Munduko Futbol Kopa

Gola, bidelagunik leialena

Hamazazpi gol sartuta, Munduko Kopetako inoizko golegilerik onena da Marta Vieira. Txikitan irainak eta bazterkeria jasan behar izan zituen fubolean jokatzeagatik.

Gola, bidelagunik leialena.
ainara arratibel gascon
2019ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Haurra zela baloiari ostikoak ematen hasi zenetik, Marta Vieira da Silvak (Dois Riachos, Brasil, 1986) lagun leial bat izan du beti: gola. Gola eta Marta. Marta eta gola. Bikote banaezina izan da aspalditik. Ehunka gol sartu ditu urte hauetan, baina «berezienetakoa» asteartean Italiari sartutakoa izan da. Munduko Kopa batean sartu duen hamazazpigarrena zen. Hala, bera da Munduko Kopetako inoizko golegilerik onena. Atzean utzi ditu Miroslav Klose (hamasei gol), Ronaldo Nazario (hamabost gol); eta Brigit Prinz eta Abby Wambach (hamalau gol). Brasilekin jokatutako 146 lehietan 112 gol sartu ditu, eta bosgarren Munduko Kopa jokatzen ari da.

Sei aldiz Urrezko Baloia irabazi eta gero, beste lorpen bat da haren zerrenda amaigabean. Partida bukaeran eskaintza berezia egin zuen: «Gol hau emakume guztientzat da, eta berdintasunaren eta errespetuaren aldeko aldarri bat. Babesarekin batera, errespetua behar baitugu emakumeok». Txikitan bazterkeria jasan zuen futbolean jokatzeagatik. «Kirol hau mutilena da», izan zen behin eta berriz entzun behar izan zuen erretolika. Etxetik hasita, gainera. «Anaiek, sarritan, ez zidaten etxetik ateratzen uzten, bazekitelako futbolean jokatuko nuela». Ama ere aurka zuen. Kontuan izan behar da Brasilgo Gobernuak 1979an kendu zuela emakumeek futbolean jokatzeko debekua, Marta jaio baino zazpi urte lehenago. «Amarentzat atsekabe bat zen nik futbolean jokatzea, ». Auzoko mutilek «mari-mutil» deitzen zioten.

Baina berak jokatzen segitu zuen, kalean, eta oinutsik. Dois Riachos Brasilgo herri txiroenetakoa zen orduan. Haurren heriotza tasarik handiena zuen. 1.000 biztanleko 139 haur hiltzen ziren. Baina bere kalitateari esker, 14 urterekin, Vasco de Gamaren deia jaso zuen proba bat egiteko. Emakumeen taldea zuen klub bakanetakoa zen Brasilen. Ez zuen bitan pentsatu. Autobusez egin zituen Dois Riachosen eta Rio Janeiroren arteko 2.000 kilometroak. «Orduan nire adineko neskak zerbitzari gisa lan egitera joan ohi ziren hiriburura, eta amari esaten zioten ea erotuta ote zegoen niri joaten uzteko. Baina konturatu zen alferrik zela trabak jartzea. Ordutik beti izan dut haren babesa».

Hiru eguneko bidaia egin behar izan zuen Riora iristeko. «Banekien proba hartan ezin nuela huts egin. Baztertuta izateagatik urteetan pilatutako amorrua motibazio bihurtu nuen». Begiraleek ez zuten zalantza egin, aurkariei izkin egiteko zuen gaitasuna eta ezkerrarekin egiten zituen erremateak ikustean.

Horrek aukera eman zion herrian jasaten zuen bazterkeria alde batera utzi eta bere kirol ibilbidea hasteko. Baina, gero, arazo ekonomikoak tarteko, Vasco de Gamak emakumeen taldea kendu zuen. Kolpea izan zen hori harentzat, baina ez zuen amore eman. Santa Cruz afizionatu taldearekin hasi zen jokatzen. Hareazkoa zen taldearen zelaia.

Suedia mugarri

Handik gutxira jaso zuen Brasilgo selekzioaren deialdia, eta 2003ko Munduko Kopako final-zortzirenetako lehiak bere bizitza aldatu zuen. Suedia zuen aurkari Brasilek. Galdu egin zuen, baina Martak partida oso ona egin, eta Suediako Umea taldeko presidentearen arreta erakarri zuen.

Europarako saltoa eman zuen. «Egia esan, hasiera batean kosta egin zitzaidan ohitzea: eguraldia, jokatzeko era... Baina baldintzei eta baliabideei dagokienez, aldea ikaragarria zen. Bertan igarotako urteak erabakigarriak izan ziren egun naizen jokalaria izateko, bai teknikoki eta bai fisikoki. Erretiroa hartzean ez dut baztertzen han bizitzea». Egun, AEBetan jokatzen du, Orlande Pride taldean, eta bere betiko ezaugarriei eutsi die: «Baloiarekin bizkorra naiz, eta horrek jokaldi askotan abantaila ematen dit».

Selekzioarekin zerbait irabaztea du amets orain. 2007an txapeldunorde izan zen Munduko Kopan, eta zilarrezko domina irabazi zuen 2004ko Atenasko eta 2008ko Pekingo Olinpiar Jokoetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.