Marcelo Nicola. Delteco Gipuzkoa Basketeko entrenatzailea

«Nicola entrenatzailea gogorra eta zintzoa izango zen Nicola jokalariarekin»

Lehen denboraldia du Nicolak Gipuzkoako taldearen aulkian, eta argi du zaleak Gaska kiroldegira erakartzeko taldeak «eman» egin behar diela. Bihotzean darama Baskonia ere, eta uste du sasoi honetan ere ohiko izaera lehiakorra erakutsiko duela.

ainara arratibel gascon
2019ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Patxadaz mintzo da Marcelo Nicola Delteco Gipuzkoa Basketeko entrenatzailea (Rafaela, Argentina, 1971). Jarrera lasai hori, ordea, aldatu egiten da kantxan. Taldea oldarkorra eta lehiakorra izatea nahi du, eta hori transmititzen ahalegintzen da bera ere.

Aurreko jardunaldian txapelketako talde indartsuenetako bati, Breogani, nagusitasunez irabazi zenioten. Etxean Mallorcaren aurka galdu izanaren arantza kendu ahal izan zenuten? Nola dago taldea?

Ondo. Lehia ona jokatu genuen, eta konfiantza hartzen segitzeko balio izan digu. Baina batez ere nabarmenduko nuke sasoi honetan galdu ditugun bi norgehiagoken ostean gai izan garela egoerari buelta emateko, eta ondo erantzun dugula. Taldeak ahalmen hori izatea garrantzitsua da, denboraldian zehar izango ditugulako halakoak.

Galiziako talde bat izango duzue berriro ere aurrean asteburuan: Ourense. Nola helduko diozue lehiari?

Lan ona egiten ari gara astean zehar, eta uste dut egun hauetan ere gauzak hobetu ditugula. Ourense talde arriskutsua da, batez ere jaurtitzaile oso onak dituelako. Horri esker, nahiz eta atzetik joan,gai da partidan berriz sartzeko. Beraz, kontuz ibili beharko dugu, eta oso adi egon. Uztaipean ahalmen handia duen jokalari bat ere badute, Darko Balaban. Gertutik zaindu beharko dugu.

Jada hiru hilabete daramatzazu taldea zuzentzen. Zer ari da egiten zuk espero baino hobeto? Eta zer okerrago?

Uste dut taldeak behar baino txakalaldi eta une txar gehiago izaten dituela partidetan zehar, eta momentu horiek komeni baino gehiago luzatzen direla. Halako uneak beti izaten dira, baina laburragoak izan behar dute, eta gutxiago. Joera hori aldatu behar dugu, eta ahalik eta azkarren zuzendu. Gauza onen artean, berriz, nabarmenduko nuke jokalariguztiek oso jarrera ona eta profesionala dutela lanerako. Horrek aukera ematen digu egunero hobetzen eta hazten segitzeko. Funtsezkoa iruditzen zaigu hori.

Nola lortu nahi duzu taldeak txakalaldi gutxiago izatea?

Sendoagoak izanda. Horretarako, fisikoago jokatu behar dugu defentsan, eta erasoan aurkariak baino buruargiagoak eta zinikoagoak izan. Jokalariak elkarren artean ezagutuz joan ahala, eta nik ezarri nahi ditudan sistemak barneratzen badituzte, lor dezakegula uste dut. Baina oraindik falta zaigu pixka bat. Izan ere, kontuan izan behar da taldea ia erabat berria dela.

Donald Timmer eta John Dee ari dira nabarmentzen. Haiek ondo ez badaude, taldeari kostatu egiten zaio. Zer egin horren aurrean?

Ez nuke bi jokalari horietan jarriko fokua. Uste dut guztiek egin dutela beren ekarpena: batzuek, puntuak sartuz; beste batzuek, defentsan lan handia eginda; antolatzaileak, jokoari beharrezko erritmoa eta norabidea emanda...Talde bat gara, eta, bakarkako jardunari ematen badiogu garrantzia, gaizki goaz.

Nolako saskibaloi giroa antzematen duzu hirian?

Baikorra. Taldeak bere onena ematen duenean, eta nor baino nor gehiago aritzen denean, zaleak atzetik datoz. Jokalariei horixe esan nien Gaskan jokatu genuen lehen partidan: gu ginela, joko ona eginez, zaleak erakarri behar genituenak.

Aurreko sasoian taldea LEB ligara jaitsi eta gero, zaleak erakartzea lortu duzuela uste duzu?

Zaleak saskibaloi gogoz daude, eta guk aipatutako ahalegin eta, lehia hori eskaintzen badiegu, ez digute huts egingo. Ziur nago. Ez dugu haien zain egon behar, baizik eta alderantziz. Gutxinaka ari gara horretan.

ACB ligara igotzea da helburua?

Horiek komunikabideen kontuak dira. Guk nahi dugun bakarra da ondo lehiatzea eta partida bakoitza irabazten ahalegintzea. Denboraldi amaieran ikusiko dugu horrek noraino eraman gaituen. Orain geure buruari igotzeko helburua jarrita, arreta galdu besterik ez digu egingo. Hobetu eta konpondu beharreko gauza asko ditugu, halako helburuetan pentsatzen hasteko.

Nola ikusten duzu LEB liga?

Oso lehiatua eta gogorra. Talde guztiek galdu dugu partidaren bat, eta sailkapena oso estu dago. Garaipen edo porrot batek gora edo behera eramaten zaitu. Hori dela eta, lasai egon behar dugu, eta gauzak patxadaz egin. Hobetu nahi ditugun gauzetan jarri behar dugu arreta, eta beste kontu guztiez ahaztu. Alferrik da aurkariei begira egotea.

Zer ezaugarri izan behar ditu Marcelo Nicolak zuzentzen duen talde batek?

Talde oldarkorra eta lehiakorra izan behar du defentsan, baloi bakoitza azkenera arte borrokatu, eta nortasun handia izan. Horrek ahalbidetzen dio edozein talderi bizi jokatzea eta saskiratze errazak lortzea. Gaur egungo saskibaloiaren bi ezaugarri nagusiak dira fisikoa eta abiadura. Baina, niretzat, garrantzitsuena da, batez ere, jokalariak buruargiak izatea, eta partidak ondo irakurtzen jakitea. Izan ere, horrek erabaki onak hartzera eramaten zaitu, eta partidak irabazteko dituzun aukerak handitu egiten dira.

Zeintzuk dira zure erreferenteak entrenatzaile moduan?

Txikitatik oso entrenatzaile onak edukitzeko aukera izan nuen, eta uste dut denengandik ikasi nuela zerbait. Ikasgai horiek baliatzen ahalegintzen naiz, saskibaloiaz dudan ikuspegia oinarri hartuta.

Orain hobeto ulertzen dituzu zure entrenatzaileek izandako jarreretako batzuk?

Uste dut beti ulertu izan ditudala. Izan ere, jokalari nintzela, entrenatzaileak taldearen edo nire inguruan erabaki bat hartzen bazuen, beti ahalegintzen nintzen horren arrazoia ulertzen. Bestela, galdetu egiten nien. Gustatu edo ez, inportantea iruditzen zitzaidan argibide horiek izatea. Sekula ez diot zentzurik topatu gauzak egiteagatik egiteari.

Nolakoa izango litzateke Marcelo Nicola entrenatzailea Marcelo Nicola jokalariarekin?

Gogorra eta zintzoa. Izan ere, egiten dudan guztian nire onena ematen ahalegintzen naiz, eta nirekin lan egiten dutenei ere hori eskatzen diet. Bestalde, gauzak aurrez aurre esatea gustatzen zait, eta, jokalariek galderak egiten badizkidate, edo azalpenak eskatu,ez dut arazorik haiekin hitz egiteko. Alderantziz, gauza positiboa iruditzen zait taldearen hazkunderako. Konfiantza dagoen seinale da, eta, esan bezala, nik ere egiten nuen.

Zer oroitzapen dituzu Baskonian jokatutako urteez?

Ezin hobeak. Oso gazte nintzela iritsi nintzen, eta ez zen erraza. Europan nire lehen esperientzia zen. Baina beso zabalik hartu ninduten, eta asko gozatu nuen. Ez bakarrik tituluak irabazi genituelako, baizik eta Gasteizen beti bizi izan delako modu berezian saskibaloia, eta hori gustatu egiten zait.

Baduzu urte haietatik bereziki gogoan duzun oroitzapen edo bitxikeriaren bat?

Asko, baina batez ere Errekopa irabazi genuen egunarekin geratzen naiz. Ahaztezina izan zen. Denboraldia oso gogorra izaten ari zen guretzat. Gainera, txapelketa bereko aurreko bi finalak galtzetik gentozen, eta zaleen aurrean jokatzeko ilusioa genuen. Bagenekien ezin genuela huts egin, eta amaieran bizi izan genituen zoramena eta hunkidura ez ditut sekula ahaztuko.

Baskonian izan zenituen taldekideen artean, zeinek harritu zintuen gehien?

Taldekide handi eta oso onekin jokatzeko aukera izan nuen: Joe Arlauckas, Candido Chico Sivilio... Baina Ramon Rivasekin geratzen naiz. Asko disfrutatzen nuen harekin jokatzen, eta taldekide batekin sentipen hori izatea ederra da. Oso ondo ezagutzen genuen elkar, eta saskibaloiaren inguruan antzeko ikuspegia genuen. Biak ginen oldarkorrak, lehiakorrak eta ikuskizuna emateko zaleak.

Nola ikusten duzu orain taldea?

Aurreko denboraldia gogorra izan zen haientzat. Ahalegin handia egin zutelako Gasteizen bertan jokatzen zen Euroligako Lauko Finalera iristeko. Azkenean, ordaindu egin zuten. Pena izan zen ez sailkatzea. Denboraldi honetan, berriro ere taldea dezente aldatu behar izan dute, jokalari garrantzitsuak joan baitira. Gainera, Grangerren eta Stauskasen lesioarekin ez du zorterik izan. Baina, hala ere, denboraldi honetan ere goiko postuetan lehiatzeko gai ikusten ditut, eta hori da nik beti gehien miretsi dudana. Euroligan, adibidez, beste talde askok baino aurrekontu txikiagoa dute, baina beti daude onenen artean egoteko lehian.

Zaleek, gainera, ez dute bestela ulertzen. Zuk Bartzelonan eta Panathinaikosen jokatu zenuen. Gasteizko zaleak beste talde horietako zaleak baino exigenteagoak dira?

Ez, Bartzelonakoek eta Panathinaikosekoek ere asko eskatzen zuten. Dena den, exigentzia hori normala da, taldeak lortutakoaren araberakoa baita. Baskoniako zaleak ohituta daude taldea goian ikustera eta tituluengatik borrokatzera. Horregatik eskatzen dute hainbeste. Naturala da, eta nik uste dut jokalariek eta entrenatzaile taldeak hala sentitzen dutela. Nire garaian ere horrela gertatzen zen.

Joxean Kerejeta presidenteak ere goian jarri izan du galga...

Bai, argi dago. Hala izan behar du, gainera. Goitik horrela egiten dela ikusten bada, exigentzia handitu egiten da, bai jokalarien artean, baita zaleen artean ere. Ni iritsi nintzenean, Baskonia ACB ligako kanporaketetarako sailkatzeko ahaleginetan zegoen, eta ordutik gai izan da onenen artean egoteko eta tituluak lortzeko: Ligak, Espainiako Kopak, Errekopa bat, Euroligako Lauko Final bat... Hori lortu bada, neurri handi batean, Joxean Kerejetak eta haren taldeak klubean ezarritako exigentzia mailarengatik izan da. Horretan ez dut dudarik, eta aitortu egin behar zaio. Kirol emaitzetatik kanpo, gainera, gai izan da kluba beste esparruetan ere hazkundera eramateko.

Zeure burua ikusten duzu noizbait Baskonia entrenatzen?

Aukera izan nuen bertako harrobian lan egiteko, eta oso gustura aritu nintzen. Erabaki hori ez dago nire esku, eta ez da sekula horretarako aukera egon. Baina, egongo balitz, ohore bat izango litzateke, harro egoteko moduko zerbait. Beti daramat Baskonia nire bihotzean. Asko eman zidan, pertsona zein jokalari moduan. Beti egongo naiz zorretan alde horretatik.

Velimir Perasovic taldekide izan zenuen. Zer iritzi duzu Baskonian egiten ari den lanaz?

Velimir tipo zintzoa da, eta, hori, jokalari zenean ez ezik, orain ere erakusten du. Ez ditu aitzakiak jartzen, eta berdin esaten ditu gauza onak eta txarrak. Bestalde, saskibaloia ulertzeko duen modua taldean islatzen ari da. Joko bizia gustatzen zaio, eta defentsan, oldarkorra.

NBAra joango ote zinen zurrumurru asko egon zen. Aukerarik izan zen horretarako?

Aukera txikiren bat egon zen, Panathinaikosen egon nintzenean. Baina belauna oso gaizki nuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.