Munduko Futbol Kopa

Izarra bere bakardadean

Argentinak irudimenik gabe jokatu zuen Islandiaren aurkako partidan, motel. Erdilariak zuloak topatu ezinik aritu ziren, eta Messi ez zen nahikoa izan.

Leo Messi kezka aurpegiarekin, Islandiaren aurka berdindu ostean. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE.
ainara arratibel gascon
2018ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Messi baloiarekin, eta inguruan Islandiako bost jokalari hura zaintzen. Argentina-Islandia partidak utzitako irudi ikusgarrienetako bat izan zen, eta agerian utzi zuen izarraren bakardadea. Ez zuen baloia nori pasa. Hura ondo zainduta, Argentina hesituta bezala dago, erasoko jokoa sortzeko irtenbiderik, ideiarik eta gaitasunik gabe. Baloia geldo mugituz. Nondik jo jakin gabe. Zelai erdia gidatuko zuen iparrorratzik gabe. Horri atzealdean erakutsitako gabeziak gehitu behar zaizkio. Izan ere, Islandiak atzelarien bizkarrera jaurtitzen zuen baloi bakoitzarekin sufritu egin zuen. Caballero atezaina ere ez zen fin aritu.

Lanziniren irudimenaren falta nabaritu zuten argentinarrek. Hura zen Sampaoliren hasierako 23 hautatuen arten euskarri sortzaile bakarra, Banegarekin batera. Sailkapen fasean erakutsi zuen bera zela aurkarien lerro artean gabeziak topatzeko gai zen bakarrenetakoa, eta Argentinaren jokoari zentzua eta abiadura ematen ziona. Gainera, erasoan bere ekarpena egiten zuen, maiz ailegatzen baitzen aurkariaren areara. Hori Messik baliatzen zuen. Biek ondo elkar ulertzen dute, eta haien artean lotutako jokaldiak erabakigarriak izan ziren sailkapena lortzeko. Lanzinik, ordea, eskuin belauneko lotailu gurutzatua apurtu zuen Munduko Kopa prestatzeko Bartzelonan egindako egonaldian. Hor hasi ziren arazoak Sampaolirentzat, jokoa sortzeko dituzten arazoak areagotu egin baitziren.

Sampaolik Mascherano eta Biglia jarri zituen euskarrian Islandiaren aurkako partidan, sortzen bainoago baloia berreskuratzen eta aurkariaren jokoa zapuzten nabarmendu diren bi jokalari. Norgehiagokaren bezperan, horren inguruan galdetuta, ondorengoa erantzun zuen: «Batzuetan, norberaren gustuak alde batera utzi behar dira, taldeak dituen beharrei erantzuteko».

Baina horren atzean gabezia bat zegoen. Hautatuen artean, euskarri sortzaile bakarra zegoen: Banega. Izan ere, Lanziniren lekua betetzeko, Lamela, Correa edo Perottiri deitu beharrean, Enzo Perezen alde egin zuen, atzera begira gehiago aritzen den jokalariaren alde.

Espero bezala, Mascheranok eta Bigliak arazoak izan zituzten baloia ateratzeko, eta islandiarrek zelai erdian jarritako armiarma sarearen aurrean, lerro artean zuloak topatu ezinik aritu ziren. Haien pase gehienak atzera edo alboetara ziren. Nekez jartzen zuten begirada aurrera.

Banega 52. minutuan zelairatu zuen Sampaolik. Hark irudimen handixeagoa eman zion argentinarren joko motel eta lauari, baina zuloak topatu ezinik segitu zuten. Erditik asmatu ezinik, hegaletara jotzea izan ohi da irtenbidea. Baina hor ere ez zuten sakontasunik lortu. Eskuinetik Salvio eta Mezza ez ziren ia azaldu, are gutxiago ezkerretik Tagliafico eta Di Maria ezkerretik.

Gabezia eta joko geldo hori gehien sufritu eta nabaritu zutenak, hain zuzen ere, Messi eta Aguero izan ziren. Izan ere, eusteko planteamendu hori zelairatuta, haiek sortu eta asmatu zezaketenaren baitan utzi zuen partida. Baina horretarako baloia ailegatu behar zitzaien. Ez zen horrela izan, ordea. Messik behin eta berrizjaitsi behar zuen zelai erdira baloiak jasotzera, eta ordurako Islandiako jokalariak gainean zituen. Soilik hiru falta egin zizkioten neurketa osoan, eta ondo eutsi zioten.

Messiren «zama»

Bartzelonako jokalaria gogotik saiatu zen. 11 erremate egin zituen. 50 urte ziren jokalari batek ez zituela hainbeste erremate egiten Munduko Kopa batean. Baina horietatik zortzi kanpora joan ziren, eta hiru atezainak geratu zituen, tartean penalti bat. Hala Munduko Kopan jokatu dituen azken bost partidetan ez du golik sartu. Ez zituen ohikoak dituen joko bizia eta erritmo aldaketak egin. Hala, partidako minutu askotan urduri, kezkatuta, burumakur eta frustratuta ikusi zitzaion. Jakitun da berak eraman behar duela jokoaren zama. Baina ezin du dena egin. Gainera, Argentinarekin txapelketa handi bat irabazi ez izanaren presioa du.

Gaur multzoko bigarren partidari heldu beharko dio, Kroaziaren aurka. Bi taldeak dira final-zortzirenetara pasatzeko hautagaiak. Baina lehen partidan berdindu eta gero, ezinbestean irabazi behar du. Gainontzean, asko zailduko litzaioke aurrera egitea.

Islandiaren aurka emandako itxura pobrea aldatu nahian, hamaikakoan aldaketak egingo ditu Sampaolik. Azken egunetan probatutakoaren arabera, lau berritasun zelairatuko ditu. Mercadok, Acuñak, Pavonek eta Enzo Perezek jokatuko dute, Rojoren, Bigliaren, Di Mariaren eta Mezaren ordez.

Atzo, partida aurreko agerraldian, Sampaolik presioa kendu nahi izan zion Messiri: «Galtzen dugunean, badirudi bera dela errudun bakarra. Hori ez da bidezkoa. Jokalari bakar bat ez da porrot baten errudun». Gaurko neurketari begira, argi du zein izan behar duen helburua: «Erasoan zulo gehiago topatzen saiatu behar dugu, Leok baliatu ditzan. Baloia azkarrago mugitu behar dugu, aurkarien defentsako lana zailtzeko, eta hain inguratua egon ez dadin». Kroaziaren kalitatea ere goraipatu zuen: «Jokoa abiatu eta sortzeko garaian aukera asko ditu, baita erasoan ere».

Hain zuzen ere, Argentinak zelai erdian irudimena eta sormena falta ditu, eta horixe du Kroaziak, Modrici eta Rakitici esker. Haiek dira taldearen iparrorratza. Lehen partida irabazi eta gero —2-0 gailendu zitzaion Nigeriari—, lasaiago helduko dio gaurko norgehiagokari.

Baina taldean giroa nahasia dago. Izan ere, Nigeriaren aurkako partidan, Kalinicek uko egin zion azken minutuetan zelairatzeari. Hala, Dalic hautatzaileak egonalditik kanporatu zuen. Litekeena da gaur Vida atzealdearen erditik ezker hegalera pasatzea. Hala eginez gero, erdiko atzelariak Corluka eta Lovren izango lirateke. Zelai erdia indartzeko Kovacic atera dezake. Messiri zuloak ez uztea da haien xedea.

ARGENTINA-KROAZIA

Argentina. Caballero; Otamendi, Mercado, Tagliafico, Acuña; Mascherano, Salvio, Meza, Pavon;Messi eta Aguero.

Kroazia. Subasic; Vrsaljko, Lovren, Corluka, Vida; Badelj, Rebic, Modric, Rakitic, Perisic; eta Mandzukic.

Epailea. Ravshan Irmatov (Uzbekistan).

Estadioa. Nizhny Novgorod estadioa (45.000 ikusle).

Ordua. 20:00etan (Telecinco eta TF1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.