Sanjoandolozak Bakion

Hitzekin festa girotuz

Jesus Olazar hizlaria izango da Bakioko San Joan Doloz jaietako pregoilaria. Ospakizunek ez dute etenik izango igandera arte
Jesus Olazarrek suziria jaurtiko du iluntzean.
Jesus Olazarrek suziria jaurtiko du iluntzean. JUNE PRIETO / FOKU

Naia Begiristain Etxezarreta -

2018ko abuztuak 28
«Gaur egungo gazteak gauerdian joaten dira parrandara. Gu, ordea, gauerdian itzultzen ginen etxera», adierazi du Jesus Olazar hizlariak. Bakion (Bizkaia) jaio zen 1930eko hamarkadaren amaieran, eta azken urteetan gertutik ikusi du San Joan Doloz jaien bilakaera. Aurten, jaiak hasiko dituen pregoilaria izango da. Idi probetan, festetan... Urte askoan ibili da Olazar hizlari lanetan. Horregatik, ez du «urduritasunik» sentitzen festak hasteko: «80 urtean, hainbat esperientzia bizi izan ditut». Gaur hasiko dira festak, eta igandean amaitu. Txupinazoa 20:30ean botako dute, udaletxean, eta bertan izango da Olazar, unea girotzen. Adierazi du pregoia «pixka bat» prestatu duela, baina «inprobisaziora» joko duela: «Inguruan ikusten dudanaren neurrira hitz egitea gustatzen zait».

Igandera arte, hainbat ekintza antolatu dituzte Bakion. Izan ere, jai giroak etenik ez izateko moduko egitaraua prestatu dute. Ekitaldirik pisutsuenak kirolarekin eta gastronomiarekin lotuta egongo dira oro har: esaterako, Bakioko Tomate lehiaketak eta 10. herri miliak bilduko dute jende gehien.

Bakea eta harmonia jaietan

Haurrak, gazteak, helduak... 2015 baino lehenago jaiotako edonork egin dezake korrika biharko antolatu duten herri milian: guztira, 500 pertsona inguru bilduko dira. Olazarren hitzetan, «herritar guztiek» hartzen dute parte lasterketan: «90 urteko jendea ere ibili izan da!». Haurren probak 11:30ean hasiko dira, eta helduena, aldiz, 12:30ean izango da.

Tomate lehiaketa, ordea, etzi egingo dute: Bakioko tomaterik onenen bila ariko dira herriko frontoian, 13:00etatik aurrera. Parte hartzaile bakoitzak gehienez hiru tomate aurkeztu ahalko ditu. Kolorea, tamaina, azal fina edo lodia duen... Tomateen artean «desberdintasun itzelak» egoten dira, Olazarren iritziz. Pregoilariak nabarmendu du, ordea, itxura «gutxienekoa» dela tomaterik onena aukeratzeko: «Garrantzitsuena zaporea da».

Kirol eta gastronomia arloetako lehiaketez gain, hainbat ekitaldi antolatu dituzte jaien egitarauan. Olazarrentzat, esaterako, Eneperi eguna —aurten ostirala— izaten da festetako ederrena: «Urizarretako zelaietan biltzen gara, eta paella lehiaketa egiten dugu. Iluntzean, Bakiora itzuli eta zezensuzkoaren emanaldia ikusten dugu». Gastronomia alde batera utzi, eta musikak hartuko du nagusitasuna iraileko lehenengo egunean; izan ere, musika emanaldiak izango dira Zubiaurrealdean 22:00etatik aurrera: kontzertuak emango dituzte Basherri Soun Systemek, Titaniansek, Lovatok eta Kenna 1-ek.

Olazar «gogotsu» dago San Joan Doloz jaiei hasiera emateko; hala ere, «motibazioaren gainetik», festetan garrantzitsuena «lasaitasuna» mantentzea dela adierazi du: «Egon daitezela jaietan bakea, osasuna eta armonia».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna