1918ko giroarekin solasean

'Biarritz 1918-2018' erakusketa estreinatu dute Bellevuen. Picassoren 'Bainulariak' oinarri, dozena bat artistaren obrak daude ikusgai, Buren, Messager eta Convert barne
Hainbat artistaren margolanak eta eskulturak daude, besteak beste, Miarritzeko erakusketan.
Hainbat artistaren margolanak eta eskulturak daude, besteak beste, Miarritzeko erakusketan. ISABELLE MIQUELESTORENA

Nora Arbelbide Lete -

2018ko abuztuak 9
Hor dago Pablo Picassoren obra. Miarritzeko (Lapurdi) itsasargia gibeleko planoan, eta hiru bainulari lehen planoan. Erakusketara sartu eta lehen margolana da Les Baigneuses (Bainulariak), 1918an margotua. Bere txikitasunean, handi. Miarritzerentzat, bereziki; postal bat baino ederrago. Nork, eta Picassok berak margotua. Noiz, eta uda beteko hiriaren erakusketa nagusian.

Margolan honetatik du moldatua Didier Arnaudetek Biarritz 1918-2018 erakusketa. Bainulariek diote «zentzu ematen» erakusketari, gainerako artista guztien obrei, komisarioaren hitzetan. Hori bai, Picassorena margolan bakarrenetakoa da Bellevue honetan. Ez dadila gaizki ulertzerik izan. Ez da Picassoren obren erakusketa bat. Zenbait lan aurkitu daitezke, baina Picassozaleak ez dira baitezpada aseko. Presentzia anitzez handiagoa dute gaur egungo artisten obrek. Izan ere, 1918ko bainularien mendeurrenaren ondoan, Baiona eta Miarritzeko arte eskolaren hamar urteak ospatu nahi izan dituzte. Eta, horretarako, eskolak hamar urte horietan gonbidatu artista garaikideen obrak ekarri dituzte erakusketara. Tartean, Pascal Converten lanak besteenak baino gehiago daude. Artista honek baitu arte eskola sortua. Baina hor dira ere Annette Messagerrenak edo Daniel Burenenak, esate baterako.

Bi alde

Alde batetik, Picasso eta bere garaiko lagun ezagunen famarekin jostatzen da erakusketa. Erreferentziatzat hartu duen 1918ko uda hartatik hainbat hilabetera bururatuko zen Lehen Mundu Gerra. Orduan, aristokrazia eta burgesia anitz zen metatzen Miarritzen. Justuki, gerratik urrun zelako. Erakusketan dago, adibidez, Gabrielle Coco Chanelen lehen saltegiko kutxa bat, Miarritze idatzirik agertzen baita hor. Izan ere, bertan zuen ireki lehen saltegia. Eta Picassoren adiskidea izan zen Chanel. Hor daude, halaber. La Mimoseraie Eugenia Errazurizen etxearen argazkiak. Geroztik desagertu den etxe horretan egon baitzen Picasso; izan ere, Errazuriz mezenasa izan zen. Eta han egon ziren, Picassoz gain, Blaise Cendrars poeta eta Igor Stravinski musikaria ere. Olga Khokhlovak ere presentzia berezia dauka; ezkondu berritan iritsi zen Miarritzera senarrarekin, Picassorekin. Khokhlovak margolariari bidali maitasun gutun zenbait jarri dituzte hor. Argazkien bitartez, baina, erakusketa har daiteke artista haiek orduko aristokraziaren giroan bizi zezaketena irudikatzeko proposamen baten gisa. Gerlak ere badu leku bat, soldadu zaurituek batez ere. Kolpatu anitz ere ekarri baitzituzten hiriko hoteletara.

Baina erakusketak badu beste alea ere; hor dago artea. Bainulariak horrek ere badu sakontasunetik: koadroak badu bere garrantzia Picassoren obran, Didier Arnaudet azaldu duenez. Bainulari horiek Picassoren kubismo garaiaren bukaera markatzen dute. Horiekin sartuko da margolaria klasizismoan, margo figuratiboagoa izanen du berriz. «Baina, halere, hurbilagotik begiratzen baditugu, ohar gaitezke ez dela hain klasiko. Arrunt bihurdikatuak dira bainulariak».

Eta horra Arnaudetek bi artisten artean asmatu lehen elkarrizketa baten abiapuntua: arrunt bihurdikatua da Denis Darzacqen dantzaria ere. Argazki handia da Darzacqena, eta erakusketa hesten du. Eta, halako batean, begi keinua agertzen da. Argazkietan agertzen den Juliette Gernez dantzariak kasik Picassoren bainulariaren gorputz joko bera du. Karrikan da, eta ibiltzen ari den jendearen artean inprobisatuak dirudite ingurukoek.

Bi garai arrunt desberdinetan eginak dira bi lanak, bi teknika arrunt desberdinekin. Baina hor dago kontua. Arnaudetek pentsatzen du beti «problematika» bera dela: «artea». Eta artearen barruan «berritzaileak» diren lanak egin nahia. Baina komisarioak argi utzi nahi du beste kontu bat ere: erakusketaren ideia ez dela sinetsaraztea Picassoren obra dutela oinarri bildu dituzten artista garaikideek oro. Baliteke Darzacqek ez ezagutzea bainularien margolana. Begi keinu kontu bat da gehiago; joko bat. Arnaudetek dituen jakintzetatik, gustuetatik eta obra jabeen sareetatik lortu dituen obren artean proposatutako ibilaldi bat.

Modernitatearen poesia

Guillaume Apollinaire eta Jean Cocteau poetek irudikatu modernitatearen poesia korrontearen gisara aritu dela azaldu du Arnaudetek. Poeta biak ziren Picassoren lagunak, eta biek badute presentzia erakusketan. «Eguneroko bizitzaren elementuak sartzen hasi ziren orduan beren poesian. Mintzatzen ahal dira beren etxezainaz, karrika bat zeharkatzen ari den pertsona bati buruz, eta, aldi berean, antzinako poeta baten erreferentzia bat egin dezakete». Arnaudetek azaldu du horrela pentsatua duela erakusketa. Erran nahi baita, agian lehen kolpe batean bistakoak ez diren hurbilpen batzuk eginez, «mundu batetik bestera pasatuz eta interpretazioari leku bat atxikiz».

Beste adibide bat emateko, Arlekini eskainitako aretoa dago. Picassok marraztutako Arlekin dago zintzilik bertan. Marra bakarrarekin egin marrazkia da. Kolorerik gabekoa. Delphine Coindeten prismak diote ematen kolorea nonbait, baita Nina Childressen margolanak ere, non ageri baita emazte berde bat jarleku batean eta ondoan eskafandra batean sartu pertsona bat, egoera bitxi bat sortuz. «Bisitari batzuk dudan jarriko dituzte behar bada zenbait artisten lanak, erranez ez dela artea», Arnaudeten ustez. Baina Picassoren horiek ondoan jarriz nahi du ohartarazi Picassok berak ere egin izan dituela gauza bereziak bere garaian.

ERAKUSKETA

Izenburua. 'Biarritz 1918 & 2018'

Artista zenbait. Pablo Picasso, Guillaume Apollinaire, Jean Cocteau, Daniel Buren, Nina Childress, Annette Messager, Delphine Coindet, Pascal Convert, Denis Darzacq, Gloria Friedmann, Eric Poitevin, Julien Previeux, Barthelemy Toguo,

Non. Miarritzeko Bellevuen.

Noiz. Irailaren 30a arte. Egun guziz irekia, 11:00etatik 20:00etara, astearteetan salbu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Nora Arbelbide Lete

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna