Hankak hankalekuan dituzte

Garrantzitsua izan ohi da Oriako Traineru Jaitsiera taldeentzat, ondo lehiatu eta ondorioak ateratzeko. Aterako zituzten denek, uda bitartean ere lanean jarraitzeko.
Orioren gizonezkoen trainerua, joan den larunbatean, etxean jokatutako Oriaren Jaitsieran. Klubeko bi taldeak nagusitu ziren.
Orioren gizonezkoen trainerua, joan den larunbatean, etxean jokatutako Oriaren Jaitsieran. Klubeko bi taldeak nagusitu ziren. JON URBE / FOKU

Aitor Manterola -

2019ko martxoak 13
Historia egin zuen Oriok herrian, larunbatean, Oriako Traineru Jaitsieran lehen aldiz emakumezkoetan eta gizonezkoetan irabazita. Test garrantzitsua izan ohi da, baina ez erabakigarria. Ondo azaldu du Jon Salsamendik, Orioko gizonezkoen entrenatzaileak: «2005ean, nire lehen urtean entrenatzaile gisa, aurrena eta bosgarren egin genuen Oriorekin hemen, eta irailean, kalera bota ninduten».

LEIRE ARRIOLA Orioko arraunlaria

«Oraingo emaitza onek erakusten dute merezi duela ahaleginak»

Leire Arriola (Orio, Gipuzkoa, 1994) arraunlariak onartu du aspaldiko nahia zutela denboraldi-aurreko proba honetan nagusitzea: «Azkenean lortu dugu, hainbat urtez borrokan ibili eta gero». Larunbatetik haratago begira ere jarri da, emaitzak eta udako jarduna alderatuz: «Estropada hau ona izaten da udan gerta daitekeena ikusteko». Baina hankak lurrean dituztela segituan gehitu du: «Guk gurea egin dugu, baina ez dakigu besteak zertara atera diren, zein asmorekin, eta beti geratzen zaizu zalantza apur bat aurkariak benetan nola dauden jakin nahi horretan. Hala ere, uste dut Arraun eta Donostiarra goian ibiliko direla, eta Hondarribiak ere lan txukuna egin dezake». Udari begira, Oriori begira daude begi guztiak, faborito handitzat joa baitute pronostikoek, iaz bandera ofizialik irabazi gabe geratu eta gero: «Ikusita iazkoa, aurten aukera daukagu, eta gogor ari entrenatzen, eta horrelako emaitza onek erakusten digute merezi duela ahaleginak» [hiru Jaitsiera jokatu ditu Oriok aurten, eta hirurak irabazi].

Orioko emakumezkoak, gainerako taldea bezala, prestakuntza zehatza ari dira eramaten, eta unean-unean tokatzen den horretan daudela dio Arriolak: «Erritmo jakin batzuetan ari gara arraunean, eta larunbatean ere halaxe ibili ginen, entrenatzaileak agindutakoaren barruan. «Guk badakigu faboritoak garela, baina burua hotz izan behar dugu eta lanean tinko jarraitu».

NAGORE CLARAMUNT Arraun Lagunak-eko arraunlaria

«Guk espero baino denbora gehiago atera zigun Oriok»

Arraun Lagunak taldekoek ere koska bat gora egin nahi dute, Oriok bezala, eta horretarako ari dira lanean. Nagore Claramunt (Donostia, 1986) arraunlariak lan horren barruan kokatu du Orioko estropada: «Ondo etortzen da prestakuntza garaian horrelako berotu bat hartzea. Orioko estropadan, denek ateratzen dute daukaten onena, udara begira nola gauden ikusteko». Taldeak atera ditu ondorioak larunbateko lanetik: «Gustura geratu ginen eginiko lanarekin, emaitza gorabehera, espero baino denbora gehiago atera zigulako Oriok. Baina lanarekin gustura geratu ginen, erritmoa jaitsi genuenean trainerua guk nahi baino gehiago makaldu zen arren». Estutu handi samarra hartu zutela onartu du: «Oso gogorra izan zen, urtero bezala. Ibaiko estropada izanik, gogortu egiten delako lana, eta garai honetan, gehiago oraindik».

UGAITZ MENDIZABAL Orioko patroia

«Badakigu udan beste kontu batzuk izango direla»

Ugaitz Mendizabal (Irura, Gipuzkoa, 1991) aukeratu zuen Jon Salsamendik larunbatean A trainerua gobernatzeko. Irabazlea izanik, ona izan behar zuen eginiko lanaren baloraziok: «Gustura ibili ginen, eta espero baino tarte handiagoarekin lortu genuen irabaztea, Hondarribia Oriora oso serio etortzen delako beti. Gu geu ere harritu ginen hamabost segundoren koska atera geniela jakitean». Mendizabalen ustez, larunbatekoa bezalako estropaden emaitzek zerikusi txikia izaten dute udan izango direnekin: «Badakigu udakoa beste kontu bat izango dela». Oriok aldaketa asko dauzka iaztik, eta ahulagoa ote den ustea dabil arraun munduan. Larunbatekoak, ordea, Orio berriz ekarri du gora zaleen aurreikuspenetan: «Gustura ari gara lanean, eta udan non gabiltzan ikusi beharko dugu».

MANEX ALDAI Hondarribiko arraunlaria

«Uda laster dator, eta gu prest egongo gara lehian ibiltzeko berriz ere»

Gustukoa izaten du Orioko estropada Hondarribiak, aurreko bi urteetako garaileak, baina larunbatean, hirugarren egin zuen. Lanarekin gustura geratu zen, hala ere, Manex Aldai arraunlaria (Hondarribia, Gipuzkoa, 1990): «Lan ona egin genuen, eta Orio hain aurretik geratzea ezustea izan zen. Lan bat egitera joan ginen, egin genuen entrenamenduetan lantzen ari garena, eta pozik bukatu genuen alde horretatik».Uda begira ere jarri da: «Ez dakigu besteak nola heldu ziren. Oriok egin zuen sekulakoa, baina beste taldeekin hor ibili ginen». Bakoitza zertan den laster jakingo dela dio: «Uda dator hiru hilabete barru, eta prest egongo gara».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna