Frantziako Tourra

Azken gerri kolpean, azti

Caleb Ewan izan da azkarrena Tourreko 11. etapan, esprintean Sam Bennetti eta Wout van Aerti aurre hartuta. Ion Izagirre erori egin da; lepauztaia hautsi, eta lasterketa utzi du

Azken gerri kolpean, azti.
Mikel O. Iribar.
2020ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Babak eltzetik ateratzen iaioena ez bada, iaioenetarikoa da Caleb Ewan (Lotto). Esprint bideratzailerik gabe tropelaren aurrealdean isil-isilik zirrikituren bat aurkitzen du sarritan, eta, aurkariaren gurpilaren atzean jarrita, indarrak ongi neurtuz, bikain menderatzen ditu ondoan dituenak. Atzo, australiar txikiak altxatu zituen gora bi besoak, bigarrenez aurtengo Frantziako Tourrean. Azkeneko gerri kolpean nagusitu zitzaien Sam Bennetti (Deceuninck) eta Wout van Aerti (Jumbo). Hirugarren postua flandriarrari eman zioten antolatzaileek; izan ere, epaileek Peter Sagan (Bora) lehen tropeleko azken postura bidali zuten, Wan Aerti esprinteko azken metroetan enbarazu egiteagatik. Oilarrek, bestalde, lasai amaitu zuten etapa, eta Primoz Roglicek (Jumbo Visma) jarraitzen du lider.

Frantziako Tourreko 11. etapa Chatelaillonetik hasi eta Poitiersen amaitu zen. 167 kilometro egin behar izan zituzten guztira txirrindulariek, eta ibilbidean laugarren mailako mendatetxo bat igo behar izan zuten. Atzoko etapak, aurrekoak bezalaxe, aurreikusitako gidoia bete zuen; hori bai, ihesaldian txirrindulari bakarra egon zen: Mathieu Ladagnous (Groupama). Marc Madiot taldeko zuzendariak Thibaut Pinotentzat morrontza lanean aritu diren txirrindulariei askatasuna eman diela erakusteko beste irudi bat izan zen. Izan ere, herenegun, haren taldekide Stefan Kung aritu zen ihesean.

Ladagnousek tropelarekiko izan zuen alderik handiena bost minutukoa izan zen, baina 43 kilometro falta zirela ehizatu zuen tropelak. Amaierako zuzengunea iritsi aurretik, ordea, Lukas Poestbelgerrek (Bora) zalaparta sortu zuen tropelean, eta Deceuninckeko Bob Jungels eta Kasper Asgreen haren atzetik joan zitzaizkion, zuloa ixteko asmoz. Poestbelgerrek eta Jungelsek metro batzuk egin zituzten, baina segituan irentsi zituen tropelak.

Azken 500 metroetan talde bakar batek ere ez zuen hartu gidaritza, nahasita baitzihoan tropela. Aukera hori baliatuz, Van Aertek jo zuen lehenengo, bazekielako Ewan eta Bennett garaitzeko bide bakarra hura zuela. Bitartean, Lottoko txirrindulariak, taldekiderik gabe egonda ere, ez zuen burua galdu, eta indarrak asko xahutu gabe Bennetten gurpilean jartzea lortu zuen. Ewanek ongi eutsi zion irlandarraren joaldiari, eta azken metroetan hartu zion aurre. Van Aerti eman zioten hirugarren postua, Saganek zigorra jaso ostean. Aurtengo Tourreko esprintik estuena izan zen.

Kolpea Ion Izagirrerentzat

Ohi bezala, etapako azken kilometroetan liderrek tropelaren buruan kokatu nahi izaten dute, arriskurik ez izateko, eta, tentsioa handitzearekin batera, erorikoak gertatzeko aukerak ere areagotu egiten dira. Bada, Ion Izagirrek (Astana) erorikoa izan zuen etapa amaitzeko 29 kilometro falta zirenean. Buruan kolpea hartu zuen, eta telebistako irudietan lurrean eserita ikusi zitzaion, aurpegitik odola zeriola. Ormaiztegiarra ez zen gai bizikleta gainean jarraitzeko, eta lasterketa utzi behar izan zuen. Astanak ohar batez jakinarazi zuenez, lepauztaia hautsi zuen, eta erietxera eraman zuten. Horrenbestez, bigarrenez erretiratu da Frantziako Tourretik. Lehena, 2017an, itzuliko aurreneko etapan, Dusseldorfen (Alemania).

Esprinterrek Tourreko azken-aurreko aukera izan zuten atzo garaipena lortzeko. Izan ere, Parisera iritsi arte etapa menditsuak eta gorabeheratsuak izango dituzte. Gaur, esaterako, 218 kilometroko etapa bat jokatuko dute; ehiztarietzat zein mendate laburretan ongi moldatzen direnentzat izango da egokia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.