Oreka du jomugan

Defentsan ohiko sendotasuna erakusteaz gain, Athleticek aurrerapauso bat eman du erasoan. Ate aurrean eraginkorra izatea falta zaio Europarako sailkatzeko lehian sartzeko.

Athleticeko jokalariak, besarkatuta, Espanyolen aurkako partidari ekin aurretik. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
haritz gallastegi
2021eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Athleticek Cadizen bisita izango du gaur (21:00, Gol). Ostiral gaua da, eta aurkaria ez da izen handikoa. Baina giro ona espero da San Mameseko harmailetan, futbol gosea pizten ari baita jarraitzaile zuri-gorrien artean. Pandemiak eragindako beldurrei aurre egin izanak eta, batez ere, taldea zelaian erakusten ari den argi printzek eragin dute zaleen itzulera. Jokalariak ikusteko gogoz dago bazkidea.

Erritmo bizian eta zuzen jokatzen duen talde honekin bat egiten ari dira jarraitzaileak. Athleticek eta haren inguruak ezkortasunetik esperantzarako urratsa egin dute. Baina itxuraldaketa ez da erabatekoa izan. Lana biribiltzea falta da. Txapelketaren lehen laurdenean emandako maila luzaroan erakusteko kapaz dela berretsi behar du Athleticek. Baina taldea oinarri sendoa eraikitzen ari dela dirudi. Ez baita kasualitatea Bartzelonaren, Atletico Madrilen, Vila-realen edo Realaren kontra indarrak neurtu eta norgehiagoka guztietan gutxienez aurkariaren beste izan izana: ez du galdu, eta hamabi puntuetatik sei eskuratu ditu. Ilusioa bueltatzen ari da familia zuri-gorrira.

MARCELINO DA ITXURALDAKETAREN GAKOA

Ibaiganek apustu ausarta egin zuen entrenatzailearen alde. Marcelino Garciak talde askotan erakutsi du gaitasuna, baina jakinekoa zen ez zela oso maitatua San Mamesen. Teknikaria hasiera-hasieratik ahalegindu da harmailak bere inguruan duen iritzia alda dezan. Horretarako leku aproposa da prentsa aretoa, eta Marcelinok, mikrofonoaren aurrean jarri den bakoitzean, mezu baikorra igorri du, itxaropentsua. Eskuetan duena lehiakor izateko nahikoa dela esan du etengabe. Athletic Europara eraman dezakeela sinetsita dago, eta ingurua konbentzitzen ari da.

Horretarako, hitzez esandakoa ekintzez ari da erakusten. Kosta egin zaio, baina Athleticen jokoa aberastu egin du. Defentsan sendotasuna galdu gabe, erasoan arriskutsuagoa egin du Athletic. Talde guztiek nahi eta oso gutxik lortzen duten orekara gerturatzen ari da. Defentsaren eta erasoaren arteko oreka, alegia. Joko zuzen eta azkarra baliatuz, kontraerasoan talde zitala izan daiteke. Aukera asko sortzen ari da trantsizio azkarrak baliatuz. Bestalde, kontrarioaren defentsa antolatuta dagoela erasotzea egokitzen zaionean ere hobetu egin du. Zulo gehiago ari da aurkitzen —ea nola moldatzen den gaur, Cadiz haren zain egongo baita—. Halere, taldeari gehien kostatzen zaion arloa da. Joko ikusgarririk egin gabe, arlo askotan ari da hobetzen taldea. Marcelino talde lehiakorra eta fidagarria ari da osatzen.

MUNIAIN ETA VENCEDOR, SORMENA ABERASTUZ

Athleticen gabezia nagusia erasoko jokoan dago. Sormen txikia du, eta gol sen handia duen futbolaririk ez. Joari dagokionez, gabeziak bere horretan jarraitzen du. Ate aurrean eskas ari da Athletic. Golak sartzeko ardura duten futbolariei konfiantza ematea da Marcelino erabiltzen ari den estrategia. Ez dauka beste aukerarik. Errematea landu daiteke, baina gol senak berezkotik asko dauka. Gola, ia beti, erosi egiten da.

Athleticek gol gutxi sartzen ditu —partida bakoitzeko bat—, baina azken urteotan baino askoz aukera gehiago eta garbiagoak ari da sortzen. Arlo horretan hobetu du gehien. Iker Muniainen eta Unai Vencedorren ekarpena funtsezkoa izan da taldeak zelai erditik aurrerako jokoan hobetu dezan. Muniaini askatasuna eman dio entrenatzaileak: ezker hegaletik abiatu arren, zelaiko edozein lekutan jokatzen du, eta horrek aukera asko eman dizkio taldeari. Oso ona da baloia babesten eta lerro artean jokatzen. Athleticentzat ezinbestekoa da. Sasoia hartzea kosta egin zaio, baina, behin hartuta, defentsako eta erasoko jokoaren arteko lotura bihurtu da Vencedorrekin batera.

Hura ere nabarmentzen ari da. Euskarri gaztearen jokoa asko handitu da azken partidetan. Aginte makila hartu du. Gero etagarrantzi handiagoa du zelai erdian, eta taldeak ikaragarri eskertzen du haren lana. Muniain eta Vencedorrez gain, Oihan Sancet ere oso ondo ari da. Fisikoki oso indartsua da, eta erraztasun handia dauka baloia oinetan hartu eta aurkariaren armiarma sarean aurrera egiteko.

TALDEAREN PRESTAKETA ETA SAN MAMESEN INDARRA

Athleticen hazkundearen arrazoi nagusietako bat taldeak duen sasoia da. Datuek diote zuri-gorriak direla txapelketan korrika gehien egiten dutenak. Gainera, erritmo handia jartzen diote lehiari, eta aurkari askok zailtasunak dituzte maila horretan luzaroan irauteko. Beraz, zuri-gorrientzat ezinbestekoa izango da arlo fisikoan txakalaldirik ez izatea.

Athleticek ez du galdu etxetik kanpo, baina Marcelinok San Mames gotorleku bilakatzearen garrantzia aipatu du sarri. Taldeak eta harmailak bat egiten dutenean Athletic lehiakorragoa baita. Zuri-gorriek 200. partida jokatuko dute San Mames berrian gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.