da, batelikuan portuz portu euskal kosta igaroz egiten dena. Ur Ikara elkarteak antolaturik, aurten 26. aldiz egin dute, eta 85 itsas miliako ibilbidea egin dute sei etapatan (157 kilometro). Uztailaren 30etik abuztuaren 4ra Castro Urdialestik (Espainia) Donibane Lohizunera (Lapurdi) hemeretzi bateliku lehiatu dira, etapak eta arraunaldi kronometratuak nahasten dituen lasterketan. Ontzi bakoitzean hiru pertsonak egiten dute arraun, batez beste, eta aurtengo txapelduna Arraun Laguna batelikua izan da.

Teink Trofeoaren erdigunean batelikua dago. «1990. urtearen amaieran, oso bateliku gutxi geratzen ziren: desagertzear zeuden. Sokoako [Lapurdi] Ordoki ontziolan bizpahiru baino ez zeuden», Serge Maestre Ur Ikara elkarteko lehendakariordeak dioenez. Hala ere, lau lagunek euskal kosta batelikuetan zeharkatzea erabaki zuten: 1992ko udan, Donibane Lohizunetik Billbora Teink batelikuan joan ziren. Hurrengo urtean antolatu zuten batelikuaren izen bereko trofeoa. «25 urteotan batelikua betikotzea eta garatzea lortu dugu:40 batelikuk osatzen dute, egun, ontzidia», esan du Maestrek.

Urte hauetan, itsasoko eta lurreko laguntza garatzeaz gain, ibilbidea ere luzatu egin dute, eta egun, Castro Urdialestik Donibane Lohizunerakoa da.

Trofeoa gaztetzen

Ur Ikara elkarteko presidenteordearen arabera, «aurten gazte ugari parte hartzen hasi da». Hemeretzi batelikuetatik hamabost 40 urtetik beherakoek osatu dituzte, eta gainerakoetan 50 urtetik gorakoak dira arraunlariak, Maestrek dioenez. «Gazteen parte hartzea handitzea oso garrantzitsua da Teink Trofeoak iraun dezan, eta trofeoaren memoria gordetzeko». Gainera, aurtengo txapelketa «ona» izatearen beste arrazoi bat eguraldia izan da: «Eguraldi ona egin digu; bizpahiru egunetan baino ez da eguraldi txarra izan», dio Maestrek. Hala ere, itsaso «biziki zakarra» egotearen kexu da Frahier. «Poztekoa da» ez dela inolako arazorik egon ez itsasoko eta ez lurreko laguntzari dagokienez.

Frahier Maestrek hizpide zituen gazte horietako bat da, baina bera lehengo urtean hasi zen Teink Trofeoan parte hartzen: «Txikitatik segitzen dut txapelketa, nire aita laguntzen aritzen delako. Arraunlari guztiak arraunean ikusten nituen, giro ederrean momentu onak pasatzen, eta lehengo urtean, 25 urterekin, erran nuen: 'Bale, hasiko naiz, entrenatuko naiz, eta egingo dut'. Hau bigarren urtea dut, eta seguru: jarraituko dut parte hartzen urtez urte».

Edonork parte har dezake

Trofeoan edonork parte har dezake, baina zailena batelikua eskuratzea izaten da, Frahierren esanetan: «Elkartean zazpi bat bateliku badituzte, eta parte hartzaileei ematen dizkiete, baina gainerakoak eskuratzeko bilatu egin behar da, eta jabeekin adostu. Bestenaz, denei irekia dago parte hartzea». Ez dago aurrez denbora luzean entrenatu beharrik ere: «Egina nuen arrauna gazteago nintzela, baina urte batez bakarrik. Beraz, ez nuen mailarik. Entrenatu nintzen bizpahiru hilabete hasi aintzin, teknika landuz, batez ere; eta eginda»

Hala ere, «maila desberdintasun handia» antzematen da: Frahier bezala, arraunlari batzuk gutxi entrenatu dira, eta beste batzuek urte osoan egiten dute arraun. Baina Frahierren arabera, «maila desberdintasunak ez du giro orokorrean kalterik egiten: denok hemen gara momentu goxo bat pasatzeko. Batzuek sailkapen on bat eskuratzen dute, eta beste batzuek, ez».

Aurtengo txapelketa «aski zaila» egin zaio Frahierri. Izan ere, bere batelikuko kide bat gaixotu egin da, eta bik egin dute arraun bere batelikuan, hiruk egin beharrean. «Itsaso biziki zakarra egon da, olatu anitzekin, eta guk biok indar handiz eman behar genuen aitzinatzeko». Hala ere, batelikuan giroa «bikaina» izaten da: «Kantatzen dugu, txisteak kontatzen ditugu... Lasterketa denboran, horretara gaude, baina, lagun artean gaudenez, momentu goxoak pasatzen ditugu, zinez».

Portura iristean, bazkaldu egiten dute, eta atseden hartu. Herria ezagutzeko parada ere izaten dute, eta gauean kiroldegietan egiten dute lo.

Maestreren arabera, trofeoaren zutabe diren balioak lehia eta bizikidetza dira, eta etorkizunera begira argi dauka: «Gazteei trofeoaren memoria transmititu behar diegu: hori da garrantzitsuena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.