Durangoko 53. Azoka. Gogoetaren Plaza

«Modernizatu egin gintuen»

68ko maiatzak haustura ekarri zuen Euskal Herrira ere. Mende erdira, haren legatuak egun duen tokiaz aritu dira Mariasun Landa, Ismael Manterola eta Belen Oronoz.
<em>68tik mende erdira</em> mahai inguruan aritu ziren, atzo, Mariasun Landa, Ismael Manterola eta Belen Oronoz.
68tik mende erdira mahai inguruan aritu ziren, atzo, Mariasun Landa, Ismael Manterola eta Belen Oronoz. ARITZ LOIOLA / FOKU

Itziar Ugarte Irizar -

2018ko abenduak 7
Bai, 68ko mugimendua politikoki oso kritikatua da. Baina aitortu behar zaio ekarri zuen iraultza soziokulturala, hori ezin da ukatu. Are gehiago, emakumeen ikuspuntutik begiratzen badugu». Mariasun Landa izan zen lehena hitza hartzen. Eta buruarekin, baietz, mahai inguruko beste bi kideek, Ismael Manterolak eta Belen Oronozek; baietz, 1960ko hamarkadak eraldaketa garrantzitsua ekarri zuela bai gizartera eta, beraz, bai kultur jardunera. 1968ko maiatz entzutetsutik mende erdia bete da aurten, eta efemeridea baliatu zuten atzo Durangoko Azokako Gogoetaren Plazan hura gogora ekartzeko; garai hark Euskal Herrian zer eman zuen, eta ordukoek gaurko gizartean oihartzun egiten jarraitzen ote duten galdetzeko.

Lander Arretxea aritu zen saioaren gidari, eta aurrena Landari galdetu zion nola bizi izan zuen 1960ko hamarkada amaiera hura, idazlea Parisera bertara joana baitzen ikasketak egitera. Festa aldameneko gelan (Erein, 2007) liburuan jaso zituen ordukoak Landak. «Egia da han harrapatu ninduela, baina ez da egia osoa. Urrian heldu nintzen ni Parisera, festa ondorenean». Maiatzean hasi zena «matxinada» izan zen, baina aurreko eta ondorengo urteetan luzatu zen «mugimendu zabal» bat du gogoan hark.

Landak bertatik bertara bizi ahal izan zuen. Manterolak, aldiz, ikertu egin du gerora; artearen ikuspegitik, eta Euskal Herriko testuinguruan. Hitz batean, «istilutsua» izan zen 1960ko hamarkada amaiera eta 1970eko hasiera harentzat. Eta«saretzea» errepikatu zuen asko. «60ko urteetan sare pertsonalak ehundu egin ziren, eta 70ekoan sendotu. Artean, elkartzea eta artearen sistema bat martxan jartzea eskatzen dute». Helburua, modernitatea eta tradizioa uztartuz, abangoardia egitea zen, eta asmatu egiten zuten, Manterolaren ustez. «Balantze kritiko bat eginda, esango nuke eusten diola arte mota horrek. Bai arte lanak eta bai ideologiak».

Arte plastikoetan nola, antzera izan zen beste diziplina batzuetan ere. Berehala hartu zituzten ahotan Jarrai antzerki taldea eta Ez Dok Amairu mugimendua, besteak beste. Literaturan, poesian zehazki, Artzez aritu zen Oronoz. Haren obra du ikertua, eta hiru kontzeptutan laburtu zuen atzo: erresistentzia, abangoardia eta konpromisoa.

Garai hark Euskal Herrian haustura ekarri zuela hirurak ados, zinez orduko legatua non antzematen duten galdetu zien Arretxeak. Argi erantzuna Landak: feminismoan eta ekologian. «Gure belaunaldikoak ez ginen berberak izango hura ezagutu izan ez bagenu. Aldaketak asko izan ziren; hasiz gero esaten, XIX. mendeko kontuak irudiko zaizkizue». Adibide bakarra eman zuen: emakumeek galtzak jantzi ahal izatea; 68aren aurretik, zerbait «pentsaezina». Euskara Batuaren sorrera, ETAren borroka armatuaren aldeko hautua eta ikastolen mugimendua ere aipatu zituen. Eta denaren gainetik ideia bat: «Modernizatu egin gintuen sozialki». 1973an itzuli zen Paristik Euskal Herrira Landa, eta aurkitu zuen kulturgintzak edonor «liluratzen» zuela du akorduan. «Oteizak, kantagintzak... euskal kulturatik kanpokoei sortzen zien hurbiltzeko gogoa. Oxala gaur egun euskal kulturak emango balu hemendik kanpo sentsazio hori».

Kanonizazioaren arriskuaz

Oronozek ekarri zuen esaldi batera hirurak esaten ari zirena: «Orduan jarritako oinarria ezinbestekoa da gaurko kulturgintza ulertzeko». Baina horrek kanonizaziorako arriskua ez ote dakarren iradoki zuen Arretxeak. Orduan bai, ikuspuntu ezberdinak agertu ziren. Oronoz, batetik: «Kanonizaziorik ez dut ikusten, gorazarre egiten zaie, eta merezita dute. Baina belaunaldi gazte-gazteek, alde batera utzita ereserki bihurtu diren kantuak, ez dute atzekoa ezagutzen». Manterola, beste iritzi batetik: «Nik uste dut kanonizatu zela. Arte plastikoan, kanonizatu zen Oteiza, baina era formal batean, asmoak eta helburuak galduta». Irriz hartu zuen publikoak ondoren gehitu zuen galdera: «Atzo, Gu, Laboa dokumentala ikustean pentsatu nuen: nola liteke Laboa hain gutxi kanonizatzea, eta Oteiza hainbeste?». Oteizaren forma kanonizatu izanak, artearen begirada «maskulinoa, indarrarena» transmititu duela ere esan zuen Manterolak. «Alde feminista ez zen hainbeste iritsi talde hauetara, ez?». Eta Landari galdera: «Ez dakit nola ikusten duzun zuk».

«Harrapatzen nauzu momentu baikor batean, zer egingo diogu», idazleak, eta berriz barre jendeak. Baikor, emakumezko idazle gehiago ikusten dituelako gaur, batez ere. Eta Landarekin Manterola: « Ni ere baikorra naiz. Gaur egun, kanonizatuta zeudenak, kritikatu ere egin dira asko, eta, alde horretatik, ondo goaz».

Galderarik zailena azkenerako Arretxeak: «Badago baldintzarik gaur halakorik berriz gertatzeko?». Oronozentzat, gaurko «testuinguru neokapitalistan» ere, hor jarraitzen du duela mende erdiko oinarriak: «Lehen, protesta kantuak forma bat hartuko zuen, eta, orain, beste bat; baina, hondoan, mezua hor dago».

«Nik ere hala pentsatzen dut», Manterolak albotik. «Ezin dira konparatu bi garaiak», egin zuen azpimarra. «Gaur egun, egoera beste bat da, horretara egokitu behar dugu». Are, garaiari ondo erantzuten ari dira sortzaileak Manterolarentzat. Oraingoan desados, ezkor bukatu zuen Landak: «Hau beste aro bat da. Orain arteko eskemek ez dute balio, baina esperientzia hor dago, eta hura bizi izan genuen asko hemen gaude. Nostalgiarik ez, baina kontzientzia dugu gaur zein garai ilunetan bizi garen».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna