Donostiako 82. Musika Hamabostaldia

Lau hormen artean sortutako bidaia

Lucia Lakarra eta Matthew Golding dantzariek 'Fordlandia' ikuskizuna egin dute, iazko itxialdiko bizipenetan oinarrituta. Gaur oholtzaratuko dute Musika Hamabostaldiaren barruan

Lucia Lakarrak eta Matthew Goldingek Fordlandia ikuskizuna aurkeztu zuten atzo. GORKA RUBIO / FOKU.
Ane Delgado Aldabaldetreku.
2021eko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Marseillako Ballet Nazionaleko dantzari moduan aritu zen lehen aldiz Lucia Lakarra (Zumaia, Gipuzkoa, 1975) Donostiako Musika Hamabostaldian,1995ean. Zazpigarren aldia du aurten, eta dantza, musika eta arte bisuala uztartzen dituen ikuskizun bat sortu du Matthew Golding dantzari kanadarrarekin batera: Fordlandia. Ekoizle gisa egin duen lehen lana du Zumaiako artistak. Dortmunden estreinatu zuten proiektua, 2020ko irailean, eta orain, etxean aurkezteko aukerarekin pozik agertu da Lakarra. Gaur igoko dira Viktoria Eugenia antzokiko oholtzara.

Pandemiak eragindako itxialdiak bultzatuta sortu zuten proiektua. Ezohiko egoera abiapuntutzat hartuta, Lakarrak eta Goldingek «ametsezko» ikuskizun bat eraman nahi izan dute aurrera; emaitza bakoitzak bizi izandako egoeraren isla da: «Normalean izaten ez dugun denbora mugagabea izan genuen zerbait prestatzeko. Denboraldi zaila izan zen denontzat, eta bizipen eta sentipen ugari batu ziren egun horietan. Zerbait berezia sortzeko beharra ikusi genuen, eta sentitutako emozio horiek islatzea bilatu dugu lan honetan».

Lakarrak Zumaian igaro zuen itxialdia; Goldingek, berriz, Amsterdamen. Telefonoz komunikatu behar izan ziren hilabete horietan: «Distantziak zailtasunak sortzen ditu, baina guk aukera moduan ikusi genuen. Itxialdiak behartutako urruntze horretatik, berriro elkartzearen ametsa adierazi nahi izan dugu». Ikuskizuna sei dantza piezak osatzen dute, eta, horien arteko trantsizio gisa, Altin Kaftira artista bisualak «leku ikusgarrietan» filmatutako film laburrak baliatu dituzte: Zumaiako flyschean, Herbeheretako baso batean eta Dortmundeko antzoki huts batean. Koreografiari dagokionez, sei piezetatik bost sortu berriak dira. Dantzak hainbat koreograforen laguntzarekin egin dituzte: Anna Hop, Yuri Possokchov, Alexander Pushkin eta Juango Arquez, kasurako. Azken pieza, After the Rain, ikuskizunerako sortu ez den bakarra da. Cristopher Wheeldon koreografo ingelesak sortu zuen, eta normaltasunera bueltatzeko nahia azaltzeko gehitu dute programan.

Izenburuaren berezitasuna

Forlandia Brasilgo udalerri bat izan zen hogeita hamarreko hamarkadan, Tapajos ibaiaren ertzean kokatua. Henry Fordek sortu zuen, kautxuzko zuhaitzaren 20.000 hektarea labore baino gehiago ezartzeko. Hainbat faktorerengatik, landaketa horiek porrot egin zuten, eta, gaur egun, mamu hiri bat da, Amazoniaren bihotzean galduta dagoena. Izenburuari erreferentzia egiten dion pieza Arquezek sortua da, eta Johann Johannssonen musika hartu du oinarritzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.