Jolas eta sorkuntza kolektiboa

Antonio Ballesterrek beste 500 lagunekin sortutako lanak bildu ditu Gasteizko Artium museoak. Jolasa eta sorkuntza artistikoa batu dituzte piezak eta horma irudia egiteko

Egurrezko altzariak eta elementuak hartzen dute areto guztia, eta horma alderik alde zeharkatzen du mural erraldoiak. RAUL BOGAJO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2021eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Gasteizko Artium museoko A3 aretoa hiriko edozein plaza izan zitekeen, edo ikastetxe bateko jolastoki bat. Egurrezko altzariak eta elementuak daude bertan: eserlekuak eta mahaik, agertoki formako plataformak, kanpandenda itxurako eraikuntza triangeluarrak... eta dena inguratzen duen koloretako horma irudi erraldoi bat. Izan zitekeen plaza bat, baina, gaur-gaurkoz, elementu horiek guztiak Antonio Ballester artistaren (Madril, 1977) erakusketa osatzen duten piezak dira. Norberak eraikitzea. Pieza solteak. Jolasa eta esperientzia ez baita «ohiko erakusketa bat»; aitzitik, artea, sorkuntza, gogoeta eta pedagogia uztartzen dituen prozesu baten emaitza da. Azarora arte izango dira museoan ikusgai, berriz ere jolaserako tresna eta objektu bilakatu baino lehen.

Plazaratu programaren barruan kokatzen da erakusketa Artiumen, Beatriz Herraez museoko zuzendariak aditzera eman duenez. Epe luzeko gogoeta prozesu bat da programaren muina, zeinak helburua duen museoak ingurunearekin eta gizartearekin daukan harremanari buruz hausnartzea. Konfinamendu garaian ekin zioten lan horri. Zehazki, museoa erdibitzen duen plazaren erabilera izan zuten aztergai; plaza publikoa da, eta egun lorategi handi batek hartzen badu ere, askotariko ekintzak egiteko erabiltzen da. Bada, museoaren arduradunek gune hori baliatu nahi izan dute barrukoa eta kanpokoa lotzeko, artea eta gizartea harremantzeko. «Erakusketa prozesu horretan kokatzen da, eta artearen eta pedagogiaren arteko harremanez elikatzen da», adierazi du Herraezek.

Artearen pedagogia

Hainbat artisten laguntza izan dute horretarako; Ballester bera da horietako bat, hain zuzen. Artistak pedagogiarekin lotutako metodoak erabiltzen ditu bere praktika artistikoan, eta artearen jarduerarekin harremanik ez duten nerabeak zein helduak murgildu ohi ditu bere sortze lanetan. Hala egin du Artiumeko proposamenean ere: Gasteizko Barrutia ikastolako ikasle, irakasle, guraso nahiz langileekin aritu da erakusketarako elementuak sortzen. Ia 400 lagunek parte hartu dute.

Jolasa izan dute elkarlan horren abiapuntua. «Jolasa ez da umeen kontu bat soilik», azpimarratu du artistak. «Nik jolasa hezkuntza eta sormen jarduera gisa ulertzen dut». Eta ideia horretan ardaztu da sorkuntza prozesua, ia urtebetez. Hau da, jolasa ikasketa prozesu gisa baliatu dute parte hartzaileek erakusketarako piezak egiteko. «Guretzako garrantzitsua zen proiektu hezitzaile bat egitea, eta ez soilik jolaserako zerbat. Izan ere, lan artistiko batek ez badu hezten, ez dit ezertarako balio; hala ulertzen dut nire jardun artistikoa».

Horretarako, bada, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan sortutako Do it yourself (egin zuk zeuk) praktika edo ideia baliatu dute. Besteak beste, Enzo Mari diseinatzaile eta artista italiarraren autoprogettazione? eskuliburua eta Simon Nicholson arkitektoaren «pieza solteen teoria» izan dituzte oinarri. Hau da, aurrez sortutako plano eta jarraibideen arabera, eskolako patioan eta beren kabuz sortu dituzte egurrezko objektuak. Gazteenek, «ia-ia mailua heltzeko gai ere ez zirenek», tamaina txikiko piezak sortu dituzte erakusketaren sarreretako batean jarri dituzte ikusgai horiek, eta gainerakoek sortu dituzte altzairiak eta bestelako elementuak, beren beharren arabera egokituz hainbat kasutan.

Hala, erakusketa amaitzen denean, altzariak ikastetxera bueltatuko dituzte, berriz ere jolaserako tresna izan daitezen. Oraingoz, baina, areto bakarrean, sakabanatuta jarri dituzte pieza guztiak, eta beste artista batzuen lanekin elkartu dituzte: hala nola Carme Nogueiraren esperientzia pedagogiko berritzaile bati buruzko grabatuekin, Raphael Escobarren argazki sorta batekin eta Abraham Cruzvillegasen bideoinstalazio batekin. Angel Calvok egin ditu komisario lanak.

Eboluzioaren horma

Barrutia ikastolaz gain, Azpeitiko (Gipuzkoa) Dinamoa sormen gunearekin ere elkarlanean aritu da Ballester, eta bertan egindako serigrafia tailerraren emaitza da aretoa alderik alde zeharkatzen duen horma irudia: 30 metro luze eta lau metro garai da, eta denera 164 laminaz osatua dago. Maiatzaren 4tik 8ra, bost egunetan 30 orduz jardun zuten lanean artistak berak, Calvo komisarioak, Dinamoko kideak, Alaitz Alberdi tailer arduradunak, eta zortzi kolaboratzaileren eskuak eta begiak: azpeitiarrak bi, azkoitiarrak bi, gasteiztarrak bi, zumarragarra bat, bilbotarra bestea.

Zeharo geometrikoa den mosaiko erraldoiak naturaren elementuak iradokitzen ditu, baina batez ere denboraren igaroa: eguzkiaren eta ilargiaren argi irudiak eta zikloak. «Antzekotasunak daude pertsona baten eboluzio naturalaren eta kulturalaren artean, baina urte asko dira elkar banandu genituela. Muralak balio dezake eboluzioa modu arrunt batean ilustratzeko: gauak egunari jarraitzen dion bezala, artean ere patroi batzuk erreproduzitu daitezke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.