Lurralde magikoa

Martxan da Magialdiaraba, Gasteizko magia jaialdiaren atarikoa. Hamar herritan, tailerrak, hurbileko magia eta ikuskizunak izango dira

Maite Alustiza.
2017ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Nazioarteko magoen topaleku izan ohi da Gasteiz irailean, eta halaxe izango da aurten ere. Irailaren 11tik 17ra egingo dute Magialdia jaialdia; aurretik, ordea, tailerrak, magia gertutik ikusteko aukera eta ikuskizunak izango dira, hiriburutik kanpo, hamar herritan. Atzotik, martxan da Magialdiaraba: Gasteizko agertoki nagusira iritsi arte, hamar geraleku egingo ditu. «Ustekabea eta dibertsioa» ziurtatu dituzte.

Gaur, Done Bikendi Haranak hartuko ditu jarduerak. 18:00etan, liburutegian, magia tailerrak egingo dituzte 7 eta 12 urte arteko haurrentzat. Ordu berean, kalean, hurbileko magiaz gozatzeko aukera egongo da. Magia ikuskizuna, berriz, 20:00etan izango da, gizarte zentroan, Imanol Ituiño magoaren eskutik—gainerako herrietan ere Ituiño ariko da—. Bilbotarrak elementu txikiak baliatu ohi ditu magia egiteko: kubileteak, sokak, bolak, dadoak...

Bihar, Lagranera iritsiko da jaialdia. Tailerrak eta iluntzeko ikuskizuna udalaren balio anitzeko gelan egingo dituzte, gaurkoen ordu berean. Hurbileko magia, berriz, tabernetan.

Igandean, Urizaharran egingo du geldialdia Magialdiarabak: tailerrak eta ikuskizuna 17:00etan izango dira, balio anitzeko gelan; eta gertuko magia, 17:30ean, tabernetan.

Etenik gabe, antzeko egitaraua errepikatuko dute, irailaren 10era arte, honako herri hauetan: Artziniega, Aramaio, Rivabellosa, Trebiñu, Langraiz Oka, Zambrana eta Zurbao.

Magialdiarabak hirugarren urtea du aurten. Arabako Ilusionisten Elkarteak 2015ean antolatu zuen lehenengoz.

Magialdiaraba

Irailaren 10era arte, Arabako hainbat herritan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.