Arrauna

Bidegurutze bat itsasoan

Gaur hasiko dira KAE ligak Pasaian, eta hamabi estropada osatu beharko dituzte bost eremutan banatuta. Aurreneko mailan, izen handiko talde ugari elkartuko dira.

San Juan, Arkote, Camargo eta Pedreña, ziaboga ematen, iaz Lekeition, KAE 1 ligako estropadan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Kantauri Arraun Elkarteko bi ligak gaur hasiko dira, Pasaian (Gipuzkoa). Bigarren mailakoan, 11 traineru lehiatuko dira, eta lehen biak igo egingo dira lehenengo mailara. Hortik, azkeneko biak joango dira behera, eta lehen bi sailkatuek izango dute aukera Eusko Label ligako kanporaketa jokatzeko. Hamabina estropada izango dituzte bi ligetan. Gaur erlojuaren aurka ariko dira: bigarren mailakoak 17:00etan, eta lehenengokoak 19:15ean. Lau ziabogako eremuan jardun beharko dute, itsasora atera gabe.

Izen handiko taldeak batuko dira KAE1en: San Pedro eta Astillero Eusko Label ligan ziren iaz, San Juan ere bai duela bi, eta hor arraun egindakoak dira Pedreña, Camargo, Arkote eta Zumaia. Klub historikoen zerrenda osatzeko, Getaria eta Orio B daude. Hamabikoa biribiltzeko Deustu, Getxo eta Donostiarra B daude. Oilar askoren arteko lehia dator, eta arraun munduko ligen artean erdian dagoenez KAE 1a, bidegurutzea izango da: batzuek gora egiteko aukera izango dute, beste hainbat behera jaisteko arriskuan ibiliko dira, eta egongo dira erdibidean geratuko direnak.

COVID-19k bete-betean erasan die arraunlariei prestakuntzan, eta egoera aldrebes horrekin, neguko erreferentziak bakarrik dauzkate taldeetan aurkarien inguruan. Norberarenak, berriz, ondo baino hobeto dakizkite, eta bada talde bat oso indartsu azalduko dena: Pedreña. Joseba Fernandez entrenatzaileak badaki talde ona duela, eta helburuez aritu da: «Klubak ez dit igotzeko helbururik jarri, baina nik neukmugarri hori jarri diot neure buruari, baita arraunlariei ere». Aurkarien inguruan, onartu du ez dituela datu zehatzak, baina bi izen bota ditu faboritoen zerrendan jartzeko: «San Pedro eta Arkote goian ikusten ditut». Beste bi talde ere gehitu dizkie horiei: «San Juanen lan ona egin dezake, eta Deustuk ere badu gaia goian sartzeko, baina koska bat beherago biak ere». Estropada guztiak bost eremutan jokatuko dituzte, eta, bi estropada izan ezik, gaurkoa eta Pasaian bertan uztailaren 26an jokatuko dena, beste guztiak itsasoan dira: «Egokitu egin beharko dugu egutegira, eta asko eskatzen duten eremuak dira itsasokoak. Getaria eta Santanderkoak antzekoak dira, oso teknikoak, eta Castrokoak badu antzik Zarauzkoarekin. Zailtasun txikiena duena, teorian, Getxokoa da».

Pedreñatik San Pedrora begira daudela onartu du Fernandezek, baina pasaitarren entrenatzaile Mikel Arostegik ez du nahi presioaren zama bizkarrean hartu: «Ez dut ukatuko taldea ondo dabilela, baina gure helburua ez da igotzea. Borrokan ibili nahi dugu, goian». Erreferentzia onak dituela kontatu du, baina azkar jarri dio ñabardura bat: «Entrenamenduetan azkar ibiltzea edo ondo joatea askotan gertatzen da. Alboan aurkariak jartzean izaten dira komeriak, eta aurten, ez dut besteen daturik. Horrek ematen dit kezka puntua». Haien berri zehatzik ez eduki arren, bota ditu izen batzuk goian ibil daitezkeenei buruz: «Pedreña, Donostiarra B, San Juan, Arkote, Getaria... Kontrario faltarik ez dugu izango». Gaur ez ditu parean izango, banaka ariko direlako, baina datorren astetik aurrera, itsasoan, ohiko moduan jardungo dute. Estropada ia guztiak itsasoan izateari ez dio aparteko garrantzirik eman, eta gustatzen zaio erlojuaren aurka hastea: «Prestakuntza berezia izan eta gero, hobe banaka hastea, eta ez denak batera».

Orio B, «lokatzetara»

Ez Fernandezek, ezta Arostegik ere ez dute aipatu Orio B aurkari zuzenen artean. Izan ere, ez du ematen handi-handienen lehian murgilduta ibiliko denik Orioko bigarren taldea. Angel Larrañaga entrenatzaileak garbi dauka iaz igo zen arraunlari multzoak zertara atera behar duen: «Gozatzeko esaten diet mutilei, kontuan izateko nolako talde puskak izango ditugun alboan. Lokatzetara goaz, eta hortik ateratzeko, gozatu egin behar dugu». Nabarmendu egin du izen handiko aurkari asko izango dituztela: «Uste dut arraun munduko liga erakargarriena izateko aukera dugula, talde historiko asko daudelako. Oso lehiaketa gogorra izango da».

Eremuen inguruan, gogoeta hau utzi du: «Dagoena dago, eta moldatu egin beharko dugu. Irabazleak ez du irabaziko eremuagatik». Eskari bat ere egin die talde guztiei eta zaleei: «Birusaren egoera orokorra ez da samurra, eta badugu protokolo estu bat betetzeko. Ez dezagun jende askok egindako lana hankaz gora bota. Gure betebeharra da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.