Harrikada Fest: elektronikaren topagune bat

Musika elektronikoa oinarri duen Harrikada festibala izango da ostiraletik igandera, Ozetan. Euskal Herriko eta Alemaniako DJak izango dira, besteak beste

Festibalaren antolatzaileetako batzuk, astebururako gunea atontzen. BERRIA.
aitor biain
Gasteiz
2018ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Topagune izan nahi du Harrikada festibalak. Alemaniaren eta Euskal Herriaren arteko elkargune izan nahi du, zubi lanak egin musika elektronikoa eta artea oinarri hartuta. Aurreneko aldia du jaialdiak, eta Berlingo musika elektronikoaren eszena Euskal Herrira hurbiltzea du xede, besteak beste. Ostiralean hasi, eta igandera bitarte izango da Ozetako Garaion Sorginguneko sormen etxean (Araba). Elektronika doinuez gain, baina, bestelako musika kontzertu, tailer, ikastaro eta hitzaldiak ere izango dira bertan.

Iazko udazkenean abiatu zuten proiektua Euskal Herriko eta Alemaniako zenbait gaztek, Berlingo azpikultura elektronikoak «liluratuta». Musika elektronikoaren eszena zabaldu eta kultura zein doinu horiek Euskal Herrira hurbiltzeko nahiek eraginda eratu zuten jaialdiaren izen bereko elkartea hasieran. Herrialdeen arteko elkarlana sustatzea dute xede, beste helburu askoren artean. Hala, Euskal Herriko DJak Alemanian ezagutaraztea erraztu nahi dute, eta, alderantziz, Alemaniakoak Euskal Herrian ezagutaraztea. Hainbat ekintza egin dituzte ordutik Gasteizen zein Berlinen. Orain, ordea, «orain arteko proiekturik handiena» antolatu dute: Harrikada festibala.

Ia urtebeteko lanaren ostean, dena prest dute astebururako.Hemengo zein atzerriko hainbat gazte ari dira prestakuntza lanetan; boluntarioak denak, sustatu nahi duten zubigintza horren eredu. Hala, tartean dira Alemaniako Kaffe Guzel eta Austriako Tiefdruck kolektiboak ere. «Musika elektronikoan eta arte munduan ari diren bi kolektibo txiki dira, eta jaialdiari forma ematen ari dira. Oso eskertuta gaude guregana hurbildu eta jaialdia antolatzen lagundu digutelako», adierazi du Galder Ruiz antolakuntza taldeko kideak. Ohikotik atera eta autokudeaketa oinarri hartuta, jaialdi ezberdina izango dela aurreratu du Ruizek. Horiek hala, gunearen dekorazioaz arduratzeaz gain, agertokia bera zein taberna antolakuntzako kideek elkarlanean eraiki dituzte.

Alemaniako zein Euskal Herriko DJ ezagunak izango dira jaialdiaren protagonistak, hala nola Andreas Rauscher, Don Brazo,Balza, Capitan Candela, Casimir von Oettingen, Cubo, Ele Luz, Electronic Elephant, Frau Kaufman, FreedomB, Iñi-go!, Jetson G, K.Eule eta Miss Biotza; hogeitik gora, denera. Horrez gain, Bidelapurrak eta Pelaxen zuzeneko emanaldiak izango dira entzungai, baita Isturitzetik Etiopian Barrena ikuskizuna ere. Bestelako ikuskizunak ere izango dira agertoki gainean, musikaz gain: Parasite kolektiboaren Hot Water antzezlana izango da, esaterako, eta Marina Suarez Ortiz de Zarateren Hamakan eta Eguzki Donellaren Aurpegiak instalazioak ikusgai.

Tailerrak eta ikastaroak

Antolatzaileak itxaropentsu daude asteburuari begira, eta, jaialdi txikia izanagatik ere, askotariko jendea biltzea espero dute. Alemaniatik ere 60-100 lagun etorriko direla jakinarazi dute. Ruizek uste du elkarren arteko topaketa interesgarri bat egiteko aukera paregabea izango dela: «Jakintzak partekatzeko, ikasteko, ongi pasatzeko eta dantzatzeko parada izango dugu». Tailerrak izango dira horretarako giltza, hain zuzen, euskara eta euskal dantzak ikasteko aukera egongo baita. Zenbait ikastaro ere izango dira: tela akrobatikoaren, trapezioaren eta ekofeminismoaren ingurukoak, besteak beste. Artisau azoka egingo dute igandean, jaialdia amaitzeko.

Sarrerak salgai daude dagoeneko sarean, eta baita hiru eguneko bonuak ere; egunean bertan ere eskuratu ahal izango dira, halere. Gainera, bertan kanpatzeko aukera ere izango da nahi duenarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.