Donostiako 66. Zinemaldia. Zuzendari Berriak

Aldaketarako aukera hotz bat

Ines Barrionuevo zinemagile argentinarrak 'Julia y el Zorro' filma aurkeztu du Zinemaldiko Zuzendari Berrien sailean. Doluan dagoen Julia aktorearen identitate krisiaz ari da

Umbra Colombok Juliaren rola egiten du peikulan eta Ines Barrionuevo da filmaren zuzendaria. GOTZON ARANBURU / FOKU.
Maider Galardi
Donostia
2018ko irailaren 27a
00:00
Entzun
«Dolu egin duenak ongi ulertuko duen film bat da», hala laburbildu du Umbra Colombo Julia y el zorro (Julia eta azeria) filmeko protagonistak pelikularen funtsa. Horretaz ari baita Ines Barrionuevoren lana: doluak eragindako minaz, berriz hastearen beharraz eta sentimenduak azaleratzeko ezintasunaz. Argentinako Cordoba hiriaren kanpoaldeko herrixka batean girotu du istorioa, eta ama-alaba batzuen arteko harreman hotza da kontaketaren ardatza. Donostiako 66. Zinemaldiko Zuzendari Berrien sailean aurkeztu du filma.

Julia arrakasta handiko aktore eta dantzaria izandakoa da. Orain denbora bat senarra hil zaio, ordea, eta erabakiko du bolada batez bere alaba Emmarekin (Victoria Castelo) hiritik kanpo duten etxe handira bizitzera joatea. Bertan ez da eroso sentituko. Hotz da etxean, hilberriaren itzala pisutsua zaio oraindik, eta alabarekin duen harremana gero eta tenkatuagoa dago. Ez du bere burua 12 urteko alaban islatua ikusten, eta Julia berri baten bila ari da etengabe, aurrekoarekin hautsi nahian. Halako batean, Gaspar azalduko da (Pablo Limarzi), Juliaren antzerkikide ohia, eta obra berri batean parte hartzea eskainiko dio. Une horretan, Juliak are premia handiagoa sentituko du ordura artekoa deseraiki eta identitate berri bat eraikitzeko.

«Posible da inork esatea Juliak ez duela enpatiarik sortzen», azaldu du Colombok. Izan ere, ez du bere alabarekiko maitasunik adierazten, ez du besteak zaintzeko konpromisorik, eta hartutako erabakiak ez ditu inoiz amaierara eramaten. «Uste dut, ordea, hori esaten duenak ez duela ulertzen ongi pertsonaiaren funtsa: Juliak egoera latz bat pasatu du, eta eraberritu egin behar du», ohartarazi du aktoreak.

Pertsonaiak, ordea, izoztu egiten dira denboran: ez dira lehen zirenak, baina ez dute oraindik identitate berri bat eratu. Hala berretsi du Barrionuevok: «Ez doaz ez aurrera eta ez atzera; aurrekoarekin hautsi nahi dute, baina goizegi da azalberritzeko». Juliak badu Colombotik apur bat, eta horregatik sentitzen du hain gertuko pertsonaia.

Zuzendariak ere azaldu du biografikoa dela pelikula, neurri batean, behintzat: «Gertatzen zaizkidanak eta inguruan ikusten ditudanak jasotzen ditut, eta ondoren ematen diot film itxura. Beraz, argi dago elementu biografiko nabarmenak dituela honek ere». Bigarren film luzea du hau, eta aurrekoarekin, Atlantida-rekin (2014) ere egin zuen antzeko ariketa. Xede bera lortu nahi du: «Hori da interesgarria iruditzen zaidana, zinema intimistagoa egitea, gogoetarako aitzakia ematen duena, eta deseroso sentiarazten zaituena. Entretenitzeko filmak ez daude gaizki, baina nik behar dut pelikulek atzean lanketa bat dutela ikustea, konprenitzeko konplikatuagoak izatea».

Egin du bigarrenez nerabeekin lan egiteko apustu hori ere: «Oso pertsona deigarriak iruditzen zaizkit, eta zinemarako joko handia ematen dute. Kasu honetan, Emma oso zentzuduna da, baina, era berean, helduak esatera ausartzen ez diren gauzak esaten ditu». Xalotasun horrekin parez pare, Julia pertsonaia hotza da, eta ez ditu bere sentimenduak erraz adierazten: «Min horiek min pribatutzat ditugu, kosta egiten zaigu kontatzea. Eta uste dut hori interesatzen zaidala, alde ilun hori», azaldu du Colombok. Ez hori bakarrik. Pelikulak egiten du aktoreen bizitzaren inguruko gogoeta ere, eta hor sentitu du gertutasun bat: «Ni ere aktorea naiz, eta Juliak ondo irudikatzen du aktore baten dekadentzia edo alde ezkutua».

Oro har, «kaos» bat da Julia protagonista, Barrionuevoren ustez, eta, horregatik, beharrezkoa iruditu zitzaion filmaren amaiera ere irekita uztea: «Azkenean, publikoak ez du jakingozein erabaki hartu duen Juliak. Ezta Emmarekin eta Gasparrekin zer gertatu den ere». Barrionuevok esan du nolabait «amaiera moralik» gabeko ipuin bat kontatu nahi izan duela: «Neure buruari galdetu nion: egingo banu amaieran ondorio argirik ez duen pelikula bat? Hori ere interesgarria da».

Dolua gogoetarako aitzakia

Amaiera moralik ez, baina Julia y el zorro-k badu doluaz harago gogoeta egiteko intentzioa ere: «Dolua da zinemako gai nagusietako bat. Gai gailena da, baina nik hori erabili nahi nuen funtsean beste gauza batzuen inguruan hitz egiteko», ohartarazi du zinemagileak. Amatasuna, feminitate eredu berriak, identitatearen deseraikuntza eta sortzea... Hori ere landu nahi izan du zinemagileak filmaren bitarteaz. Areago, filmari izenburua ematen dion azeriaren figurak ematen dio jokoa gai horietan gehiago sakontzeko: «Karga sinboliko handia du azeriak. Ausardia adierazten du, baita maskulinitatea ere. Juliak azeriarekin duen hitzik gabeko harreman horrekin irudikatu nahi nuen bazuela aldaketarako grina».

Atlantida-rekin arrakasta lortu zuen Barrionuevok: besteak beste, Berlinalen aurkeztu baitzuen filma. Oraingoan, berriz, Zuzendari Berrien atalean ari da lehian. Ez da egin duen lehen lan luzea, baina sailaren berezitasunak nabarmendu ditu:«Uste dut aurten gauden zuzendariak, agian, ez garela hasiberriak, baina bereizten gaitu zerbaitek: zinema egiteko eta ulertzeko modu diferente bat dugu, akaso». Berak ere, jarri nahi izan du alea; emozionalki hotza den filma gogoetarako bide izan dadin nahi du, eta gai pisutsuak hezur-mamitzeko apustua egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.