Txapelerako beste bi faborito

Iruñeko Oberenak eta Amurriok aise egin dute aurrera XV. Berria Txapelketan, eta elkarren aurka jokatuko dute final-laurdenetan
Goian, Mata Oberenakoa, gazte mailako aurrelaria, eta, behean, Larrazabal Amurrioko kadete aurrelaria.
Goian, Mata Oberenakoa, gazte mailako aurrelaria, eta, behean, Larrazabal Amurrioko kadete aurrelaria. IÑIGO URIZ / FOKU

Jon Eskudero -

2018ko maiatzak 30
Final-zortzirenetako kanporaketa guztiak jokatu ondoren, XV. Berria Txapelketak ezagun ditu jada Euskal Herriko zortzi pilota elkarte onenak. Final-laurdenetarako sailkatu diren azken bi taldeak Iruñeko Oberena eta Amurrio izan dira, ondo merezita gainditu baitituzte euren kanporaketak. Oberenak Lea Ibarra hartu zuen mendean (2-1), eta Amurriok ere emaitza berarekin irabazi zion Andoaingo Gaztelekuri. Hala, hauek izango dira final-laurdenak: Ilunpe-Erreka, Joko Alai-Tolosa, Lapke-Pagazpe eta Oberena-Amurrio. Asteburu honetan izango dira lehen biak, eta hurrengoan beste biak.

HERNANIN

Oberena 2 - Lea Ibarra 1

Urtero legez, Oberenak lehen kanporaketatik bertatik erakutsi du txapelerako hautagai sendoa dela, nagusitasun osoz garaitu baitzuen Lea Ibarra, igande goizez, Hernanin. Kadeteetan, hasteko, 22-9 irabazi zuten Laso eta Igoa nafarrek Enbeita eta Beitia bizkaitarren aurka. Aurrelaria izanagatik, atzelari postuan aritu zen Igoa, eta begien bistan utzi zuen zergatik den onenetakoa maila horretan. Bikain luzatu zuen pilota ezker eskuin, sendotasuna eman zion bikoteari, eta, Lasoren laguntzarekin, erraz lortu zuen lehen puntua. Bizkaitarren ahalegina alferrikakoa izan zen.

Bigarren puntuak are errazago hartu zuen Iruñerako bidea, Matak eta Ganboak 22-5 menderatu baitzituzten Okamika eta Anitua. GRAVNI txapelketan txapela jantzi berri du Matak, eta erakutsi zuen profesionaletarako jauzia eman dezakeela. Beste erritmo batean aritu zen; era guztietako tantoak egin zituen aurrean. Gainera, Anituari eskuin eskua mindu zitzaion, eta horrek are errazago bihurtu zien partida nafarrei.

Dena erabakia zen nagusien partida hasterako, eta Lea Ibarrak ohorezko puntua eskuratu ahal izan zuen. Ez edonola, gainera. Uriona eta Arrizabalaga bizkaitarrek 22-4 irabazi zieten Canabal eta Cordoni. Gehiago espero zen azken horiengandik, baina tentsio eta gogo falta sumatu zitzaien, eta hori baliatu zuten bizkaitarrek erakustaldia emateko.

ANDOAINEN

Gazteleku 1 - Amurrio 2

Parekatuagoa izan zen Andoaingo Gaztelekuren eta Amurrioren artekoa, azken partidara arte ez baitzen ezer erabaki. Jaialdiari askoz hasiera hobea eman zion Arabako taldeak, kadete mailan 22-7 nagusitu baitziren Larrazabal eta Jimenez Irazu eta Etxeberriaren aurka. Oso faborito ziren garaileak, eta esperotakoa bete zuten. Larrazabalek beste abiadura batean jokatu zuen, eta, gipuzkoarrak duin aritu ziren arren, emaitzak agerian utzi zuen dena.

Gogorra eta polita izan zen gazteen arteko partida, jaialdiko onena. Bi aurrelarirekin jokatu zuen Gaztelekuk, Alberdi eta Osarekin, eta, Euskal Herriko txapeldun diren arren, galanki sufritu behar izan zuten puntua lortzeko. Izan ere, askoz hobeto hasi ziren Alava eta Gonzalez Amurriokoak, eta haizea alde izan zuten ia beti (10- 4, 12-6 eta 15-12). Hortik aurrera, burutsuago jokatu zuten gipuzkoarrek, eta, Osaren sendotasunari eta Alberdiren erremateei esker, kanporaketa berdindu zuen Gaztelekuk (17-22).

Hala, nagusien mailan erabakiko zen guztia. Berdintasuna espero zen, baina lehen tantotik Dorronsoro izan zen nagusi. Amurrioko aurrelariak egun handia izan zuen, aukera bakoitzean tantoa amaitzen baitzuen, eta, Legarretarekin batera, 22-10 garaitu zituen Eskudero eta Usandizaga.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna