Zuria du jomugan Athleticek

Berizzok abiaturiko proiektua sendotzen lagunduko dion garaipena lortu gura du gaur Real Madrilen kontra. Aduriz eta Martinez sendatu dira, baina zaila dirudi hasieratik aritzea

Aritz Aduriz, ezkerrean, taldekideekin entrenatzen, Lezaman. Berizzok atzo esan zuen jokatzeko moduan dagoela. MIGUEL TOÑA / EFE.
haritz gallastegi
Bilbo
2018ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Hemeretzi egun pasatu dira Athleticek ligako bigarren partida jokatu zuenetik. Rayo Vallecanoren zelaia ixteak eta selekzioen arteko lehiek bigarren denboraldi-aurre labur bat egitera behartu dute talde zuri-gorria. Taldeek ez dituzte gustuko horren etenaldi luzeak. Behin lehian hasitakoan garrantzi handia ematen diote gutxienez astean partida bat jokatzeari. Ez da izan posible. Erritmorik ezean, Real Madrilen bisita behar den moduan prestatzeko aukera izan dute lehoiek.

Aurrean izango duten taldeak, berriz, kontrako egoeran egingo dio aurre lehiari. Julen Lopetegik zuzentzen dituen jokalari gehienak euren selekzioekin aritu dira aurreko astean. Futbolari horiek lehiaketa faltarik ez dute ezingo, baina, akaso, nekea nabarituko dute. Eta, gainera, nahi baino denbora gutxiago izan duteSan Mameseko norgehiagoka prestatzeko. Goi mailako futbolari asko edukitzearen prezioa da talde erraldoiek ordaintzen dutena.

Kontuak kontu, Real Madrilek ez du prestaketa handirik behar ia edozein zelaitan irabazteko. Txapeldunen Liga azken bost ekitaldietatik lautan irabazi duen taldeari ez zaizkio baliabideak falta. Hala ere, aurtengo Real Madril ezberdina da. Azken hamarkadan erreferentzia izan duen futbolaria falta zaio: Cristiano Ronaldo. Portugaldarrak utzitako hutsuneak gauza asko aldatuko ditu talde zurian. Azken sasoietan haren bueltan antolatu izan dute taldea. Futbolari erabakigarria izan da,aparteko gol sena duena. Gutxirekin partida asko erabakitzeko gaitasuna dauka. Hori galduta, ardurak banatzearen alde egin du Lopetegik. Badauka non aukeratu, gainera. Benzemak eta Balek aurrerapausoa eman dutela dirudi. Bestalde, badirudi Europa mailan dagoen harribitxi nagusietako bat bidea egiten hasi dela: Marco Asensioren garaia ailegatu da. Mallorcan ari zenean Athleticek gertutik jarraitu zuen futbolaria da. Aita bizkaitarra du, eta klubak bere datu basean izan zuen. Baina ez zuen apustu sendoa egin. Dena dela, badirudi Lopetegiren asmoa dela jokalarien Real Madril izateari uztea eta taldean funtzionatzen duen Real Madril bihurtzea. Bide onetik doala dirudi.

Athletic ere osatzeko bidea egiten ari da. Berizzo oso ondo hartu dute, eta, oraingoz, denen babesa dauka. Kontua da babesak denbora luzez irauteko emaitza onak lortu behar direla. Lehen bi partidetan egin barik dagoen taldea zela erakutsi zuen Athleticek. Xehetasunak erakutsi zituen, baina sendotasunik, ez. Iñigo Martinez eta Aritz Aduriz osatu dira, eta prest daude taldeari laguntzeko. Ikusi egin behar hasieratik aritzeko moduan dauden.

Berizzo biei buruz mintzatu zen atzo, eta esan zuen «eskuragai» dituela, «primeran» entrenatu direlako. Iago Herrerin eta Alex Remiro, berriz, deialditik kanpo geldituko dira. «Herrerinengatik izango balitz, jokatuko luke, baina goizegi dela iritzi diot». Bestalde, Remiroren inguruan, Berizzok esan zuen denak «berdin» jarraitzen duela.

ATHLETIC-REAL MADRIL

Athletic. Simon; De Marcos, Yeray, Nolaskoain, Bertxitxe; Dani Garcia, Raul Garcia; Muniain, Susaeta, Cordoba eta Williams.

Real Madril. Courtois; Carvajal, Varane, Ramos, Marcelo; Casemiro; Madric, Kroos; Bale, Asensio eta Benzema.

Epailea. Gonzalez Gonzalez.

Lekua. San Mames (53.000 ik.).

Ordua. 20:45ean (Movistar Partidazo).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.