Sentipen onekin ailegatu dira

Gernika eta Araski elkarren aurka ariko dira gaur, Espainiako Kopako final-laurdenetan. Itziar Ariztimuño eta Tania Perez jokalariek lehia «gogorra eta parekatua» espero dute

Sentipen onekin ailegatu dira.
ainara arratibel gascon
2020ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Lointek Gernika Bizkaiaren eta RPK Araskiren arteko derbiarekin abiatuko da, gaur, Salamancan, Espainiako Kopa. Final-laurdenetako norgehiagokan lehiatuko dira bizkaitarrak eta arabarrak. Ez batzuek, ezta besteek ere, ez dute txapelketako lehen kanporatuak izan nahi. Ligako aurreneko itzulian egindako lan onaren saria da Kopa jokatzea, eta etekina atera nahi diote. «Ilusioz» ailegatu dira Kopara. Hala aitortu dute Gernikako Itziar Ariztimuñok eta Araskiko Tania Perezek. Neurketa «parekatua eta gogorra» espero dute, baina baita ere «gozatzekoa».

Aurreko astean Eurokopatik kanpo geratu zen Gernika, inoiz baino urrutiago iritsi eta gero: final-zortzirenetara. «Oso lan ona egin genuen, eta horrekin geratu behar dugu», uste du Ariztimuñok. Taldea «oso prest» ikusten du Kopari heltzeko. «Bai fisikoki, baita mentalki ere, oso ondo gaude. Kopa txapelketa oso berezia da saskibaloia maite dugunontzat». Iazko Koparekin alderatuz sentipenak oso desberdinak direla berretsi du. «Orduan Williams iritsi berria zen, eta aste batzuk lehenago joan zen Dietrick. Taldean izandako aldaketa horiek ez ziguten mesede egin. Denboraldi honetan ez da halako gorabeherarik izan, eta eskertzen da. Partida oro,jokalariak gero eta hobeto ulertzen dugu elkar, talde joko indartsuagoa dugu. Horretan aurrerapauso bat eman dugu».

Kopan euren urtea izatearekin amesten du. «Baina horretarako ez diogu beldurrik izan behar galtzeari. Partidak oso parekatuta daudenean, askotan gertatu izan zaigu, urduri jarri, eta ohikoak ez diren hutsak egitea, Kale edo baleko txapelketa batean, hori larrutik ordaintzen da».

Gaurko norgehiagoka irabazteko gakoa «jokoaren intentsitatean» egongo dela nabarmendu du. «Bai erasoan zein defentsan gure onena eman beharko dugu, haiek horretara behartzen baitzaituzte. Galdu edo irabazi, Araski beti lehiatzen da ondo, eta zuk egiten ez baduzu, galtzeko aukera handia duzu. Madderen [Urieta entrenatzailea] izaeraren neurrira eraikitako taldea da, eta denboraldi aparta egiten ari da». Intentsitate horri eusteko, berriz, Schakobia Barbeer fitxatzeak mesede egin diela azpimarratu du. «Fisikoki asko eman die, baita ere erasoan. Baina beste funtsezko jokalari batzuk ere baditu: Quevedo, Izaskun, Maria... Oso talde orekatua da».

Baina Araskiren jokoari baino gehiago, beraienari erreparatu behar diotela adierazi du Ariztimuñok. «Erasoan ahalmen handia daukagu, eta, hori baliatzeko,funtsezkoa da defentsan ondo aritzea». Gasteizen jokatu zuten ligako partidan ederki egin zuten hori, eta hemeretzi puntuz nagusitu ziren: 40-59 «Ez genien utzi beraien joko erritmoa ezartzen, eta deseroso aritu ziren. Baina gaurko partidak ez du zerikusirik izango, kanporaketa bat baita. Bi taldeek gehiago arriskatuko dugu».

Joko «biziari» eustera

Araskik ligako azken bi partidak galdu ditu, Campus Prometeren (59-51) eta Perfumeriasen (42-60) aurka. «Batez ere, Prometeren aurkako partidan ez ginen ondo aritu. Huts asko egin genituen, eta defentsan ez ginen nahi bezain gogor aritu. Gainera, batzuetan, arreta galdu genuen. Ezin ditugu halako hutsak egin. Baina porrotak beti dira irakasgai bat», onartu du Perezek.

Berehala erantsi du, gainera,Kopa «beste txapelketa bat» dela: «Gogotsu gaude lehiaketa hau elkarrekin bizitzeko, eta nola ez gaurko partidan azkenera arte lehiatzeko». Ligako arantza kendu nahi dute arabarrek. «Sasoiko partidarik kaskarrenetakoa jokatu genuen etxean. Porrot hura motibazio bat da guretzat».

Garbi du zer egin behar duten garaipena lortzeko. «Halako txapelketa bat hastean, beti izaten da urduritasun pixka bat lehen minutuetan. Hori kontrolatzen jakin behar dugu, eta oso adi egon, ahalik eta baloi gutxiena galtzeko». Horrekin batera, erasoan euren joko «bizi, alai eta bizkorra» egin behar dutela nabarmendu du. «Hori da gure ezaugarri nagusia sasoi honetan, eta eutsi egin behar diogu, hori lortzen badugu irabazteko borrokan egongo baikara».

Talde jokoan dago beraien indarra, Perezen ustez. «Bakarkako jokaldietan oso jokalari indartsuak ditu Gernikak. Uztaipean Milic da haien jokalari erabakigarria, eta kanpoan Dietrick. Gure oinarria, berriz, multzoa da. Ez gaude jokalari zehatz baten ekarpenaren menpe».

Hortzak ondo estutu beharko dituztela ere aurreratu du. «Gernikak oso partida fisikoa egingo du, eta guk gai izan behar dugu horri erantzuteko. Fisikoki taldea ondo dago, eta prest ikusten dut halako lehia bati heltzeko».

Irabazten duenak Perfumerias Avenida-Ensino kanporaketako irabazlea izango du aurkari, larunbatean, finalerdietan. Perfumerias ahaltsua faborito argia da, are gehiago etxean jokatuta. Ariztimuñok eta Perezek argi dute hautagai nagusia dela Kopa irabazteko, Gironarekin batera. «Baina, adibidez, bai guk, baita Araskik ere, irabazi egin diogu Gironari ligan. Beraz, ezustekoak ere gerta daitezke, eta Kopa aukera ona da horretarako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.