Artearen lekuak. Okela sormen lantegia

Espazioa antolatzeko ariketa

Lan pertsonalak egiteko tailerra zen lehen, eta artisten topaleku da orain Okela sormen lantegia. Harategi izandako espazioak identitate propioa ematen dio guneari.

Oraingoz hutsik dago Okela sormen lantegia, baina urrian zabalduko ditu berriro ere ateak, erakusketa batekin. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2021eko irailaren 9a
00:00
Entzun
Bilboko San Frantzisko auzoan jendea alde batetik bestera dabil, eguneroko erritmo frenetikoa eten ezinik. Baliteke horietako asko jabetu ez izana gorriz eta zuriz margotutako ateaz, baina, geldialdi bat eginez gero, berehala irakur daitezke letra larriz idatzitako bost hizkiak: Okela. Izenak berak erreferentzia egiten dio lekuari. Izan ere, duela 25 urte inguru San Frantzisko kaleko harategi izandakoa da egun sormen lantegi bilakatu dutena. Eta itxura harategi batena da oraindik ere. Espazioaren egiturak, paretetako harlauza zuriek eta izozkailuak identitate propioa ematen diote guneari, eta sortzaileek ere naturaltasunez hartzen dute eraikinak duen berezko izaera hori.

2014ko apirilean zabaldu zituen ateak Okela sormen lantegiak, harategi izaeratik urrunduta. Lau artista gaztek jarri zuten martxan proiektua: Izaro Gonzalez Ieregik, Miren Jone Ernada Artzelusek, Nora Aurrekoetxea Etxebarriak eta Irati Urrestarazu Zubizarretak. Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean ikasitakoak ziren laurak, eta, Urrestarazuren hitzetan, «beharrizan» baten ondorioz jaio zen egitasmoa: «Ikasketak amaitu berritan, Bilbon ez zegoen sortzaile gazteok gure lanak erakutsi ahal izateko gune askorik, eta, ondorioz, espazio hau gure tailerra izatea nahi genuen».

Hala ere, dimentsioak ikusita, kanpora begirako atea irekita utzi zuten, eta proiektu zabalago bat jarri zuten martxan. «Espazio pribatu izateari utzi eta espazio publiko bihurtu ginen, eta, hasieran gure tailerra eta erakusketa aretoa uztartu nahi bagenituen ere, azkenean Okela proiektua garatzea erabaki genuen», azaldu du. Egun, Urrestarazuk eta Sahatsa Jauregik kudeatzen dute gune artistikoa.

Orduz geroztik, hainbat eta hainbat izan dira beren obrak 180 metro koadroko espazioan erakutsi dituzten artistak. «Tamainaz arraroa da, baina nortasun handia duen gune bat ere bada Okela sormen lantegia», dio Urrestarazuk.

Oraingoz hutsik dago espazio osoa, eta harlauza zuriz betetako hormek ematen dute arretarik handiena. «Horiek egiten dute gunea berezi», dio artistak. Joan den ekainean amaitu zen Nadia Barkate eta Pepo Salazar artisten XXV.AMP Gailua erakusketa, eta, arrastoren bat edo beste ikus badaiteke ere, eraikinean isiltasuna da nagusi: «Iraila aprobetxatzen dugu konponketak egiteko eta urtea pixka bat antolatzeko, eta datorren hilean hasiko gara berriro ere erakusketekin». Hain zuzen ere, urriaren 7an zabalduko ditu berriro ere ateak Bilboko gune artistikoak, XXVI. AMP Ezkutukoa erakusketarekin. Horrekin batera, urriaren 30ean berbaldia egingo dutela aurreratu du. Hurrengo erakusketa, berriz, abenduan izango da, bakarkakoa.

Barrura sartu, eta erakusketa gelarekin egingo du topo bisitariak. Pandemiaren aurretik askotariko hitzaldiak eta ikuskizunak antolatzen zituzten gune horretan, baina osasun krisiak hori ere galarazi du. «Halako egitasmoetan, publiko nahasketa itzela izaten zen; giro interesgarria sortzen zen», esan du penaz Urrestarazuk. Izan ere, auzoko jendeaz gainera, edozein esparrutako jendeak egiten zuen bat gune berean. Publikoak artistek egindako lana ulertzea eta horren inguruan hausnartzea bilatzen zen halako egitasmoen bitartez, eta interes desberdinetako pertsonak leku berean elkartzeko parada ziren: «Arte proposamenak erakusteaz gainera, jendearen topalekua zen Okela, eta pandemiak asko mugatu du hori».

Ezkerretara eginez, berriz, beste erakusketa gela bat dago. Hau ere, hutsik. Eta, haren eskuinean, garai batean hozkailu izandako gune txiki batekin egingo du topo bisitariak. Egun, proiekzio gune bihurtu dute leku hori. «Espazioak ariketa bat egitera behartzen du artista: lekuaren eta erakusketaren arteko elkarrizketa bat izan behar da». Laborategi gisa definitu du sormen lantegia Urrestarazuk, «arriskatzeko espazio bat» bezala.

Bizirik irauteko gogoz

Euskal Herriko arte garaikidearen testuingurua aktibatu eta artista plastiko eta bisualen arteko harremanak sortzeko asmoz eratu zen Okela proiektua. Hala ere, hasiera-hasieratik «zehar lerro batzuk» finkatzea erabaki zuten.«Horietatik nabarmenena emakumearen presentziarena izan zen, baina, egia esan, oso natural atera zen zerbait izan zen». Feminismoa bezala, euskara ere proiektuaren ardatz nagusietako bat da: «Artearen munduan, sarritan, artista euskaldunok gaztelerara moldatu behar izaten dugu, eta garrantzitsua iruditzen zaigu euskaraz aritzeko aukera eta lekua izatea». Bestalde, sormen lantegia ibilbide desberdinetako artisten topaleku izatea ere bada proiektuaren helburuetako bat.

Urte hauetan guztietan, AMP Artisten Meeting Pointak izan dira Okelako «nortasuna eta egitura» definitu dutenak. Talde erakusketa gisa aurkeztu ditu horiek Urrestarazuk: «Ibilbide desberdinetako artistak ideia edo kontzeptu baten bueltan biltzen dituzten erakusketak dira, taldekakoak». Topaketa horietan, gai orokor baten inguruan eztabaidatzen dute artistek, eta, horien bitartez, «esperientzien eta ezagutzen arteko trukea» izaten da. Hala eta guztiz ere, aurrera begira, artista bakarreko erakusketa gehiago egiteko asmoa dutela aurreratu du. «AMPetan artista bakoitzaren erakusgai txiki bat baino ezin daiteke ikusi; hortaz, gogoa genuen artista bati erakusketa guztia emateko eta bere esku hartzea osotasunean ikusteko».

Prekaritatea nagusi den mundu honetan aurrera egiteko gogoz daude Okela sormen lantegiko kideak: «Mundu prekarioa da, baina artea zabaltzen eta herritarrengana hurbiltzen jarraituko dugu». Eta, hain zuzen ere, bizirik irauteko gogo horrek egiten du indartsu Okelako artistek sortutako eta kudeatutako irabazi asmorik gabeko espazioa.

OKELA SORMEN LANTEGIA
Irekiera urtea. 2014.
Lekua. San Frantzisko kalea 11, Bilbo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.