Bilboko ez-jaiak

Aste Nahasia bertan behera utzi dute Bilboko Konpartsek

Jende pilaketak eragozteko hartu dute ekitaldirik ez egiteko erabakia, «elkar zaintza» lehenetsiz. Bilboko Udalak ezarritako «inposizio eta oztopoak» salatu dituzte konpartsek

Bilboko Konpartsek jai herrikoien alde uztailaren 18an egindako manifestazioa. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
2020ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
COVID-19aren kasuak igo egindirela eta, Aste Nahasia bertan behera utzi dute Bilboko Konpartsek. «Gaur egungo panorama ikusita, nahiz eta guk gogo handiz eta neurri guztiekin lan egin, ez dugu baliabiderik parte hartuko duen jende guztia lasai egoteko eta ekintzez gozatzeko», azaldu du Ainhoa Riveiro Hau Pittu Hau konpartsako eta Jai Batzordeko kideak.

Bilboko Konpartsek Aste Nahasia antolatu behar zuten Aste Nagusia izan behar zen egunetarako; «ekimen ludiko eta kulturalen egitarau xumea» izango zela azaldu zuten, «modu herrikoian, feministan, euskaldunean, ekologistan eta ahal den parte-hartzaileenean» antolatuko zutela. Baina orain, jendea arriskuan ez jartzeko eta jende pilaketak eragozteko, aho batez hartu dute konpartsek Aste Nahasia ez antolatzearen erabakia. Konpartsek «herri honek irribarrea, ilusioa, esperantza eta festa-desira» behar dutela aldarrikatu dute martxotik, baina «ZIUak bete barik». Horregatik, elkar zaintza lehenetsi dute.

Konpartsen artean «elkarlan izugarria» egon dela nabarmendu du Riveirok; eta esker oneko agertu da parte hartu nahi izan duten artistekin: «Jarrera oso positibo eta arduratsua izan dute aste kulturalean parte hartu nahi izan dutenek, jakinda edozein momentutan gauzak aldatu zitezkeela, eskertzekoa da hori». Azpimarratu du sortzaileentzat zein Aste Nagusian lan egiten duten eragileentzat eta langileentzat ez direla garai onak, eta espero du orain dituzten baliabideak hurrengo hilabeteetan ez murriztea, hurrengo urtean Aste Nagusia ospatu ahal izateko. «Datorren urteari begira, elkarrekin egon behar gara, modu kolektibo batean aurrera egiteko. Ezin dugu ezer gehiago galdu, asko galdu baitugu jada», azaldu du Riveirok.

Nahiz eta bakoitza bere etxean egon, guztiok batzen dituen sentimendua ezin dela galdu dio Riveirok, eta Aste Nagusia ospatu nahi duenak, «errespetuz, buruarekin eta modu osasuntsu batean» ospatu dezala. «Prest egon behar gara hurrengo urterako, indarra behar izango dugulako», dio konpartsakideak.

Ostiral honetan, Bilboko Konpartsek prentsaurrekoa emango dute Arriaga Plazan: «Gure bizipozarekin joango gara, modu alai eta positibo batean, jendeari gure gertutasuna erakusteko», azaldu du Riveirok.

Bilboko Udalak Aste Nagusian ekitaldiak antolatzen dituzten eragileei aurten ezer ez egiteko eskatu die. Konpartsei zuzenean mintzatu zaie, eta jaien egitarau alternatiboa bertan behera uzteko eskatu die, «herritarrenganako errespetu, erantzukizun eta elkartasunagatik». Konpartsen erabakia, hala ere, ez da udalaren eskakizunaren erantzuna izan.

Udalak jarritako inposizioak salatu ditu Riveirok: «Oso informazio gutxi jaso dugu udalarengandik eta bilerak egin nahi izan ditugunean, askotan ez digute kasurik egin». Aste Nahasia ospatzeko, hasiera-hasieratik dena ondo egin nahi izan dutela azaldu du, bide administratibo guztiak erabiliz eta baimenak eskatuz. Hala ere, konpartsek salatu dute jardueretako baimenen inguruko erantzun ofizialik ez dutela jaso oraindik: «Udalarengandik jasotako azken mezuetan, irizpide politikoak nabarmendu dira eta ez teknikoak edo osasun arlokoak».

Riveirok azaldu duenez, krisialdi honetan jaien kriminalizazioa egin da: «Azken hilabeteetan hartu diren erabaki guztiak jai herrikoien aurka izan dira. Bilboren kasuan, badirudi aste zehatz hori bakarrik dela arriskua, eta udalak aste horretako ekintzak bakarrik utzi ditu bertan behera». Izan ere, udalak Bilbo uda egitaraua uda osorako programatuta dauka, baina «arazo bakarra» Aste Nahasia omen dela salatu dute konpartsek: «COVID- 19ak ekimen herrikoiak pribatuak eta instituzionalak desberdinduko balitu bezala, edo aste bat lehenago edo geroago kutsakorragoa balitz moduan».

Konpartsek udalaren jarrera 1980ko Aste Nagusian udalak izan zuen jarrerarekin konparatu dute. Jon Castañares alkateak egin bezala, udalak «inposizioaren bidea» hautatu duela diote, «orain arteko elkarlana irudikatzen zuten guneak deuseztatuz, Bilboko Jai Batzorde Mistoarekin egin duen legez».

51 ekitaldi bost egunetan

«Pandemiak eta krisi ekonomikoak jotako Bilbo alaitzea, entretenitzea eta kultura eskaintzea» zen Aste Nahasiaren helburua. Abuztuaren 22an hasiko zen eta bost egunetan 51 ekitaldi egingo ziren, «osasun-neurri zorrotzenak» erabiliz. Izan ere, egitaraua diseinatzeko, Bilboko Udalaren eta beste erakunde batzuen ekitaldietan erabilitako osasun protokoloetan oinarritu zen konpartsen federazioa. Gainera, gehieneko edukierak 30 eta 100 lagun bitartekoak izango ziren.

Ekitaldiak egiteko bost gune zeuden zehaztuta: Arriaga atzealdea, Arriaga plaza, Areatza, Areatzako estalpea eta Erripa. Besteak beste, bertso saioak, umeen tailerrak, zinema, kontzertu akustikoak... egongo ziren.

Aste Nahasia uztailean aurkeztu zuten Bilboko Konpartsek; eta, jai herrikoien alde mobilizatzeko aprobetxatu zuten aurkezpena. Txosnek hartu ohi duten esparruari buelta eman zioten berrehun manifestari baino gehiagok; gehienek konpartsetako elastikoak eraman zituzten, eta bi ilaretan egin zuten bidea, bi metroko distantzia errespetatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.