Mugarriaren ostekoa ontzen

'Agur, Etxebeste!' filmatzen ari dira egunotan Bergaran; sei aste emango dituzte lan horretan. Aurrekoaren arrakastaren ilusioari helduta, familia giroan dihardute denek.
Asier Altuna zuzendaria eta Iban Garate aktorea Bergarako udaletxeko areto nagusian, atzo, filmaketan.
Asier Altuna zuzendaria eta Iban Garate aktorea Bergarako udaletxeko areto nagusian, atzo, filmaketan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Aitor Biain -

2018ko irailak 6
Maria Luisa ari da hitz egiten udaletxeko areto nagusian. Aurrez aurre ditu dozenaka figurante, dotore jantzita. Alboan du Patrizio, eta ez dabil oso urruti Iñaki ere. Txalo egin diote esan beharrekoa esan ostean. «Moztu!» entzun da. Zuzendariak gustura geratu dira grabatutakoarekin, baina errepikatu egingo dute, badaezpada. Berriz ere ekin dio Elena Iruretak Maria Luisarena egiteari. «Egina dago!», esan du Telmo Esnalek alboko gelatik, eta gainerako lankideek hurrengo planoak prestatzeari ekin diote. Musika banda sartzeko eskatu dute jarraian. Argiztapeneko langileak fokuak mugitzen hasi dira. Zuzendariak atzera eta aurrera ari dira txikikeria oro zuzendu nahian: besoa dela, kamera mugitu dutela... Xehetasun oro da garrantzitsua, are gehiago gaur: Etxebestetarren itzulerako filmaren pasarterik garrantzitsuenak ari dira filmatzen Bergaran (Gipuzkoa). Xehetasun gehiago ezin eman, ordea.

Hamalau urte igaro dira Etxebeste familiaren ibilerak filmatzen hasi zirenetik; leku berean, lantalde berarekin. Guztiek orduko oroitzapenak dituzte gogoan oraingoan ere, eta nabari da giroan: etxekoa da, familiakoa. Guztiek ezagutzen dute elkar, eta Aupa Etxebeste! filmaren arrakasta errepikatzeko nahia dute denek. «Talde guztiari egin dio ilusioa duela hamalau urte egindako filmaren ondorengoa egitea, eta, alde horretatik, guztiei nabaritzen zaie sentipen hori», adierazi du Esnalek.

Ilusio berbera dute filmaren bi zuzendariek ere, baina tentuz hartu dute ardura hori. Argi dute bigarren zati bat baino gehiago, beste film bat dela, eta presio hori gainetik kendu nahi izan dute hasieratik. Oinarri hori dute abiapuntu, Esnalek azpimarratu duenez: «Ilusioz ekin diogu proiektu honi, baina baita errespetuz ere. Badakigu filma nondik datorren, zein den bere jatorria; familia bera da, baina beste istorio bat da. Gidoi berriak aurrekoaren erreferentzia asko ditu, baina argi daukagu filmak bere horretan funtzionatu behar duela».

Ez da gutxiagorako, film hura mugarri izan baitzen euskal zinemagintzan. Urteak ziren ez zela euskarazko film luzerik egiten, eta harrera beroa egin zioten ikusleek. Hala gogoratzen du Iñaki Gomezek ere, Irusoin ekoiztetxeko zuzendariak. Filmaketara bertaratu da, nondik norakoak ezagutzera. «Niretzat garrantzitsuena zera izan zen, euskaldun gehienentzat beharbada aurreneko esperientzia izan zela zinema areto batean euskara soilean egindako pelikula bat ikusten. Horrek ukitzen gaitu, eta gainera, ongi pasa bagenuen, geratzen den aho zapore on hori bi aldiz da ederra. Neurri handi batean, horregatik izan zen mugarri Aupa Etxebeste!». Horiek hala, filmaren ekoizpenaz arduratu den etxearen zuzendariak dio jendeak «oso kuttun» hartu duela film berria ere.

Kuttun eta berezi dute, halaber, lehen film hura Altunak eta Esnalek ere, haien ibilbidean ere mugarri izan baita, Altunak Bergarako udaletxeko aterpeetan eserita gogora ekarri duenez: «Esperimentu bat izan zen guretzat Aupa Etxebeste!, eta inflexio puntu bat ere bai. Izan ere, ez ginen zinemagintzatik bizi ordura arte». Nolanahi ere, Etxebestetarren itzulera ez da erraza izan. Arrakasta haren ondotik, Irusoinekoek urteak eman dituzte bi zuzendariak konbentzitu nahian. Ordu hartan bakoitzak bere bideari ekin zion, ordea, eta proiektu berrietan murgildu ziren buru-belarri. «Guretzat, film hura eginda zegoen, eta beste proiektu batzuk genituen esku artean; beste bide batzuk jorratu nahi genituen. Eta horretan aritu gara ordutik», azpimarratu du Altunak. Euskal zinemagintzak ere bidea egin du ordutik, eta azken urteetako uztarik onenak jaso ditu. Altunak eta Esnalek ere lan berri ugari ondu dituzte, eta beste hainbeste dituzte pantaila handian estreinatzear: Dantza dokumentala aurkeztuko du Esnalek Donostiako Zinemaldian, eta Gure oroitzapenak talde-filma Altunak.

Film «landuagoa»

Azkenean, ordea, eskaintza onartu eta 2015ean ekin zioten Etxebestetarren pasadizo berriak izango zirenak idazteari. Altunak eta Esnalek Nagore Aranbururekin batera egin dute gidoia. Hiru urte behar izan dituzte azkeneko testua taxutzeko, baina «pozik eta gustura» daude emaitzarekin. Irusoinentzat ere «poz handia» da proiektua berriz ere martxan jarri izana, Gomezek adierazi duenez: «Kostata, baina lortu dugu, eta hemen gaude».

Hasieran oztopo izan zitekeen hori aukera bilakatu dute filmaren bi zuzendariek istorio berria asmatzeko. Esnalek nabarmendu duenez, «lasaitasuna» eman die proiektuari heltzeko: «Etxebeste urruti ikusten genuen dagoeneko, eta horrenbeste urte igaro izanak distantzia bat eman digu lehen film harekin alderatuta, beste gai batzuk jorratu eta istorioari beste buelta bat eman ahal izateko».

Aurrenekoarekin alderatuta, bi zuzendariek azpimarratu dute Agur, Etxebeste! film «desberdina» dela, nahiz eta protagonistak berberak izan: «Esango nuke teknikoki landuagoa dela film hau. Itxura aldetik ere zerbait indartsua bilakatu da, batez ere talde guztiaren heldutasunagatik eta azken urteetan izan dugun eboluzioarengatik», nabarmendu du Altunak. Film honek ere umorea izango du nagusi, baina Altunak azpimarratu du «lotsagabeago» ari direla aurrekoaren aldean: «Arlo guztietan esango nuke, gainera: jantziekin, argiekin, interpretazioekin eta baita gidoiarekin ere».

Filmaketako zazpigarren eguna dute, eta beste bost aste dituzte aurretik oraindik. «Gogor» eta «indartsu» hasi dituzte filmaketa lanak, istorioan pisu handia duten eszenak grabatu baitituzte aurrena. Irunen eta Bergaran eman dituzte lehen egunak, baina Hondarribitik eta Zarauztik ere igaroko dira gero; Oiartzunen grabatuko dituzte etxe barruko irudiak, Zinealdeko pabiloietan filmerako eraikita duten etxean. «Ez dago erlaxatzeko egunik; plangintza estua daukagu, eta gauza asko gertatzen dira filmean», gogorarazi du Altunak. Gauzak ondo bidean, apirilerako lan guztiak amaitzea espero dute, eta filma ikusitakoan erabakiko dute zein ibilbide eman: zinemaldietan aurkeztu edo zuzenean zineman estreinatu.

Arratsaldeko laurak dira, eta beste lanaldi luze bat dute oraindik aurretik. Udaletxean sartu dira guztiak berriz ere; iluntzera arte izango dira bertan. «Akzioa!», entzun da ostera ere. Ez dute denbora alferrik galtzeko: Etxebestetarren itzulera gero eta gertuago dago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna