Suizidentzako dorre bat

Isidoro Valcarcel Medina artistaren 31 diseinu jarri dituzte ikusgai Bilboko Azkuna zentroan, 'Arquitecturas prematuras' izenpean. Irailaren 18ra arte bisitatu ahalko dira

Isidoro Valcarcel Medina artista, Azkuna zentroko erakusketan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2022ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Eraikinen planoz beteta dago gela, baina ez dira inoiz eraiki haietan marraztuta daudenak. Eskuz egindako marrazkiak dira, dagozkien soluzio teknikoekin, baina ez ditu arkitekto batek egin, Isidoro Valcarcel Medina artistak baizik (Murcia, Espainia, 1937). Ez dira ohiko eraikinak. Futuristak dira haren diseinuak, baina ez agian, edo bakarrik, alde teknikoarengatik. Kontzeptuak egiten ditu berezi. Suizidentzako dorre bat dago. Bizitzako azken egunak igarotzeko gelak dauzka erabiltzaileentzat, eta goraigotzen direnek belartzara edo espaloira botatzea aukeratu dezakete. Txakurrentzako diskoteka baten planoak daude eskegita. Etxolen kolonia bat. Langabeentzako eraikin bat ere bai. «Goiztiar» deitu zituen Valcarcelek diseinu horiek, mamitzeko eta onartuak izateko beste sasoi eta pentsamolde bat behar zutelako ustean.

Espainiako Arte Plastikoen Sari Nazionala eman zioten Valcarceli 2007an, eta Velazquez saria 2015ean. Arquitecturas prematuras (Arkitektura goiztiarrak) izenpean, 1984. eta 1992. urteen artean ondu zituen 31 lan erakutsiko ditu Azkuna zentroak, BAT espazioan, irailaren 18ra arte. Kristine Guzmanek egin ditu komisario lanak, eta Azkuna zentroak eta Gaztela Leongo Arte Garaikideko Musac museoak ekoitzi dute.

Arkitektura eskolara joan arren, ez da arkitektoa Valcarcel. «Zorionez». Artista kontzeptual bat da. «Diseinua baino gehiago, ideia da garrantzitsua», azaldu du Guzman komisarioak: «31 lan hauek balio arkitektonikoa daukate, baina batez ere ideietan dago haien balioa».

Arkitektura egiteko beste modu bat proposatzen dute bere diseinuek, bestelako hirigintza mota bat. Arlo politiko eta sozialari eragiten dioten eztabaidak ahalbidetzen dituztela azaldu du Fernando Perez Azkuna zentroko zuzendariak: «Arkitekturak beste bizibide batzuk edo espazioen beste erabilera batzuk proposatzeko duen gaitasuna erakusten dute [diseinuek]».

Bide askotatik heldu zen Valcarcel diseinu horietara. Madrilgo hainbat dorretatik jendeak bere buruaz beste egiten zuela ikusita, ekintza «instituzionalizatu» zitekeela pentsatu zuen, eta halaxe sortu zuen Suizidentzako dorrea. Hiri berean, abandonatutako eraikinak ikusita, proposamenak diseinatu zituen horiek aprobetxatzeko; erakundeek kontuan hartzen ez zituzten hutsuneak betetzeko. «Etekin ekonomikorik ematen ez zuten eraikinak ziren, eta horietako batean begiraleku bat diseinatzea erabaki nuen», azaldu du artistak, bi eraikinen arteko egitura batentzat egindako planoa seinalatuz.

Ia ezinezkoak dira bestelako proposamen batzuk. Artistaren ideietako bat zen eskaleei trafiko seinaleak ematea. «Erosketa gurditxoa daramate askok, eta, trafiko seinaleak emanez gero, erabaki ahalko lukete non ipini 'Ibilgailurik ez' kartela, eta bertan pasatu gaua». Beste bat da Leongo (Espainia) Riaño salbatzeko egitura; urpean estali zuten herria 1988an, Espainiako Gobernuaren aginduz, eta Valcarcelek egitura bat diseinatu zuen salbatu ahal izateko. Kono formako estruktura bat, zentral nuklearren tximinien antzekoa, herria zegoen lekutik hasi eta ura geratuko zen mailaraino. Berak ere aitortzen du «burugabekeria» bat izan zela.

Utopiari kritika

Valcarcelen arabera, diseinuon helburua da erakustea arkitekturan «oraindik egin ez den hori» ez dela utopikoa, «goiztiarra» baizik. Hala ere, nabarmendu du diseinuak ez zirela eraginkorrak izan, eta orain zaharkituta daudela. «Goiztiarrak izan ziren beren sasoian, baina orain guztiz arkaikoak dira, hain zuzen ere haietan proposatzen zena ez delako egin, eta, puntu berean gaudenez, bada, orain antzinatiak edo desordukoak dira».

Azkuna zentroan erakusgai dauden 31 diseinu horietatik bakarra mamitu da: familia bakarrarentzako etxea. Harri handien artean eginiko etxebizitza bat da, baina, artistak dioenez, «ez da haiekin lehiatzen». Zenbait puntutan kanpoko arrokek etxearen leihoak estaltzen dituzte ia osorik. «Egin nezakeen dagoen lekutik hogei metrora, baina orduan ez litzateke naturarekin kontaktuan egongo», adierazi du artistak. «Orain benetako landetxe bat da».

Museoen alde egiten du Valcarcelek, baina negozio eredua gaitzesten du. Erakunde «bikainak» dira, artistaren ustez, baina ez lukete sarrera kobratu beharko, ezta bisitariak zenbatu ere, ez baitira erakunde administratiboak, kulturalak baizik. «Zer ardura du bat sartzen bada edo 5.000?». El Museo de la Ruina (Ausiabartzaren museoa) da eredu horri aurre egiteko sortu zuen kontzeptua. Erortzeko eginda dagoen egitura bat da, nahita txarto eraikita dagoena. «Helburua izango litzateke museora joatea eta esatea: 'Ea gaur erortzen den'. Funtsezkoa da ironia edo txantxa hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.