Futbola. Munduko Kopa

Egun erabakigarrian azaldu da

Italiak 2-0 irabazi dio Txinari, eta final-laurdenetarako sailkatu da 28 urte eta gero. Herbehereek azken unean lortu dute aurrera egitea, Japonia 2-1 mendean hartuta

Egun erabakigarrian azaldu da.
ainara arratibel gascon
2019ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Goleatzaileen ezaugarrietako bat da neurketa erabakigarrietan azaldu egiten direla. Hala egin zuen atzo Valentina Giacinti italiarrak. Milaneko aurrelaria Italiako Ligako goleatzaile onena izan zen aurreko sasoian, 21 gol sartu zituen. Baina Munduko Kopan aurkariaren atea zulatu gabe zegoen. Aurora Galli eta Cristiana Girelli ziren erasoan Italiari babak eltzetik ateratzen ari zirenak. Atzo, aldiz, kale edo baleko lehen neurketan, Giacinti agertu zen. Berak sartu zuen Txinaren aurkako lehen gola, eta aurreko hiru lehietako arantza ateratzearekin batera, final-laurdenetarako bidean jarri zuen bere selekzioa. Partidako onena izan zen. Beste goleatzaile peto batek jarri zion ginga Italiaren garaipenari: Aurora Gallik. Beraz, final-laurdenetan egonda, inoizko emaitzarik onena berdindu du. 1991n lortu zuen lehen aldiz bertan egotea, Txinako Munduko Kopan.

Defentsan oinarritu ohi du Italiak bere jokoa. Baina atzo hasieratik garaipenaren bila joan zen, Manuela Giuglianok, Girellik eta eta Giacintik gidatuta. Joko zuzena egin zuen. Lehen ordu laurdenean pare bat aukera garbi izan zituen Giacintik, baina ez zuen asmatu. Baloi guztiak borrokatu zituen, eta hirugarrenean ez zuen huts egin. Berak hasi zuen jokaldia, baloia Bartoliri utziz. Haren errematea atezainak estu aldendu zuen, baina bizkor ibili zen zen Giacinti gola egiteko (15. min). Amorruz ospatu zuen.

Txinak esnatu beharra zuen. Ordu arte apenas sortu zuen arriskurik. Baina behetik gora egin zuen jokoan. 25. minututik aurrera Li Ying lerro artean agertzen hasi zen, eta Italiako atzealdea estu hartu zuen jokaldi batzuetan. Aukerarik argiena Liu Shanshanek izan zuen, 35. minutuan. Bitan pentsatu gabe area kanpotik jaurti zuen, baina Laura Giulianik esku ona atera zuen.

Bigarren zatia hasi eta berehala, 48. minutuan, eman zuen bigarren kolpea Italiak. Gallik area kanpotik eskuinez jaurti zuen, baloia ezker zutoinaren alboan jarriz. Atezainak ezin izan zuen heldu. Beste behin pizgarri izan zen aurrelaria. Hiru gol daramatza Munduko Kopan, eta guztiak aulkitik atera ostean sartu ditu.

Hortik aurrera Italiak nahikoa izan zuen txapelketan zehar erakutsitako irudi serioari eustea. Txinak, berriz, ordu arteko minuturik onenak jokatu zituen erasoan. Baina Giaccinti edo Galli bezalako golegile bat falta izan zitzaion. Azken metroetan aurrelariak kamuts aritu ziren. Sara Gama eta Elena Linari Italiako erdiko atzelarien ahalmen eta nagusitasun fisikoaren aurrean, ezer gutxi egin ahal izan zuten.

Herbehereak izango ditu aurkari Italiak final-laurdenetan. Europako egungo txapeldunak azken unean lortu zuen Japonia mendean hartzea, Lieke Martensek 90. minutuan sartu baitzuen penaltiz 2-1ekoa. Herbehereak jarri ziren aurretik Martenesek berak orpoz sartutako gol bati esker (17. min.). Japoniak 43. minutuan berdindu zuen neurketa. Yui Hasegawa izan zen golegilea. Bigarren zatian hobeak izan ziren japoniarrak, eta merezi gabe geratu ziren kanpoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.