Artistentzako pasabide bat

'Artiatx' izeneko erakusketa eta sorkuntza gunea zabaldu dute Irati Urrestarazu, Oihana Iraguen eta Javier Arbizu artistek Bilboko Zorrotza auzoko lantegi abandonatu batean

Julia Spinola artista, Bilboko Zorrotza auzoko Artiatx espazioan ireki duen erakusketan. DAVID HORNBACK.
Inigo Astiz
2020ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun

Berez, lanerako estudio baten bila zebiltzalako iritsi ziren Bilboko Zorrotzaurre auzoko Artiach fabrika abandonatuko bulego izandakoetara Irati Urrestarazu, Oihane Iraguen eta Javier Arbizu artistak, baina hormari iltzatuta topatutako egur batzuk kendu, eta bi solairuko espazio handi baterako pasabidea aurkitu zuten. «Ali Babaren koba zabaltzea bezala izan zen», gogoratu du Urrestarazuk. Aurkikuntza hura beste sortzaileekin partekatzea erabaki, eta bertan ireki berri dute hiru artistek kudeatutako Artiatx gunea orain. «Erakusketak izango dituzten artistei aukera eman nahi diegu, behintzat hala nahi badute, hemen lan egiteko, eta artisten lan egiteko moduak eta denborak errespetatzea da asmoa». Julia Spinola artistaren Rojamente erakusketarekin abiatu dute proiektua, eta urtean hiru erakusketa inguru antolatzea da haien asmoa.

Hain zuzen ere, erakusketa gunearen eta lan gunearen arteko pasabidea izango da proiektu berriaren nortasun ikur nagusia. Izan ere, Urrestarazuk azaldu duenez, estudioaren eta aretoaren arteko mugak lausotzea da proiektuaren helburua. «Artistak hemen lanean ariko dira erakusketa prestatzen duten bitartean. Normalean, inoiz ez dugu horrela lan egiteko aukerarik izaten, baina hori da modurik onena, eta denek gogoan ibiltzen dute aukera hori».

Berrehun metro koadro inguru ditu aretoaren solairuetako batek, eta 150 inguru bigarrenak. Horregatik, erakusketa gunea handia delako, eta obra asko erakusteko aukera ematen duelako, ibilbide bat egina duten sortzaileekin lan egitea da Urrestarazu, Iraguen eta Arbizuren asmoa. Hasieran, gainera, espazioarekiko sentsibilitate berezia duten sortzaileak gonbidatu nahi izan dituzte gune berrira. «Espazioa bizitzeko hainbat modu aztertu nahi genituen lehen bi erakusketekin, eta horregatik aukeratu dugu Julia Spinolaren lana hasteko».

Eraikina entzutea

Madrilen sortu zen Spinola, 1979an, eta marrazkiak eta eskulturak lantzen ditu nagusiki. Bere lanetan, ordea, arreta berezia eskaini ohi die materialen eta keinuen arteko harremanari, eta hain zuzen ere, ezaugarri horregatik hartu zuten haren izena gogoan Artiatx espazioko arduradunek. Iazko urrian, azaroan eta abenduan egon zen Artiatxeko estudioan, eta orain erakutsiko du orduan egindako lana. «Haren erakusketetan, espazioak eta piezak elkar gurutzatzen dute», azaldu du Urrestarazuk. «Aretoko hormak hezetasunez eta arrastoz beteta daude, urte askoan abandonatuta egon delako, eta horiak guztiak aprobetxatzen ditu Spinolak bere artelanak jartzeko».

Irailaren 18ra arte egongo dira ikusgai haren lanak, eta espazioarekin harreman estua duen beste sortzaile batek hartuko du gero tokia: Abel Paul soinu artistak, hain zuzen. Espazioarekin eta arkitekturarekin jolastuz, erresonantzia kutxa bilakatuko du hark Artiatx. Duela aste batzuk egon zen Zorrotzaurren, eta udazkenean irekiko du erakusketa.

Librea da erakusketetarako sarrera, baina, gunearen kokapena kontuan harturik, aurrez telefonoz deitzeko edo mezu elektronikoa idazteko eskatu dute arduradunek: [email protected] da posta elektronikoa, eta (0034) 688 609 689 telefonoa.

Bestelako arte erakunde eta elkarteekiko kolaborazioak ere landuko dituzte, Urrestarazuk zehaztu duenez, eta, Spinolaren lehen erakusketa da horren froga, Okela lantegiarekin batera antolatu baitute, eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako Eremuak programaren babesa izan baitu. «Aurrerantzean ere lankidetza espazio bat izatea nahi genuke», azaldu du Artiatxeko kideak.

Berez, martxoan aurkeztu nahi zuten proiektua publikoki, baina irekiera atzeratzera behartu ditu koronabirusak. Baina, pandemiaz gainera, bada proiektuaren iraupenean eragin handiagoa izan dezakeen beste elementu bat ere. Izan ere, eraldaketa urbanistiko handia aurreikusi du Bilboko Udalak Artiatx hartzen duen Zorrotzaurre auzorako. Oraingoz, Frank Gehry zubia da eraikita dagoen bakarra, baina, berez, erabateko transformazio baten atarikoa baino ez da elementu hori.

Eszeptizismo giroa

Urrestarazuk aitortu duenez, proiektu horrek aurrera eginez gero, oso litekeena da haiek lekurik gabe gelditzea. «Aurrera badoa botako gaituztela pentsatzen dut». Ez du kezkarik ezkutatu, baina erlatibizatu egin du arriskua. Auzoan proiektuaren inguruko «eszeptizismo handia» dagoela dio Artiatxeko kideak, eta, erdiko epean behintzat, inork ez duela lanak hasiko direnik espero. «Proiektu horrek gainezka egin die, ez du zentzurik, eta ez dakit inoiz benetan egingo duten, baina, edozein moduz, eraikinak badu nolabaiteko babes maila bat ondare industrial izateagatik, eta, berez, proiektu kulturalentzako erreserbatuta egon behar luke». Oraingoz, behintzat, lanean jarraitzea da haien asmoa.

Uztailaren 18an zabaldu zituzten ateak, eta zabalduta segituko dute aurrerantzean Spinolaren erakusketa eta eraikina ikustera joan nahi duten guztientzat. Urrestarazu, Iraguen eta Arbizuren estudiotik sartu beharko dute horretarako, eta handik gurutzatu pasabidea. «1,65 metro baino altuagoak direnek makurtu egin beharko dute, bai», onartu du, barrez, Artiatxeko arduradunak. «Aurrerago handitu egin beharko dugu, seguruenik; batez ere, piezak sartu ahal izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.