Albistea entzun

Artearen lekuak. Marta Cardenasen 'Karreteak aulki batean'

Paisaia 'pribatuen' jarlekuak

Marta Cardenasen 'Karreteak aulki batean' lana berriki igaro da San Telmoko erakusketa iraunkorrera. Elkarrizketan dago aulkia ardatz duten alboko margolanekin.
Marta Cardenasen <em>Argazki-filmak aulkian</em> (1964) koadroa erdian, San Telmo museoko <em>Euskal Artearen 100 urte</em> aretoan, Donostian.
Marta Cardenasen Argazki-filmak aulkian (1964) koadroa erdian, San Telmo museoko Euskal Artearen 100 urte aretoan, Donostian. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2022ko abuztuak 16 - Donostia

«Guk ere izaten ditugu berritasunak. Jendea ez da hainbeste ohartzen, baina izaten ditugu». Eskailerak igo ahala defendatu du Nerea Izagirre Donostiako San Telmo museoko erakusketa iraunkorreko arduradunak; baietz, euren eremuan ere izaten dela aldiro artelan berriak bisitatzerik, nobedadeak ez direla soilik aldi baterako erakusketetan gertatzen. Egun ona da frogatzeko: kazetariarekin hitzordua jarri duen goiz horretan bertan espero dutelako lan berri bat museoko Euskal Artearen 100 urte aretoan, goiko klaustrora igo, eta ezkerretan hasten den mende beteko ibilbidean. Victoria Malinowskaren Ondarruko bi arrantzale da, eta azken hilabeteetan bultzatu guran ari diren aldaketaren itzulinguruan heldu da hura ere: emakume artisten lanak ezagutaraztea eta horien gaineko eztabaidan eragitea. Izagirre: «Gehitzen ari gara emakume artistak gure bildumetara, gure erakusketa iraunkorrera... baina gehitu nahi ditugu baita ere gure ikerketa ildoetara, eta sakonago ezagutu. Malinowskaren inguruan dakigun apurra Baginen bagara-ren ikerketatik dakigu».

Horra gaurko tekla. Haizea Barcenilla eta Garazi Ansa arte ikerlariek —BERRIAko kritikariak ere badira— gidatutako Baginen, bagara. Emakume artistak: ikusgarritasun(ez)aren logikak erakusketa. Museoaren enkarguz eta bi urteko lanaren ondotik, iragan azaroan aurkeztu zuten, eta urteko eskaintza esanguratsuenetako bat izan zen San Telmon. Dozenaka lan bildu zituzten, baina bereizgarri nagusia ez zen izan soilik emakumezkoen artea bildu izana, ezpada haien lana historikoki ikusezin zerk egin duen bistaratu nahi izan zutela, diziplinan historikoki indarrean egondako sistema baztertzaileak agerian uztea. Gordailutik eta museoaren funtsetatik hartu zituzten lanak, eta, Izagirreren esanetan, urtetako lozorroaren ondotik, argitan dabiltza orain horietako ugari. «Artearen historiografia genero ikuspegitik berrirakurri nahi duten proiektuak hemen-han ari dira ugaritzen. Koadro hauek dezente ari dira bidaiatzen orain».

«Baina, ea, Cardenas», fokuratu du enkontruaren motiboa Izagirrek. 1964. urtean, Donostian jaiotako artista; «bere belaunaldiko beste emakume artista batzuen aldean, nolabaiteko aitortza» eskuratu duena [Donostiako Kubo Kutxak atzera begirakoa eskaini zion 2016an]; aktibo segitzen duena. Haren Karreteak aulki batean (1964) koadroa dute aurrez aurre, eta zaila da, uda sasoiko turistak aleka pasatzen ari direla, hari bakarrik begiratzea, albo bietan dituen lanetan erreparatu gabe. Hala izatea bilatu dute.

Baginen, bagara-n ikusgai jarri ostean heldu dira hirurak erakusketa iraunkorraren parte izatera, duela gutxi, beraz. Hiruretan txikiena eta tonu itzali gehien dituena da Cardenasena, lehen begi kolpean soilena, baina ezaugarri deigarriak izan badituena: elementu nagusia deszentratuta dago ezkerraldera, itzalak ematen dio gorputza, eta bizpahiru karrete dira altzoan dituenak.

«Niri ez dakit, ba, oso ondo zer iradokitzen didan», aitorpena zintzo ordura arte irribarretsu eta isilik egon den Uxue Magrok —praktiketan ari da museoan—. Begira gelditzeko pausa hartuta, hor hasi dira buruak ibili gabeko bideetan galtzen; segundo batzuk halaxe gelditu, eta ostera Izagirreren ahotsa. «Cardenasen beste lan batzuk ere egon ziren erakusketan —Sua eta baso urdina (1989) eta Autoerretratu ebakia (1975), adibidez—, baina hemen bada elementu bat interesatzen zitzaiguna». Alboko koadroak seinalatu ditu, eta bistan gelditu da elementua: aulkia.

San Telmoko eta Gordailuko bildumak aztertzen ari zirela, ezusteko aurkikuntza izan zen ikerlarientzat, natura hil, loreontzi eta erretratu askoren artean, aulki ugari topatzea. Mari Paz Jimenezena da Cardenasenaren ezkerretan dagoena —«ondoko gelan Gaur taldekoak daude, eta haiekin harremana izan zuelako jarri dugu hor, lotura egiteko»—, eta Maria Josefa Kareagarena, berriz, eskuinekoa, hura ere lotura egiten beste aldean duen koadroarekin, irakasle izan zuen Jesus Olasagastirenarekin. Bi belaunalki (1943) Jimenezena; Maria Victoria eta Merche ahizpei margotutako erretratua Kareagarena (1935).

Kategorien hierarkia

«Inork pintatu al ditu Cezannek baino frutaontzi gehiago? Inork Renoirrek baino loreontzi gehiago?». Baginen, bagara-ren katalogoan dator galdera. Haiena, baina, ez zen gutxietsi gai hautaketagatik, emakume askoren lanetan egin zenaz bestera. «Femeninotzat», hots, «bigarren mailakotzat» hartuak izan baitziren haienak maiz. Izagirre: «Zergatik balio du bertsolarien erretratu batek edo portuko irudi batek etxeko eszena batek baino gehiago? Horregatik: historiografia bera aldatzeaz ari gara, ez emakume artisten lanak gehitzeaz soilik».

'KARRETEAK AULKI BATEAN'
Urtea. 1964.
Egilea. Marta Cardenas.
Lekua. Donostiako San Telmo museoa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

<b>Artze anaiak.</b> Txalaparta erakustaldia Iruñeko 1972ko Topaketetan. ©BERRIA

ARTE KONSTELAZIO BAT IRUÑEARI OPARI

Yasmine Khris

Iruñeko 1972ko Arte Topaketen 50. urteurrena ospatuko da aurten, eta orduko oroitzapenak bizirik dituzte batzuek. Xabier Morras margolariak, esaterako, kontrastez beteriko hiriaren irudia ekarri du gogora. Zentsurak, polemikek eta artisten aniztasunak ezaugarritu zuten topaketa.

 ©BERRIA

«72ko topaketen oroitzapena ez da anekdotikoa, baina ia»

Yasmine Khris

Ofizioz idazlea da Andres, baina komisario lanean arituko da aurten, 1972-2022ko Topaketetan. Urriaren 6tik 18ra eginen dira eta 70 jardunaldi baino gehiago antolatzeaz arduratu da.
Walter Salas-Humara (eskuinean), gaur egun The Silos osatzen duen hirukotearekin. ©BERRIA

Musikaren plazera

Mikel Lizarralde

1980ko hamarkadan AEBetan sortutako sustraidun rockaren ordezkari da The Silos, Walter Salas-Humararen proiektua. Bi kontzertu ditu Euskal Herrian egunotan.

Mende erdia bete berri da Alejandra Pizarnik hil zela. ©BERRIA

Zauri diren lerroak

Ainhoa Sarasola

Sufrimendu biziko aldiak eta sormen loraldiak tartekatu ziren Alejandra Pizarnik idazle argentinarraren bizialdi osoan. Beldurrari, maitasunari eta bakardadeari idatzi zien, eta XX. mendeko poema bilduma nabarmenetako bat osatu zuen. 50 urte bete dira hil zenetik.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...