Hasi aurretik, betiko kopla

Eibarrek Bartzelonaren aurka jokatuko du gaur eguerdian, Ipuruan. Aurreko bost aldietan, puntu bakarra lortzeko gai izan da

Aitor Manterola Garate.
2019ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Bartzelonak Ipuruan jokatu behar duen bakoitzean, ez da beste konturik izaten futbol solasaldietan: ea gai den etxeko taldea lehenengo aldiz Kataluniako ahalguztiduna mendean hartzeko. Urtero egoten da itxaropenez egindako mendi handi bat, baina garaipenaren zuhaitza kataluniarrek landatu izan dute beti. Aurreko sasoian izan ezik, orduko hartan berdindu egin baitzuten (2-2). Betiko koplari jarraituz, Eibar gai izango ote da aurkari handia punturik gabe uzteko elkarren aurka Ipuruan Lehen Mailan jokatuko duten seigarren partida honetan?

Erantzuten hasi behar galderari, eta urteroko kontua azaltzen da orain ere: lehia hasi aurretik, baiezkoak indar handia izaten du, eta orain ere badu. Bartzelona ez dabilela fin, ligari ez diola ondo ekin, Leo Messi onenak emanda ez ote dabilen, Ernesto Valverderen aulkia dantzan dela, eta abar. Eibarreko zaleak Beti izan du zeri heldu aurkari handienetako baten ahulezietan arakatzeko, nahiz eta gero, azkar asko eta konturatzerako, irribarre guztiak zapuztu.

Datuak oso argigarriak dira: Eibarren Lehen Mailako estreinako aldian, 0-2koa izan zen emaitza; hurrengo sasoian, 0-4 nagusitu zen Bartzelona, eta baita hirugarren denboraldian ere; duela bi denboraldi, 0-2 izan zen nagusi, eta iazko puntuarena aipatuta dago. Bost partida horietan, Bartzelonak hamalau gol sartu dizkio Eibarri, eta etxekoek, bi baino ez. Dena dela, horrek ez du esan nahi gaur Eibar ez denik gai izango irabazteko.

Hau ere betikoa baita: etxeko taldeak oso partida onak jokatu izan ditu Bartzelonaren aurka etxean. Duela bi denboraldikoa oso esanguratsua da alde horretatik: jokoan gehiago ere izan zen Jose Luis Mendilibarren taldea; aukerak ere sortu zituen, baina Bartzelonak nahikoa izan zituen gaitasuna eta ahala azaltzea bi gol sartzeko bi jokalditan.

Gaur balentria egin eta garaipen historikoa lortu nahi badu, lehenik eta behin ondo jokatu beharko du Eibarrek, eta sortzen dituen aukeretan asmatu. Gero, zailagoa da Bartzelonaren kalitate teknikoari aurre egitea, eta normala litzateke kanpotarrek gaur ere golen bat edo bi sartzea.

Hogei jokalariko zerrenda osatu du Mendilibarrek, Jose Angel eta Arbilla kili-kolo ibili baitira astean zehar. Ramis ez dago jokatzeko moduan, lesio batengatik, eta ezta Correa ere, minez baita oraindik. Escalante zigortuta dago, eta bigarren taldeko Ekhi Bravo dago deialdian. Entrenatzaileak oso garbi dauka zer egin behar duen taldeak gaur: «Ezin diegu utzi eroso eta gustura jokatzen». Messiri buruz ere aritu zen: «Ez daukagu planik hura geratzeko, Bartzelona osoa geratzea baita gure asmoa. Gol asko sartu dizkigu Argentinakoak, baina ezin gara itsutu harekin».

Bartzelonak ere baditu zigorturiko jokalariak: Dembele eta Pique. Bi horietaz gain, Valverdek lau jokalari gehiago utzi beharko ditu deialditik kanpo. Egiten duen aukera egiten duela, talde bikaina aterako du.

EIBAR-BARTZELONA

Eibar. Dmitrovic; De Blasis, Oliveira, Arbilla; Jose Angel; S. Alvarez, Diop, Edu Exposito; Orellana, Quique eta Inui.

Bartzelona. Ter Stegen; Semedo, Todibo, Lenglet, Alba; Busquets, Arthur, De Jong; .Messi, Luis Suarez eta Griezmann.

Epailea. Melero Lopez.

Lekua. Ipurua (7.083 ikusle).

Ordua. 13:00etan (Mov. La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.